Eginbide berriak

PrintFriendly and PDF
Michel Bidegain
Michel Bidegain
Ancien enseignant d'université, collaborateur d'Enbata et d'Ehlg, co-fondateur de Gure Irratia.
D'autres articles
HerrikoEtxea

Baigorriko Herriko Etxea

Iragan dira herriko etxetako hauteskundeak.Bakan eragin dute herrietako bozkek horrenbeste zalaparta, eztabaida eta azalpen ezberdin. Interneti esker, bixtan dena. Hor ageri da, bete betean, gaurko mediek, dela webgune edo tweeter, debate politikoan hartzen ari duten tokia. Ageri ere, hauteskundez hauteskunde parte hartzea beheiti ari bada ere, demokrazia ez dela hil zorian.
Hexagona osoan bezala, parte hartzea behin berriz murriztu da Iparralde hontan. Ipar Euskal Herriko banabesteko xifrak Frantziakoen idurikoak izan dira dira. Bost hiri nagusietako (Baiona, Angelu, Miarritze, Donibane Lohizune, Hendaia) hauteslegoaren %59,52-ak eman du boza lehen itzulian.

Lapurdi mendebaldeko beste herrietako (Errobi-Aturri, Errobi, Hego Lapurdi herri elkargoetan) bozemaile porzentaia % 67 eta % 75-en artekoa izan da. Barnekaldeko parte hartzea aldiz, beti bezala, biziki ona, %75 eta % 90-a artean. Bigarren itzulian, bozkatu behar izan den hiri eta herrietan, parte hartzea ez da biziki aldatu. Horrek erran nahi du hiri haundienetan lortu diren emaitzen legitimatea hobea izan zitekeela eta, alderantziz, barnekaldeko herrietan garaile atera diren hautetsieri demokrazia batean idurikatzen den baieztapen demokratikoa emana izan zaiela.

Zerrenda abertzaleek sekulan baino emaitza bobeak lortu dituzte. Nehork ez du hori zalantzan jartzen. Harrigarri bada harrigarri, gure adiskidea ez den Sud Ouest egunkariak ere ez.

Arrazoinak? Alde batetik, iragan sei urtetan geneuzkan auzapez eta beste hautetsi abertzaleek frogatua dute edozein Frantses alderdi nagusietako hautetsiak bezain gai direla herriak kudeatzeko. Ereduak hor zeuden.

Gero, azken urteetan Bil Gaitenek antolatu prestakuntzak dinamika azkarra sortu du. Kasik herri guzietan,haundienetatik ttipienetaraino, badaude militante abertzaleak, abertzale bezala agertzen direnak eta abertzale ideien ezagutarazteko lanean ari direnak. Beste zein alderdik erran dezake beste hainbeste? Bixtan da ere, ETA-k armak utziz geroztik, ezkerreko abertzaleen elkartzeak, lehenagako kalapitak gibelerat utzirik, batasunaren itxura ona eman diola gizarteari. Bitxiena, kanpaina huntan aldi bat ere ez dela entzun, ez frantses eskuinaren ez ezkerraren ganik, bortizkeriaren den guttieneko aipamenik. Harritzekoa historiak eta amnesiak bidea zein laster egiten duen.

Dena den, BAB-etk kanpo, Iparralde gehienean abertzaleak bigarren indar politiko izaiterat iragan dira. Hori itxaropentsu da gerorako. Abertzaleek Iparraldekotzat dauzkaten eskakizun nagusiek, adibidez lurralde kolektibitatea, euskararen onarpen instituzionala, laborantza ganbara, ez dute gehiago gizartearen parte aintzinakorrena izitzen. Ez da hori lorpen txarra. Hala ere, abertzaleek Iparraldeko panorama politikoan hartzen ari duten tokiak ez gaitu itsutu behar. Behar bada, frantses sozializten politikaren gaitzespena ez balitz hoin nabaria izan, ez ziren ezkerreko abertzaleen emaitzak hoin onak izanen. Sei urteren buruan, eskuina baldin bada boterean Parisen, nork erran dezake ez direla sozializtak berriz ere oposizioko alderdi nagusi izanen eta joan den astean abertzaleenganat joan diren ezkerreko boz batzuk ez dituztela berriz eskuratuko?

Horregatik, hautetsi abertzaleek eginbide bakar bat dute herriko etxeetan heldu diren sei urteetarako. Kudeatuko dituzten herrietan zinez frogatzea beren gobernatzeko moldea ez dela frantses ezker eta eskuinarenaren antzekoa, gehien sufritzen duen jendearen onerakoa dela, garapen iraunkorraren aldekoa dela, sozialki premiatsuen diren inbeztizamenduak lehenesten dituztela, diru publikoa eta pribatua xuhurtzen ari den une hauetan ez dela gehiago harrokerien eta gabejiaren garaia. Eta oposizioan izanen diren herrietan, lan egitea herritarrak konbentzitzeko boterean balira, eskuineko agintariek deramaten politika zaharkituaz beste proposamenik badutela. Horrela finkatuko dute herritarren gogoetan hartzen ari duten sinesgarritasuna. Hori da hemendik aintzina ezker abertzaleak altxatu behar duen desafioa. Zaila, bainan atsegingarria bezain deigarria. Lot gaitezen lanari.