20. Otsail Ostegunak

Quand :
11/02/2016 @ 19:30 – 22:00
2016-02-11T19:30:00+00:00
2016-02-11T22:00:00+00:00
Où :
Donapaleun
64120 Saint-Palais
France

http://zabalik-amikuze.com/2016ko-otsail-ostegunak-hogoigarrenak/

2016ko Otsail ostegunak, hogoigarrenak…

Eta bai! Aurten 20 urte Otsail ostegunak eskaintzen ditugula euskaraz gogoeta, irri, … bizi nahi duteneri.
Aurtengo lau mintzaldiak, sekula ez eta, hari gorri bat badu, hizkuntzarena demagun, edo kasik. Gai bakotxak beste ainitz kilikatzen baititu, eta marrazten duten ortzemugak beste paisaia batzuri idekitzen baitira hurbildu ahala. Ekzitantea ez ?

Hona egitaraua :

Otsailaren 4a : Amiküzeko eskuararen berezitasunak

Iñaki Kamino, EHUko erakasle, filologia ikerlariak, euskalki ainitz estudiatuak ditu, Baxenabarreko, Xibero, Iruñerriko edo Aezkoakoa, besteak beste.

2006an jadanik, Iñaki Kamino Otsail Ostegunetan errezebitu ginuen ber gaiarekin, 10 urte zirelarik jada ikerketa hori hasia zuela. 10 urte berantago, bere ikerketa lana burutua du eta datozen hilabeteetan liburu gotor batean agertu behar luke. Horgo testuetan barna, berak elkarrizketatu amikuztar jende andanaren 20 testu agertuko dira, diren bezala, jatorrizko fonetikan. Testuek berek, iraganeko kontuak agertzeko interesa badute, euskalkiaren aldetik dute interesa lan huntan, erakusten baitute nola mintzo giren/ginen Amikuzen ez hain aspaldi arte.

Entzun hemen lekukotasun audio sesigarri hau : http://www.ahotsak.eus/amorotze-zokotze/pasarteak/zok-001-001/

Artetik erraiteko, batua vs euskalkia debate faltsuan ohartzen gira euskalkiak galdu lekua batu batek ordezkatzen badu, frantses batua dela hori.

Dena den, Amiküzeko euskalki propirorik badea ? Ala inguratzen duten euskalkien influentziak ekarri elementuen nahasketa batek du horgo euskalkia berezia egiten ? Bistakoa da mugak ez direla garbiak, eta Xiberuko, Oztibarreko, Hazparnek’aldeko influentziek aberasten dutela. Baina ez ote da beste berezitasunik ? Eta, zertan dira etendura animale hortarik landa euskaldun jarraiki nahi dugun horientzat, baliagarri oraino ?

Otsailaren 11a : Gure buru-muinak zapalkuntza pean moldaturik

Naroa Anabitarte, Neurozientzietan doktore eta Antropologian lizentziatua, ikerketa baten burutzen ari da, bi disziplina horietako jakintzak uztartuz : gure buru-muinek ze bilakaera izaten duten gure herriak bizi duen kasu partikularrean bezalako egoeretan ? Donostiar erakasleak xekatzen duena, da ulertzea, indibiduo gisa baina ere talde gisa ditugun portaerak nola esplikatzen diren buru-muinaren azterketa kimiko eta biologikoaren haritik, eta nolaz ez, psikologia aldetik.

Kultur ordezkapena, hizkuntz diglosia, …, tasun gisa saldu eta keria bezala bizi ditugun hainbat patu jasan behar dituzte talde azpiratuek, izan arraza, sexua, klase pertenentzia, edo dena delakoa beren duintasun ukazioaren estakurua.

Egoerari nolabait adaptatzen gira, denboraren joanean, eta garunak bizi dituen aldaketa eta prozesuak dira izanen gaualdi hortako solasa. Inposatu ere ez da egin beharrik undarrean, adaptazioaren adaptazioaz, gure buru-muinak berak gidatzen baigaitu « behar » den bidetik…

Ikusten duzun bezala, gai pizua eta nolazbait idorra ere dugu hau. Gure ustea da, bizi dugunaren ulertzeak, luneta parea aldatzen lagunduko digula, eta araiz, bestela pentsatu eta egiteko lokia emanen. Buru-muinari buelta emaiteraino agian.

Otsailaren 18a : Bi idazle gazteen mintzoa gaurko EHn

Duela urte bat Katixa Dolharek Biribilgune elaberria publikatzen zuen (Elkar). Igan larrazkenean aldiz, Bea Salaberrik Baionak ez daki narrazio laburrren bilduma liburua agertu du (Susa).

Bakoitzak bere moldean, beren ikusmoldeak, bizitzaren on gaitzen berri, mundu ikuskera propioak garatzen dituzte. Munduak agertzen dira, urrunekoak eta hemengoak, ahantzi barne-munduak, beren alde ilun ala gozoekin. Bakoitzak bere moldea izanik ere, bien pertsonaiek eta liburuko narratzaileak, ihes eginen dute, baina itzuliko ere, ihardoki nahiz, barne-ezinei itzulia ematera entseatuz…

Gaualdi hortan berek esplikatuko daukute beren obra, beren bulkadaren funtsa, nolako ideiak troxatu nahi izan dituzten. Artetik, testu irakurketen bidez ilustratuko digute beren proposa.

Literaturak, behargabekoa izaiteaz bestalde, hori ekartzen baitu berekin, irakurtzera ausartzen denari, beste batek bere muinaren muinatik idatziak, norberaren muinaren deskubritzen laguntzea orrialdez-orrialde, abenturaz-abentura…

Otsailaren 25a : Sutondoko kontuak

Lehen kolpean, “soziolinguistika”, hórrela erranik, zientzia urrun eta konplikatua emaiten du. Estatistikak, garapen planak, power-pointak, grafiko eta guzi, … gauza ez irringarri bat dela sumatzen dugu fite.

Txerra Rodriguez, soziolinguista eta EMUN enpresako aholkularia da, Derioko Tximintx euskara elkarteko kidea ere. Soziolinguistikaz bestelako ikuspegi bat dauka. Makro eta mikro-soziolinguistika bereizten ditu, eta bigarrenaren alde egiten brauki. Mikro-soziolinguitika edo soziolinguistika domestikoa ere aipatzen du, erran nahi du, egun guziz, eta egun guzietako memento guzietan hortan ari girela, jakin gabe ari girela delako Jourdain jaunaren gisa.

Zer egiten dugu egunero ? Zer ez dugu egiten ? Zer egin dezakegu ? Eta hari horri tiraka ze jarrera, pratika proaktibo, probokatibo, … plantatu ahal ditugu. «Euskalgintzari bestelako poztasun bat» falta zaiola iruditzen zaio. Nola egin hori ? « Etorkizunaren mezu izanik !».

Txerra Rodriguezek « Sutondoko kontuak » liburua argitaratu berri du, zointan hizkuntzaren kontu domestikoez ari den xehean-xehe. Mintzaldi huntan bere ideiak agertuko dauzkigu, eta parada izanen da ikusteko gure artean ze oihartzun duten. Bilbotik Amikuzera, egoera desberdina izanik, ikustekoa da nola jokatu behar dugun hemen ere, eta orain.

Laisser un commentaire

Votre adresse e-mail ne sera pas publiée. Les champs obligatoires sont indiqués avec *