Ehun urte

PrintFriendly and PDF

EhunUrte

Ez nauzu ezagutu, nik ere ez zaitut ezagutu. Hala ere, hemen nauzu abendoaren 21 honetan, zureganat etorria, zure oroitzapeneko gurutzearen aitzinean zutik, bakarrik. Maiz hemengo bazterrak gordetzen dituen neguko lanbroa ez da egun ere altxatuko. Egun duela ehun urte, lanbroak estaltzen ote zituen inguruko munoxka hauek? Menturaz bai.

Ez zinituen ikusten, entzuten bai ordea. Oihuak, hurbil hurbil, tiroak bazter guzietan. Goizez geroztik ez zinezten tokitik higitu. Bezperaagoan kolonelak bildu zintuzten erraiteko Alemanak geldiarazi behar zinituztela. Gostarik gosta. Ez zutela metrorik ere irabazi behar.

La patrie salbatu behar zela. Zuk ez zinuen hitzik ulertu, alabainan, bainan sarjant hark itzuli zauzkizuen aitzindariaren eleak.

Ez zen baitezpada hotz. Aitzineko egunetan baino zerbait eztiago. Iluntzen ari zen. Hemen, sasoi hontan, arratsalde erditako iluntzen baitu. Hor zinaudeten hiruak, ongarri metaren gibelean, erdi belauniko, konpainiako besteak baserriaren saietseko harresiaren gibelean zaudelarik. Artetan tiro bat edo beste botatuz, hantxe itxura bat mugitzen zela iduritzen zitzaizuenean.

Laster gaua etorriko zen eta hiru egun hauetako arrabots eta marrumak ixilduko, bihar arte. Hantxe! Hantxe! oihu egin zuen lagunak. Zutitu zinen eta tiratu. Ze zartakoa. Ze erorikoa. Bi zegundo eman zinituen ulertzeko. Hemen, papoan, ezkerrean. Kapotean zilo beltz ttipi bat. Eta barnean, izigarriko erredura. Bi minuta gabe ezagutza galdu zinuen, etzanik ongarri metaren gibelean. Odol hustu zinen.

Zein izan ote ziren bi minuta haietako zure pentsamenduak? Etxean utziak zinituen hiru ttipi haiek? Zazpi urteko mutiko koxkor hura, sei eta bi urteko neskatoko pollit eta erne haiek? Joanaren sabelean zen laugarren hura? Joana, bizi lagun bipil eta langilea!

Bi urte lehenago bukatu zinituzten etxearen berritze eta haunditze lanak. Hogeitahamar urte lehenago zure aitak erosi zuelarik, ez baitzen kasik bizitzeko ere on. Etxetiar etxe abandonatua. Etxe gibeleko pareta erori zitzaizuenean ez zinuten beste hauturik ukan.

Xarlex deitzen zintuzten, berrogeitabat urte zinituen. Hori babadakit, beste gauza guti dakit, ordea.

Ni zure zazpi urteko mutiko koxkor haren semea nauzu.

Aubigny-en-Artois 2014/12/2