Baiona 2014 eta sozialistak

PrintFriendly and PDF
Eneko Bidegain
Eneko Bidegain
Enseignant en communications audio-visuelles à l'Université Mondragon. Ex-journaliste de Berria. Ecrivain.
D'autres articles

Baiona

Herriko Bozak hitzordu garrantzitsuak dira abertzaleentzat, baina korapilatsuak ere bai. Sinpleagoak dira diputatu bozak edo kantonamendu hauteskundeak, ontsalaz alderdi politikoetan erabakitzen delako nola aurkeztu eta nor. Herriko bozetan, alderdi politikoek pisua galtzen dute, eta herriko taldeek irabazten. Hala ere, alderdiek ildo batzuk finkatu ohi dituzte. Euskal Herria Bai koalizioa sendotu da azken urteetan, eta herriko boz hauei begira zer eragin izanen duen ikusi beharko da, baina herri bakoitzaren berezitasunek eta errealitateek izanen dute lehentasuna, aurten ere.

Interes handiko lekuak izanen dira hauteskunde horietan, egoera berri franko sortuko delako azken hamarkadetako jauntto handienak ez direlako berriz aurkeztuko. Interesgune handiena, dudarik gabe, Baiona da, ez bakarrik Ipar Euskal Herriko hiri nagusia delako, baina baita ere Jean Greneten ordezkoa hautatuko delako. Uda aitzineko berrien arabera, Baionako abertzaleek ekimen berri, zabal eta ausart bat abiatu zuten, herriko bozei begira, Baiona 2014. Uztailaren 6an, zerrendaburua hautatu zuten biltzar nagusi batean: Jean-Claude Iriartek lortu zuen boz kopuru handiena.

Boz gehien lortu ez duen tendentziaren kexuaren solasak zabaltzen hasi dira publikoki. Ez da on. Talde batean parte hartzen bada proiektu bat aitzina eramateko, bozkatzea onartzen bada, bozak galdu ondoan ekimenetik baztertzeko xedea azaltzea ez da egokia. Normalena da emaitzak onartzea, eta elkarrekin aitzina segitzea. Espero dezagun urak bere onera itzuliko direla eta uztailaren 6ko biltzar nagusiaren kontra idatzi duten sei militanteek Baiona 2014en segituko dutela.

Abertzalea ez den ezkerrarengana irekitzean eta sozialistekiko akordioen inguruan omen dago desadostasuna. Baina hori ere zenbaterainokoa den ikusi behar da, Iriartek berak jarrera irekiaren aldeko hitzak izan baititu. Zer egin behar dute abertzaleek Baionan? Lehen itzulitik beretik sozialisten zerrendan sartu, beste herri batzuetan beste zerrenda batzuetan sartu diren bezala? Zatiturik, ahulago izanen dira halako akordio bat egiteko; eta Baiona 2014tik kanpo gelditzen direnek ez lukete izanen abertzaleen indar guztia, sozialistekin akordio on bat negoziatzeko. Eta lortuko luketena da abertzaleen emaitzak txartzea.

Bestalde, Baionak hiri nagusi funtzioa duenez, hango hauteskundeak beste herrietan baino anitzez politikoagoak dira, eta abertzaleak lehen itzulitik beste zerrenda batean urtzea abertzaleen presentzia bera hauteskunde haietatik kentzea litzateke. Aitzineko herriko bozen emaitzak txarrak baziren ere, Baionan abertzaleek emaitza onak lortu izan dituzte eta, zerrenda eta kanpaina on batekin, ez da arrazoirik pentsatzeko ez luketela emaitza onik lortuko aldi honetan ere.

Beste zerrenda batekin akordioa egin beharko dute, nahi ala ez, bigarren itzuliari begira. Hor sor daitezke eztabaidak: sozialistekin? Etxegarairekin? Ez da sinple; baina lehen itzulitik sozialistekin aurkeztea ere ez da aterabide zuzena, noiz eta Frantziako gobernu sozialistak modu zinez itsusian ukatu digunean Lurralde kolektibitatea, Hendaiako ikastolaren auzi ahalkegarria izan den urtean, hizkuntzaren gaia geldirik dagoenean, bake prozesua izozturik baino gehiago, errepresioak segitzen duenean… Eta hori, hamarkadaz hamarkada abertzaleez trufatu ondoan, berriz ere 1981ekoa errepikatzen dutenean. Ez dela nahasi behar lekuko politika eta estatu mailakoa? Baiona sinbolo bat da, eta abertzaleek ongi pentsatu behar dute Baionako sozialistei lehen itzulitik oparia egin behar dieten, hauek abertzaleei berriz ere muturrera irri egin aitzin.

Un commentaire

  1. Jagoba Muxika
    Publié le 29/09/2013 à 06:25 | Permalien

    PSF-rengan sinistea errege majikuengan sinistea bezalakoa da. Euskaldunok onartu behar degu behingoz ez degula tokiriz ez Frantzin ez Espainian. Koherentiak izan ezkero, argi dau hauteskudeendako aukera.