Bada zer kezka !

PrintFriendly and PDF
Jakes Bortayrou
Jakes Bortayrou
Employé dans l'enseignement du basque aux adultes, membre de BATERA et militant d'Abertzaleen Batasuna
D'autres articles

TRansatlantiqueEuskal Herriko eguneroko borroketan edota herri hauteskundeen prestaketan murgilduak izanik ere, ezin egon munduaren martxa orokorrari so egin gabe. Jakes Bortayrouk dio mehatxu larriak metatzen ari direla, gure etorkizuna jokoan ezarriz. Halaxe gertatzen ari da Atlantikoaren bi aldeen arteko komertzio eta inbertsioei buruzko itun proiektuarekin (frantsesez PTCI, Pacte transatlantique sur le commerce et l’investissement).

2013ko ekainaren 13an Europako Estatuek europar komisioari mandatua eman ondoren, uztailaren 8an Estatu Batuekin Atlantikoaren bi aldeen arteko komertzio eta inbertsioei buruzko itunaren negoziaketak hasiak dira. Honen helburua sinplea da: bi kontinenteen arteko komertzio eta inbertsioei oztopo oro desagerraraztea. Ez soilik hainbat sektore babesteko gelditzen diren aduana-zergen eskubideak baizik eta arlo guztietan konkurrentzia traba lezaketen edozoin sozial, osasun edo ingurumen arau eta lege.

Laburbilduz, itsasoaren bi aldeetako norma apalenak eredu. Itun horren helburua krisi ekonomikoak zorroztu duen lehia ekonomikoari aurre egitea da nahiz eta, beti bezala, denen onerako eta herrien aberasteko urratsa gisa aurkeztuko zaigun.

Zertan eragin lezake ? Hormonez ekoiztutako haragi eta esnea, jitez aldaturiko organismoak, kloroz garbituriko hegaztikiak debekatzeko arauak altxatu beharreko trabak bilaka daitezke. Eskisto gasa ustiatzeko debekua, ilegala.

Alderantziz Europan ez bezala, Estatu Batuetan dauden finantza erregulazio batzuk desager litezke. Ekonomia ber lokalizatzeko edota klima aldaketa gelditzeko neurriak, gisa berean, itun horren jomuga bihurtuko lirateke. Are gehiago, multinazionalak eta Estatuen arteko auziak trinkatzeko, itun horrek azken urteetan agertu eta fite garatzen diren epaitze mekanismo pribatuak, hots jurisdikzio publikoetatik kanpo, sor litzake. Holako kasuetan, “esperto” batzuek inbertsio egileen interesak edo irabaz itxaropenak kaltetuak diren ala ez erabakiko lukete, Estatuei, beraz herritarrei, alimaleko isunak inposatuz. Adibide batzuk baditugu jada : Vattenfall suediar enpresak Alemaniako gobernamendua atakatu du haren nuklear parkea gelditzeagatik. Quebec-eko gobernua auzitan eman du energia konpainia batek gas ustiakuntza suspenditu duelako.

Oraino liberalizazio gehiago

Ageri denez itun hori multinazionalen merkatu kuotak emendatzeko traba litzaketen herrietako hautu demokratikoak eta Estatuetako erabaki publikoak gainditzeko asmoz egina da. Duela zonbait urte porrot egin zuen AMI (Accord multilateral sur l’investissement) proiektuarekin lehen entsegua ezagutu genuen. Gaur egun, kapitalismo neoliberala jotzen duen krisi larritik ateratzeko, oraino liberalizazio gehiago inposatu nahi digute, inbertsio egileen eskubideak herritarren eskubideen gainetik kokatuz.

Bada zer kezka! Negoziaketak inongo gardentasunik gabe hasiak dira, Kanadarekin urriaren 18an jada izenpetu den akordioaren ber ildotik. Europar herritarrek ez eta diputatuek ere ez dakite negoziaketak zertan diren, zertaz diren, aldi berean enpresa handien lobbyak etengabe kontsultatuak direlarik. Politikoki hain arriskutsuak aurreikusten diren europar hauteskundeak baino sei hilabete lehenago karikatura dirudi. Europaren proiektua bera kaltetua delarik holako gertakariek populismo, nazionalismo atzerakoi eta eskuin muturreko ideiei hauspo lana baizik ezin diete egin.

Frantses Estatuan hainbat mugimendu, alderdi eta sindikatak deiadarra jo dute eta kolektibo bat sortu. 1997an bezala, enbor bereko ezpala zen AMI akordioa bertan behera gelditzeko erabili zen “Drakularen kontrako estrategia” aplikatzea nahi dute. Hots itunaren funtsa argitara eman, iritzi publikoa informatu eta mobilizatu, europar komisioari azpitik babesten duten Estatuetako buruzagien jarrera atxiki ezina bilakatuz. Euskal Herrian ere, gure erakunde eta mugimenduetan, aipatu behar dugu, salatu behar dugu, itun hori hilik sor dadin.