Garaipen historikoa Kortsikan

PrintFriendly and PDF
Xabi Larralde
Xabi Larralde
Enseignant en économie, porte parole de Sortu.
D'autres articles

paul-andre-colombani-jean-felix-acquaviva-et-michel-castellani

Legebiltzar hauteskundeetako ezusteko haundiena Kortsikatik etorri zaigu, mugimendu abertzaleak garaipen historikoa lortu baitu: ugarteko lau deputatuetarik hiru eskuratu dituzte ekainaren 18-an. Jarraian aurkituko duzue lorpen bikain honen  azterketa bat.

Kortsikako mugimendu abertzaleak hauteskunde legegileetan emaitza historikoak lortu ditu, lau hautes-eremuetatik hiru diputatu irabaztea erdietsiz : Jean Félix Acquaviva bozen %63arekin, Michel Castellani %60,5arekin, eta Paul-André Colombani %55,9arekin. Azken emaitza honek gainera erranahi politiko berezia du, Colombani-k klanismoaren sinbolo adierazgarrienetarikoa den Camille de Rocca Sera garaitzea lortu baitu. Izan ere, de Rocca Sera familiko hiru belaunaldik diputatu kargua 55 urtez segidan haien eskuetan atxiki dute.

Mugimendu abertzaleak hiru diputatu erdiesteak Kortsikako jendartean nazio identitateari begira kontzientzi-hartze kolektiboan jauzi kualitatibo bat suposatzen du. Aitzin-pausu historiko hori famili abertzalearen batasunaren emaitza da, eta baita ere, 2015az geroztik abertzaleek Lurralde Kolektibitatearen gobernuan egindako lanarena. Jakina denez, bi korrente abertzale historikoak (alde batetik autonomistek eta bestetik independentistek) 2015eko Lurralde Kolektibitatearen hauteskundeen bigarren itzulian batu ziren, %35arekin, hauteskundeak irabaziz denen sorpresarako.

Lurralde kolektibitatearen kudeatze lana saristatua

Orduz geroztik, abertzaleek uhartea gobernatzen dute, Gilles Simeoni-k Kontseilu Exekutiboaren lehendakaritza eramaten duelarik, eta Jean Guy Talamoni-k Kortsikako Biltzarraren lehendakaritza.

Dudarik gabe, urte t’erdiz eraman duten kudeaketa esperientzi labur hau saristatua izan da hauteskunde legegileetan.

Eta zer indarrarekin!

Zeren oroitu behar da 2015eko Lurralde Kolektibitatearen hauteskundeen lehen itzulian G. Simeoni-k %17,5a lortu duela (bakarrik) eta J. G. Talamoni- k %8a (soilik).

Baina kudeaketaz haratago, azken urteetako ibilbide politiko osoa da ikaragarri zilegiztaturik ateratzen dena. Hortaz, gogoratu behar da 2014ko ekainaren 25ean FLNC-k bere borroka armatuaren aldebakarreko bukaeraren berri eman zuela, fase politiko berri bat idekiz, eta iragarriz hitzezhitz: “indar politiko baten eraikuntza, Kortsika gobernatzeko, eta independentziaraino eramateko”. Borroka armatuaren aldebakarreko bukaera hori aitzineko urteetan Kortsikako Biltzarrean gehiengo oso zabalez erdietsi ziren hiru akordio eta bozken ondotik etorri zen. Lehen bozka, Kortsikaren estatus aldaketaren aldekoa, gaurko Lurralde Kolektibitatearen estatusa gaindituz, Kortsikaren nazio-identitatea aintzat hartuko lukeen Autonomia estatus baten aldeko ebazpena. Bigarrena, lurra-etxebizitzaren eremua egoiliaren estatus baten arabera arautzearen aldeko ebazpena, espekulazio bortitzari erantzuteko helburuz, merkatuaren “lege” dorpearen eremutik atera eta, lurra-etxebizitza Kortsikan bizitzeko proiektua daukatenendako eskubide gisa kokatuz. Hirugarrena, preso politikoen amnistia eta askatze osoaren aldeko ebazpena.

Aitzin-pausu historiko hori
famili abertzalearen batasunaren emaitza da,
eta baita ere, 2015az geroztik
abertzaleek Lurralde Kolektibitatearen gobernuan
egindako lanarena.

Klanismoa ahultzen ari

Hiru ebazpen edo aldarrikapen horiek Estatu frantsesaren ezezko erantzuna eskuratu dute azken urteetan, frantses konstituzioa urratzen duketelakoan. Estatus politikoaren aldaketari ezezkoan erantzun badio ere, iaz, frantses gobernuak Lurralde Kolektibitatearen barne moldaketa bat onartu du, Kortsikako bi departamenduen desegitetarekin. Departamenduen desegitea mugimendu abertzalearen aspaldiko aldarrikapena da, klanismoa kontseilu orokorreko hautetsien bitartez (“des élus enrobés” direla diote) gauzatu baita historikoki.

Lurralde Kolektibitatearen formatu berria 2018ko urtarrilean indarrean jarriko da. Hilabete bat lehenago, aurtengo abenduan, hauteskundeak iraganen dira. Abertzaleendako erronka argia da: gobernua berreskuratzea 2015ean baino posizio indartsuago batekin ahal bada. Gisa hortan, Lurralde Kolektibitatearen hauteskundeak sei urteetarik behin antolatzen direnez, uhartea aldaketa- bide sendo batean kokatzeko epealdi aski zabala eskuratuko lukete abertzaleek.

Hauteskunde legegileen emaitzak ikusita, erronka hori arrakasta handiz lortzeko baldintzetan daudela erran genezake. Kortsikako prozesuak Euskal Herrian ere zirrara sortzen digu, eta dudarik gabe, gure zorion beroenak merezi dituzte hango abertzaleek!