Etorkizuneko sindikalismoa, feminista izan behar da

PrintFriendly and PDF
Leire Txakartegi, ELAko genero berdintasuna eta euskara arduraduna

Leire Txakartegi, ELAko genero berdintasuna eta euskara arduraduna

Leire Txakartegi, ELAren batzorde eragileko kidea da eta sindikatuan genero politikaren arduraduna. 2 galdera egin dizkiogu Sindikatuak bere XIV. Kongresua ekainaren 15 eta 16an Bilbon eginen duela eta sindikalgintzan genero ikuspegiaren garrantzia ulertzeko. Ahoan bilorik gabe Leire Txakartegik argi uzten du begi bistakoa dela historikoki eta tradizioz sindikatuak erakunde maskulinoak izan direla, maskulinitatetik eraikiak izan direla, gizonezkoen ikuspegia izan dutelarik ardatz. Autokritika hau onartu eta berdintasuna eta parekidetasuna bermatuko dituen eredu berri bat eraikitzeko bidea aurkezten digu jarraian.   

Zein dira ELA Sindikatuaren genero politiken zergatiak eta ezaugarri nagusiak?

ELAko genero berdintasun politiken alorrak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko sindikatuaren estrategia definitu eta horren jarraipena egiten du.

Duela hiru urte genero ekitaterako antolakuntza aldaketa prozesua martxan jarri dugu.

Prozesu honekin ondorengo galderei erantzun nahi diegu:

  1. Gure eredu sindikalean genero berdintasuna txertatu dugu bere osotasunean?
  2. Gure barne funtzionamenduan desberdintasun egoerak sortzen ari gara nahi gabe bada ere?

Hemendik abiatuta gure eredu eta estrategia sindikala aztertu eta birpentsatu nahi ditugu genero ekitatea bere osotasunean bermatzeko. Erabaki politiko garrantzitsua da hau, hurrengo urteetako ELAren estrategia baldintzatuko duena.

ELA bezalako erakunde batentzat ezinbestekoa da horrelako prozesu bat martxan jartzea.

Lehenik, defendatzen dugun gizarte ereduarekin koherenteak izateko.

Gu berdintasunean oinarritutako gizarte eredu bidezko baten alde gaude, pertsonen eta planetaren bizitza erdigunean jarriko dituenaren alde, hain zuzen. Lan erreproduktiboa ikustarazi eta baloratu egin behar dela diogu, enpleguaren eta gainontzeko lanen banaketan sakondu,…

Gizarte ereduaren inguruan ELAk proposamen landua du. Baina jakina, guzti honen alde bagaude, gure ereduaren erdigunean bizitza bera jarri nahi badugu, geure eredu sindikal eta organizatiboak ere bermatu behar ditu balore guzti hauek. Sindikatuak, esparru eta ekintza ezberdinetan berdintasuna ziurtatu behar du ezinbestean.

Bigarrenik, sindikatuak prekarietate egoeran daudenentzat tresna eraginkorra izan nahi duelako.

Eta jakina da emakumeak direla batez ere prekarietate egoeran daudenak. Horregatik, emakumeen eskubideen defentsa sindikatuaren aldarrikapen nagusietako bat bezala kokatu behar dugu. Berdintasuna lehen mailako lan ildoa izan behar da gurean, emakumeak ez baikara talde bat edo kolektibo bat. Biztanleriaren erdia baino gehiago gara, langile klasearen erdia. Bakarrik horrela ordezkatuko dugu prekarietatea, bakarrik horrela izango gara tresna eraginkorra langile klase osoarentzat.

Begi bistakoa da historikoki eta tradizioz sindikatuok erakunde maskulinoak izan direla, izan garela. Maskulinitatetik eraikiak izan dira, gizonezkoen ikuspegia izan dute ardatz eta hortik abiatuta, interes orokor eta neutroak defendatzen ari zirelakoan, ez dituzte behar bezala ordezkatu emakumeen interesak. Ezer ez delako neutroa. Autokritika hau onartu egin behar dugu eta hemendik abiatuta berdintasuna eta parekidetasuna bermatuko dituen eredu berri bat eraiki. Erronka handia da baina geurea egiten dugu!

Zein dira emazteen sarbidea erantzukizuneko postuetan indartzeko hartu neurriak?

Argi dago ELAk azken urteetan emakumeak erantzukizuneko postuetan sartu garela, baina hori ez da nahikoa. Sindikatuaren lehentasun politikoak eta kultura bere ere berrikusi behar dira, bestela ez da sakoneko aldaketarik egongo.

ELA lan eskerga egiten ari da emakumeak nagusi diren sektoreak antolatu eta dituzten lan baldintzak duintzeko. Greba eta gatazkarik luzeenak azken urteeten emakumeenak dira. Une honetan Bizkaiko erresidentzietako langileak (emakumeak gehienak) hamalau hilabete baino gehiago daramatzate greban. Dudarik gabe, gure sindikatuak borroka feministari egiten dion ekarpen praktiko eta zehatza dira gatazka hauek.

Hala ere, badaude hausnarketarako gaiak adibide hauetan ere. Asko ari gara ikasten emakume militante hauengandik baina gure antolakuntza eredua, neurri handi batean, industria sektorearen neurrira eginda dago oraindik.

Gatazka hauek ahalduntza prozesuak izaten ari al dira emakumeentzat? Zer militantzia eredu ari gara bultzatzen? Zer lidergo mota?…

Galdera guzti hauei erantzuten joan behar gara, jakin badakigulako etorkizuneko sindikalismoa feminista izan behar dela ezinbestean, bestela ez baita eraldatzailea eta eraginkorra izango.