G7a Biarritzen

PrintFriendly and PDF

Mikel-Zurbano1

Mikel Zurbano, Argia.eus-etik

Munduko ekonomian pisu handia duten zazpi herrialdek (Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, AEB, Kanada eta Japonia) eta Europako Batzordeak abuztuaren 24tik 26ra G7 taldearen 45. Goi-bilera burutuko dute Miarritzen. Azken hamarkadetan G7a munduko ekonomia kudeatu duen foroa da, Nazioarteko Diru Funtsarekin, Munduko Merkataritza Erakundearekin eta Munduko Bankuarekin orpoz orpo.

G7ak ez du nazioarteko erakunde baten zilegitasunik. Baina ez du horren beharrik, izan ere, bere partaideen ahalmen ekonomikoa dela eta, hartutako erabakiak indarrean jarri ohi dira. Beren enpresa handienen interes ekonomikoak babesten ahalegintzen den aberatsen elkartea da eta horretarako ez du inoren baimenik behar. Interes partikular horien defentsak krisia, desberdintasunak eta planetaren hondamendia sortarazten ditu. Horrez gain, taldearen izaerak Nazio Batuen Erakundearen zilegitasuna zalantzan jartzen du. Beraz, munduko gobernantzarako ez du onik ekartzen.

G7 taldearen izaerak
Nazio Batuen Erakundearen zilegitasuna zalantzan jartzen du.
Beraz, munduko gobernantzarako
ez du onik ekartzen

Gailur hau AEBetako –eta beste herri batzuen– protekzionismo eta aldebakarreko politikek, desberdintasunek, klima aldaketak eta ekonomiaren digitalizazioak baldintzatuko dute. Erronka horiei aurre egiteko ohiko errezeta liberalak mahai gainean jarriko dira behin eta berriro, arazo larriok gainditzeko beharrezkoa den eraldaketa ekonomiko eta soziala oztopatu asmoz.

Macronek gailur honetarako ezarritako bost lehentasunak agenda politiko eta ekonomikoan giltzarriak dira: desberdintasunak borrokatzea, batik bat genero eta ingurumenarenak; bidezko merkataritza bultzatzea; bakearen ekinbidea indartzea eta digitalizazioak eta adimen artifizialaren aukerak probestea.

Nolanahi ere, erronka horien garapenerako urrats eraginkorrak hartzetik urrun egongo gara abuztuaren 27an. Ekainean Osakan burutu zen G20koen bilerako emaitza (Trump guztien aurka) errepikatzeko arriskua dago. Komunikabideek Trumpen protekzionismoaren aldeko jarrera salatuko dute eta, aldiz, multilateralismoaren aldeko gainerakoen jarrera txalotu. Baina argazki horrek ezkutuan uzten du hamarkadetan indarrean egon den multilateralismo liberalaren ardura, hain zuzen, eskuin mutur protekzionistaren, Brexitaren eta aldaketa klimatikoaren bulkadan.

Benetako munduko gobernantza multilateralaren defentsa ez dagokio zilegitasun demokratikorik gabeko elkarte pribatu bati.

Multilateralismoaren aldeko zilegitasunezko esparru bakarra Nazio Batuen Erakunde modernizatu eta demokratizatuak ordezkatzen du. Eta bide horretan munduko populazioaren %10 baino biltzen ez duen G7 bezalako formula traba da lagungarri baino.

Bestalde, Trumpen protekzionismoa salatuz Macronek, Merkelek edo Trudeauk nazioarteko merkataritzaren ordenu desparekoaren alde egiten dute. Izan ere, gaurdaino iritsi den merkataritza libreak eragin oso kaltegarriak izan ditu ingurumenean, enpleguan, errenta desberdintasunetan edota tokiko garapenean. Eta kalte horien uhinaren gainean zutitu dira Brexita, Trump, Bolsonaro eta abar.

Hots, mendebaldeko agintari liberalek ez diote inongo erantzun eraginkorrik ematen globalizazioak sortutako hondamendi ekologiko eta sozialei. Kalte hauek onartzeaz gain ezinbestekoa da erregulazio neurri indartsuak eta zuzenak ezartzea mende honetako erronkei erantzun egokiak emateko, batez ere enpleguaren, desberdintasunen eta klima aldaketaren arloan. Bestelako gobernantza demokratikoa eta sozialak erantzun komun eta efektiboak jarri beharko ditu indarrean munduak bidezko etorkizuna izango badu.