Frantses gobernua euskarazko irakaskuntzaren kontra

PrintFriendly and PDF
Gourault

Jacqueline Gourault Frantziako Lurraldeen Kohesiorako eta lurralde kolektibitateen ministroa

Euskal Konfederazioa, ostiralean, apirilaren 5ean

Euskal Konfederazioak haserre biziz hartu ditu ostegunean, apirilaren 4ean, Jacqueline Gourault Frantziako Lurraldeen Kohesiorako eta lurralde kolektibitateen ministroak Senatuan egin dituen lurralde hizkuntzen irakaskuntzaren kontrako adierazpenak.

Frantses gobernuko ordezkariak, murgiltze eredua eskola publikoan legez kanpokoa dela dio. “Murgiltze irakaskuntza, atzerritar hizkuntzan edo eskualde hizkuntzan egiten den irakaskuntza esklusiboa da, guk lagundu nahi dugun irakaskuntza elebidunaren kontrara. Murgiltze eredua posible da noski eskola pribatuetan, Diwan bezalako eskoletan adibidez, baina ez eskola publikoetan, ezin baitiegu burasoei inposatu. Horregatik Auzitegi Konstituzionalak murgiltze irakaskuntza inskonstituzionala zela ebatzia du”.

Ez Gourault anderea, murgiltze eredua ez da irakaskuntza “esklusibo bat”. Murgiltze ereduaren bidez haurrek euskaraz ikasten dute ama eskoletan eta ondoren Lehen Mailan frantsesez ere ikasten dute. Murgiltze eredua da bide bakarra, egun eskolan frantsesarekin sartzen diren ikasleak bihar elebidun atera daitezen.

Ez Gourault anderea, murgiltze eredua ez zaie burasoei “inposatzen”, baizik eta proposatzen zaiela, aukera elebidunarentzat bezala. Aldiz heldu den sartzerako 3 eskola publikok murgiltze eredua proposatzeko hautua egin badute ere, ez dute aukerarik izanen heien haurrak murgiltze ereduan eskolatzeko, eta orduan eredu elebakarra edo elebiduna zaie “inposatzen”.

Ez Gourault anderea, murgiltze eredua ez da antikonstituzionala eskola publikoetan, esperimentazio legean oinarritzen den esperimentazioa baita. Murgiltze aukera, estatua eta lurraldearen artean hitzartua izan da. 2004an Pirinio-Atlantikoetako Departamenduak itun bat izenpetu du Estatuarekin, 2010ean arraberritu dena, euskara eta okzitanieraren erakaskuntza nola egituratu eta garatu adosteko. Hortan oinarriturik da murgiltze eredua aurreikusia izan elebidun sailetan, hobetze kualitatibo baten xedez. Orientabide horiek behin eta berriz adostuak izan dira Euskararen erakunde publikoaren baitan, Estatua, Eskualdea, Departamendua, eta orai Elkargoarekin batean. Murgiltze aukera ukatuz, frantses gobernuak kolektibitateekin zuen paktua urratzen du.

Eta hain zuzen ere, Ipar Euskal Herriko 17 eskola publikotan arrakasta handia duen esperimentazioa da. Orai 10 urtez goragoko gibeltasunarekin ereduak bere emaitza onak frogatu ditu euskara maila ez bakarrik, irakaspen guzieri begira, irakasle, buraso eta Hezkunde Nazionaleko adituen partetik onespen osoa duelarik. Tokiko kontsensu eta galdera sozial zabal bat lortzen duen sistema da hor aurkitzen.

Murgiltze eredua Diwan edo Seaska bezalako egituretan egin behar dela dio Gobernuak, baina mementu berean Hezkuntza ministerioak ez die ikastolen beharrei erantzuten. Eskola publikoetan murgiltze eredua gelditu nahi du eta Murgiltze eredu osoa eskaintzen duten ikastolak ito nahi ditu! Alta murgiltze eredua ahal bezain bat zabaltzea da, gure hizkuntzak bizirauteko duen aukera bakarra, azken urteetan ikusi dugunez.

Ez da lege kondua, ez da hezkuntza kontua. Frantses Gobernuak gure hizkuntzen kontra abiatu duen gurutzada berri bat da. Gure hizkuntzaren biziraupena suntsitu nahi duen arazo politikoa da.

Eraso berri honen aitzinean Euskal Herriko hautetsiak deitzen ditugu Frantses Estatuaren erasoari aitzin egin diezaioten.

Euskal Konfederazioak Ipar Euskal Herriko gizarteari dei egiten dio ere, Frantses gobernu jakobinoaren inposaketarik onar ez dezan, gure hizkuntzan bizi eta ikasteko eskubidearen alde.

Un commentaire

  1. Jakes LAFITTE
    Publié le 08/04/2019 à 21:41 | Permalien

    Ongi da. Nik uste dut manifestazio gehiago egin behar dela. Gourault andere horrek esandakoak euskara eta beste hizkuntza minorizatuen kontrako fobia edo gorrotoa frogatzen digu.