70 urtez bakean

PrintFriendly and PDF
Jean-Louis Davant
Jean-Louis Davant
Enseignant agricole à la retraite, écrivain, membre de l'Académie de la Langue Basque, co-fondateur d'Enbata et d'EHAS.
D'autres articles

70urteMunduko bigarren gerla duela 70 urte bukatu zen azkenean, 60 miliun hil utziz, Europako herrialdeak eta Japonia lurrean, beste zenbat makur bazter guzietan… Hamar urteak nituen, eta izigarriko oroitzapen ederrak atxiki ditut 1945eko memento haiez. Presonerak itzuli ziren, eta gazterian alimaleko eguzki jaikitze bat bezala zartatu zen, sei urtez jairik gabe egona baitzen.

Gure  aldetik haurrek ez genuen sekula musikarik entzun, eta den mendren soinuak xoratzen gintuen. Kermezek eta herrietako lehen “eliza bestek” ezin asmatuzko arrakasta ukan zuten, familienak ere baitziren, adin guziak juntatuz.

Haatik 1945eko bedatse loriosa laster joan zen, uda ederra halaber. Gerlaren ondorio latzek aldiz iraun zuten : bereziki ekonomia lurra baino apalago zegoen. Hitlerrek Frantzia arpillatua zuen, bere peko erresumak oro bezala ; aliatuen bonbek hiri, portu, zubi, lantegi, trenbideak xehatuak zituzten ; zutik iraun zuten eraikin eta tresna guziak sei urtez xahartuak eta higatuak zeuden…

Hots izigarriko indarka egin behar zen leize horretarik jalgitzeko : horren seinale, ogi txarra zenbait urtez, dena ere xuhur. Egoera beltz horren onune bakarra: lan zerbait bazela denentzat. Estatuak parte handia hartu zuen ekonomiaren eraikitzean eta berritzean. Horretarako beretu eta bete zituen CNR (Conseil National de la Résistance) delako biltzarraren xedeak : energia eta erregai iturriak nazionalizatu zituen (argindarra eta ikaztegiak), halaber trenbideak, banka handiak, Renault lantegia, eta abar… Bost urtetako planen arartez, ekonomiako bide nagusiak ireki zituen. Segurantza soziala antolatu zuen, eta hau oraino hor dugu : agian  iraunen digu.

Baina beste puntuak gobernuek desegiten dituzte geroago eta gehiago : bost urtetako planik ez dago aspaldian, nazionalizatu zituzten ekoizkin iturriak jabe pribatuei salduak dira, hots berriz osoki nagusitzen ari zaigu liberalismo itsu bat, eta beraz urratzen CNR delakoak josi zigun jantzi soziala.

Gerla ondoa beste gerla batzuez bukatu zen, eta Frantzia koloniarik gabe gelditu.

Lehen biak hemendik urrun gertatu ziren, Indoxinakoa (1946-1954) eta Koreakoa (1950-1953) ; jendeak ez zien kasu handirik egin, eguneroko biziarekin zer egina baitzuen. Hirugarrena hurbilago piztu zen 1954an, Aljeriakoa, eta horretara deituak izan ginen soldaduzka egin behar genuen mutil gazte guziak. Hor burutu zen, nik uste, bigarren munduko gerla ondoa. Artean sortua zen gerla hotza, erresuma gorrien eta xurien arteko kexaldi luzea. Baina Villon poetak galdegiten zuen bezala, “non daude lehengo elurrak” ? Haien ondotik urtzen ari zaizkigu, gorago aipatu  bezala, CNR delakoak ekarri zizkigun abantaila sozialak. Dolutan ez sartzeko, 1945eko erreformen ondorio baikor eta iraunkor bat aipa dezagun : lege berri batek andreak herritar oso (citoyennes à part entière) egin zituen Frantziako Errepublikan : lehentze bozkatu zuten bedatse hartan, herrietako bozketetan, gerla arras burutu baino lehen. Aitzineko urtean, 1944an, de Gaulle gobernuburuak hortako behar zen ordonantza sinatu zuen, CNRak aholkatzen zion bezala.

Beste ondorio baikor eta iraunkor bat : Frantziako eta Alemaniako gobernuak elkarrekin Europako Batasunari buruz abiatu ziren laster, eta horri esker bakean bizi gara inguruko erresumekin, hain luzaz etsai egon  ondoren. Etsenplu ona munduko beste parte askorentzat : hainbeste gerla pizten da bazterretan, jende xeheak bakearen beharra balukeelarik, inork ere baino gehiago, eguneroko artoa, irrisa, ogiaren biltzeko. Horrek ez du baztertzen Europaren norabide hobe baten behar latza : Greziari egiten dion laguntza dorpea ez dabil aita fundatzaileek asmatu zuten bide baketsutik, ezin da gutiago erran.