Abertzale izaitea gaur egun

PrintFriendly and PDF
Patxi Iriart

Patxi IRIART

Abertzale izaitea, atzo gaur bezala, bizi errealitate baten irakurketaren parean posizionatzea edo jarrera baten hartzea da. Jarrera politikoa halabainan. Abertzale hitza bera, aberri eta zale hitzen baturatik dator, aberri hitza bera Sabino Aranaren neologismo batetik, gaur egun arrunt lexikalizatua baldin bada ere. Herentzia ere bada orduan.

Aberria maite duena ala aberriaren aldekoa dena da beraz abertzalea. Patriota lioke, aberri hitzak, mamian zer duen barneratzeko beste hizkuntza batetik pasa behar lukenak. Nazionalista bestela. Nazionalista bai, bainan nazionalismo zapaltzailea eta askapen nazionalismoa molde trinkoan bereizita; gurea (nerea) zapalketari bekoz beko eman beharreko erantzunan oinarritua besterik ez delarik, askatasun premiak legitimaturik. Lagun zonbaiten ahotik entzunik, independentzia lortuko dugun egunean nazionalistak izaitetik internazionalistak izaitera pasatuko gira. Oraino hortan ez bagira ere, uste dut deia hala girela, askapen nazionalismoarekin bateragarria delako internazionalismoa. Hau, abertzalea bere definizio zabalean zer ez den argitzeko.

Euskara, pentsaketa ororen iturri bilakaraz

Patria ala nazio, aberria aberri. Garrantzitsua ere bada hizkuntza propioan izendatzeko gai izaitea. Nor delako bere burua izendatzeko gai dena. Autodenominazioaz eleka arizan ginen 2013ko Aberri Eguna kari Itsasun Amets Arzallusek egin hitzaldia entzun ginuenak. Sarean atxemanen du interesik duenak. Abertzaletasunak ez omen du orain arte behar bazain serioski hartu euskararen gaia. Hala neurturik soilik motz geldituko gira: Euskararena gai politikoa izanik ere (hizkuntza politika, erabilpenaren zabaltzea…), euskarak izan behar du funtsa. Pentsaketa ala sormen intelektual prozesu ororen abiapundu eta iturri izan behar du. Desio dugun gizartea pentsatzeko eta eraikitzeko neurrira egina delako euskara, gure hizkuntza, beste hizkuntzen heinean.

Aberriari aspektu kulturala ukatuko diogun mementotik instrumentu politiko antzu bilakatuko da aldarrikapen instituzionala, instituzioa tresna besterik ez delako, alferrikakoa beraz zer jorratu ez badu.

Ikurriña-PatxiIriart

Nor gira eta zer nahi dugu

Gizarte ereduarena bigarren aspektu zentrala da. Zentralena baharbada, hizkuntzarena azpi aspektu integratua delako nunbait.  Abertzaleak nor giren eta zer izan nahi dugun pentsatzeak, gure historia eta halaber bilakaera pentsatzera gakartza.

Gizarte ororen oinarrizko harremanak ekoizpen edo produkzio harremanak dira: Lehenik gure ingurumen naturalarekin dugun harremana, nunbait bizirauteko beharrezkoa zaiguna jalgitzen diogulako, eta bigarrenik, gizakien harteko harremanak berak. Ekoizmoldeak definituko du beraz gizarte estruktura, jabegoa noren esku den (batez ere ekoizpen funtzioena, hots kapitala), nork zer eginkizun edo betekizun sozial duen eta zer klase sozial den (desberdintasun ekonomiko eta sozialen arabera). Jabegoaren, eginkizun sozialen eta eratu klase sozialen antolakuntza formari deitzen diogu ekoizmoldea. Gizarte horren instituzioak (normak, arauak, usaiak…) eta ideiak giza harremanak kodifikatzeko edo ideologikoki birlandatzeko  besterik ez dira, ekoizmolde jakin batean. Estadu politikaren baliabideen arabera erreakzionatzen dutelarik beharrez. Adibidez gure gizartean zuzenbideak jabego kapitalistaren harremanak apailatzen dituen bezala, printzipio moral unibertsal eta ukaezin batzuetan oinarriturik. Jabego pribatua eta ekoizpen funtzioen jabegoa nahasirik, konkretuki adibide baten emaiteko. Zuzenbideak harremanak kodifikatzen ditu, bizi propioa du eta parte den ekoizmolde estrukturari etengabe eragiten dio.

Eredu euskaldun, gizatiar eta iraunkor bat asmatzekoa

Biharko gizartean askatasuna, berdintasuna eta justizia beharrezkoak ikusten ditugulako dugu gizarte eredu baten hautua egin behar. Abertzaleak, askapena duelako bilakaera naturala, ekoizmolde arrazional eta humanoago bat plantan jarri bahar du, naturarekin eta giza duintasunarekin harmonia sakonagoan. Guzia da politika, hizkuntzaren borroka nola eredu sozioekonomiko gizatiar eta iraunkorragoaren asmakuntza. Gizarte ereduaren pentsaketak analisia sakonagoa, konkretuagoa eta partekatua merezi lituzke, testu honek bi ardatzen azpimarratzeaz gaindiko anbiziorik ez zuen naski.

Euskalduna naiz hizkuntza bat transmititu zidatelako, kultibatu eta lantzen plazer dutalako eta transmititzen dutalako. Sozialismoan datza ene jarrera politikoa, ingurunearekiko dutan ikuspunduak gizakiaren bilakaera sozialago bat  halabeharrezkoa eta presazkoa duelako. Independentzia ez da garaipena, marko instituzional bat da. Ez da garaipena, ardura bat da, ardura politikoa, bidenabar gure giza proiektua egingarri eginen lukeena. Horregatik naiz abertzale.

Patxi IRIART