Beti laborarien alde

PrintFriendly and PDF
ELB1

ELBren zerrendaren aurkezpen publikoa.

Beñat Molimos, ELB laborari sindikatuaren 2019ko urtarrileko hauteskunde sindikaletarako 12 gizonek eta 8 emaztek osatutako zerrendaren burua da. Zerrendaren aldarrikapen  nagusiak aurkezten dizkigu eta zehazkiago Laborantzaren erakunde publikoaren erronka.

Hitz guttitan Euskal Laborarien Batasuna aurkezten ahal diguzu?

ELB sindikatuak 1982tik geroz mobilizazio eta elkartasunaren bidez laboraria ezarri du lehen lerroan ekoizpen eta elikaduraren katean abia puntuan baita. 2005-az geroztik sindikalismoari loturik, ELBk sortu zuen Euskal Herriko Laborantza Ganbara garapen egitura, laborantza herrikoi eta iraunkorra sustatzeko.

Zertako eta nola ELBk hautetsiak aurkezten ditu 2019ko hauteskunde sindikaletan?

Laborantzako hauteskundeak sei urtetarik egiten dira departamendu mailan.

Aldi huntan, ELB-ren erabakia izan da Ipar Euskal Herriko zerrenda bat aurkeztea eta Biarno partean Confédération Paysanneeko beste 20 laborarik bigarren zerrenda bat aurkezten dute.

Hautu hori Euskal Hirigune Elkargoaren sortzeak bultzatu du jakinez honek laborantzaren ardura hartu duela.

Guretzat beraz oso normala izan da hautua, jakinez departamenduko laborantza ganbararen ardurak gero ta ahulagoak bilakatzen direla Akitania Berriak dituelarik bereganatzen.

ELB aurkezten da hauteskunde horietan lau ardatz nagusiekin :

  1. Laborarien defentsa eta laguntzea eguneroko bizian izan indibidualki ala kolektiboki.
  2. Bizi bidea eta bizigarritasuna segurtatzea etxalde guzietan eta hortarako eskua atxikitzea sortu ditugun desmartxa eta tresna kolektiboetan (AOP, Herriko,…).
  3. PAC berriari buruz proposamenak egitea enplegua kondutan hartzen duena bai eta lekuko berezitasunak (etxalde ttipiak, maldak,…)
  4. Laborantzaren erakunde publiko baten sortzea hiri elkargoaren barne laborantza eta elikadura gaietan orientabiden xutik ezartzeko.

“Beti laborarien alde” izendatu dugu gure zerrenda, hori izan baita ELB-ek 35 urtez eraman duen lana. Zerrenda 12 gizon eta 8 emaztek osatzen dute.

Zehazten ahal diguzu laborantzako egitura publikoaren aldarrikapen hori?

2017an sortu den Hirigune elkargoak ekonomia konpetentziaren barne deliberatu du laborantzaren ardura hartzea. Bere lehen urratsa izan da laborantzako komisio baten sortzea, hautetsiek osatua.

Gure aldetik laborantza alternatiboan aritzen giren ELB, EHLG, Arrapitz-ek deliberatu ginuen kuadro berri hortan Euskal Herriko laborantza eta elikaduraren egitura publiko baten proposamena egitea. Egituraren osaketa berritzailea nahi ginuen hiru partaidetzarekin:

  1. Errepresentazio instituzionala: estadoa, kolektibitateak (Akitania Berria, Departamendua, Hirigune elkargoa,…), laborantzako egiturak (EHLG, Departamenduko laborantza ganbararen Euskal Herriko adarra).
  2. Errepresentazio profesionala: laborarien sindikatuak, garapen estrukturak, desmartxa kolektiboak, formakuntza zentroak,…
  3. Gizartearen errepresentazioa (Garapen kontseilua, kontsumitzaile eta inguramen saileko ordezkariak…).

Egituraren egin beharra litake laborantza eta elikadura politika publiko bat xutik ezartzea. ELB eta EHLG-ek zentzu hortarat proiektu bat publikoki aurkeztua zuten duela guti, orientabide bat izaiten ahal dena. Jean-René Etchegaray Euskal Hiriguneko Lehendakariak galdera ofizial bat egina dio Estatuari. Orain pilota Estatuaren eta Euskal Herriko hautetsien aldean da.

Egoera hori konduan hartuz, zein dira aintzin ikusten ahal diren aldaketak 2019ko?

Ipar euskal herriko laborantzaren irudia oraindik baikorra da, nahiz eta laster aldatzen ahal den. Etxaldeen %80-a kalitatezko desmartxa batetan dira izan zirkuito laburrean edo luzean, gazte ainitz plantatzen da ere, dinamika hori mantendu behar dugu ahal bezain bat. Hortarako orientabidea laborantza iraunkor eta herrikoia izan behar da. Lan handia gelditzen zaigu oraino besteak beste, segidarik gabeko etxalden transmisioaren arloan, laborantzako lurren babestean eta baserrietako eta etxaldeetako inguramen zozialaren hobetzean.

Laborantzako egitura publiko proposamen horrekin nahi dugu sendiarazi laborantzaren gaia denen ardura dela izan hautetsi edo herritar, denen parte hartzea beharrezkoa dela elkartasun orientabide finko bat hartuz geroz.