Engaiamendu bideak

PrintFriendly and PDF
Andde Sainte-Marie
Andde Sainte-Marie
Conseiller Régional, Paysan à Lantabat, militant abertzale socialiste, ancien porte-parole d'Abertzaleen Batasuna.
D'autres articles

ConseilRégionalEskualde hauteskundetan hautagai izaiteko engaiamendua hartu dut. Abertzale ez den ezkerreko zerrenda batean nere burua kokatu dut euskaldun, ezkerreko eta abertzale gisa. Eta aitortu behar dizuet kokapen arras aberatsgarria bihurtu zaidala, puntaren puntan bozka emaitza edozoin izanikan ere.

Idekidura  politikoa aspaldi huntarik beharrezkoa dela hauteskunde mota batean konbentzitua nintzan. Bizi izan dutan esperientzia hunek indarberritu baizik ez du sinesmen hori. Ezkerreko ikuspegi abertzale batek posible du bere lekua izaitea abertzalea ez den sozialista zerrenda batean.

Egitarau eta eskakizun programatikoak osatzeko mementoan aski errexki eta naturalki kokatu izan ditugu betitik nereak diren oinarrizko punduak. Ez denak bixtan dena, bainan hainbat bai. Hauteskunde horren kontestu orokorra ikusi eta, lortu dugu programa ez demagogiko eta ez klientelista baten inguruan ados jartzea.

Eskuinak eta eskuin muturrak ez bezala, osatu dugun hauteskunde eskakizunak ez dira beldurraren edo amentsetako kontuen lilurakerietan oinarritzen.

Ez naiz business plan batean engaiatu, baizik eta ekintza publikoan zentratzen den norabide batean. Ez naiz engaiatu zerbitzu publikoa guttitzeko plan sozial bat oinarri duen zerrenda batean baizik eta herritarrentzat eraikia izan den plan egingarri batean.

Eguneroko erreforma egingarri bezain ausart eta partekatuan oinarritzen den politika helburu duen zerrenda batean.

Ikusmolde propioa eta askatasun osoa

Alabainan iduritzen zait Ipar Euskal Herriak, nahi ala ez bere lekua eta eskakizunak kokatzeko parada izan beharko duela Eskualde administratibo eta politiko hortan ere. Sortzear den Euskal Herri Elkargoak lagunduko du hortan nolaz ez. Alain Rousset berak ere ulertua du hori. Eskualde berri hortako bigarren indar politikoa bilakatzea ez da gauza arrunta eta guttiestekoa.

Agian aski fite ulertu behar dute ebidentzia hori Bordelen. Entzuna edo entzunaraziko den abotsa izanen da Euskal Herrikoa.

Eskakizun egingarri eta konkretuetan sinesten dutalako naiz engaiatzen hauteskunde horietan. Uste baitut hurbiltasuna ahal dela konkretizatu ezkerreko ikuspegitik abertzale gisa, abertzalea ez den zerrenda batean. Uste baitut ahal dela kontraktualizatu
lurraldeen beharrak kondutan hartuz.

Engaiatu naiz uste baitut ahal dela eskualde egituraketa hortan hurbileko hautetsi izan molde partehartzailean eta kontsentsuzko adostasunak lortuz hainbat eskakizunen artean. Engaiatu naiz nere ikusmolde propioa eta askatasun osoa ukanez Euskal Herriari doazkion hainbat gai korapilotsuetan.

Zerrenda hortan engaiatu naiz sinesten baitut egingarri dela lurralde antolaketa ausart bat bultzatzea Euskal Herriarentzat ere Eskualde hortarik, hemen bertan sortuko den Elkargotik bezala funtsean. Tarte oraino aski luze batean bi egituraketa politiko hauetatik osatuko baitira Ipar Euskal Herriari doazkion norabide ekonomiko, sozial eta kulturalak adibidez.

Engaiatu naiz zerrenda hortan uste baitut molde konkretuan ahal dela borrokatu langabezia urratska apalarazteko formakuntza eta enplegu politika ausart baten medioz.

Engaiatu naiz abertzale eta sozialista gisa sinesten baitut beharrezkoa dela sustengatzea eta lehenestea ekonomia sozial eta solidarioa bere forma guzietan: insertzioa, elkarte bizia, ekonomia partehartzaile zirkularra eta kooperatiboa bultzatuz.

Engaiatu naiz zerrenda hortan uste baitut Euskal Herriko Laborantza Ganbarako kide gisa ahalko direla laborantza herrikoi eta iraunkorraren saila eta ildoak hobekiago garratu, beharrezko elkarlan plangintza bat osatuz Eskualdea eta tokiko hainbat eragileen artean.

Ekinbide politiko partekatua

Zerrenda hortako partaideekin engaiatzen naiz helduden primaderatik Nafarroari ongi etorria egin duen Euroeskualdean Euskal Herriko zazpi lurraldeen bizkarhezurtze lan bat osatzea, eragile ezberdinen artean abertzale ikuspegi batetik.

Engaiatu naiz abertzaleak ez diren ezkerreko hautagai batzuekin haiekin bat egiten baitut nolabaiteko bizi kalitate bat eta elkartasunezko ekintza publikoak bultzatzeko, sozial eta kultur politiken buxetak fermuki mantenduz.

Orohar engaiatu naiz uste baitut Eskualdeko instituzione hortan ere, beste hainbat erabakigunetan bezala funtsean beharrezkoa dela ezkerreko ikuspegi politiko bat amankomunean duten abertzale eta ez abertzaleak batzea kontsentsuzko hainbat punduren inguruan. Ekinbide politiko partekatu batean elkar hobekiago ezagutzen delako lehenik, ondotik elkar hobekiago errespetatzeko.

Engaiatu naiz uste xumea baitut gisa hortako eskemen bidez ere bide berriak eta ausartak ahal direla landu biharko Euskal Herriko egituraketa berri batean akordio politiko eta programatikoak lantzeko eta bideratzeko.

Engaiatu naiz ezkerreko zerrenda hortan, ez pentsatuz egia osoaren jabe pribiligiatua nintzelako uste espantugarriarekin baizik eta egia parte baten molde partekatu bati bide emaiteko. Hauteskunde baten karietarat eta zergatik ez epe luzeagoan ere, herritar bozkatzaileak hala erabakitzen badu behintzat…