Gure esku dago hemen ere

PrintFriendly and PDF
Panpi Sainte-Marie
Panpi Sainte-Marie
Paysan de Lantabat. Secrétaire Général du syndicat paysan ELB (Euskal Herriko Laborarien Batasuna, Confédération paysanne du Pays basque).
D'autres articles
Gure Esku Dago dinamikak martxoaren 29an Bilboko Casilla kiroldegian antolatu zuen ekitaldiko une bat. Oholtzan, hainbat jatorritako lagunak.

Gure Esku Dago dinamikak martxoaren 29an Bilboko Casilla kiroldegian antolatu zuen ekitaldiko une bat. Oholtzan, hainbat jatorritako lagunak.

Abian da. Hainbat hilabetez herrietako dinamikak sustatuz eta giroa berotuz arizan ondoan, hasi da Gure esku dago plataformaren kanpaina, ekainaren 8an erabakitzeko eskubidearen alde Durango eta Iruñea lotu nahi dituen giza katea xede. Panpi Sainte-Mariek kondatzen dizkigu kanpainaren helburuak.

Martxoaren 29-an, Casilla kiroldegian 5.200 lagun tinkatu ziren Gure esku dago kanpainari abiapuntua emaiteko.

Zerbait haundi izanen dela sumatu da ekitaldi jendetsu hortan. Iruñeatik Durangora dauden 123 kilometroak betetzeko jendez, eskuz esku, 50.000 lagun baino geihagok parte hartzea behar dela pentsatua dute “Gure esku dago”koek. Bilbon, haatik, iragarri dute jadanik 22.000 lagunek parte hartzea hitzemana dutela. Beraz kasik erdia bildua da!

Orain artinoko guzia, han Hegoaldean, gertatu da. Mugimendua bulta huntan abiatua da Hego Euskal Herriko herri ainitzetan eta prentsa abertzalean. Hemen oraino guti entzuten da. Normala nonbait. Estado españolean aktualitatea pil pilean da erabakitzeko eskubidearen gaiarekin. Aspaldian aipatzen da Eskoziako kasua eta jakin behar da gora behera ainitzen ondotik irailaren 18an Eskoziarrek erabakitzen ahalko dutela beren geroari buruz eta Inglaterrarekin nahi dituzten harremaneri buruz.

Madrile sutan

Hurbilago, Katalunian, egoera politikoa gorri gorrian da. Madrilen klase politikoa sutan da ikusten baitu bere legedia, konstituzioa eta nik dakita zonbait jukutria guzien gainetik badela Katalunian jendarte iritzi bat uhain baten modura datorkiona. Alde batetik borondatea, mugimendua, bestetik imobilismoa, talka, kaska izigarriaren bezperan girea? Katalanak abilki ari dira jokatzen. Badugu zer ikasi.

Ta hemen ? 16 urtetan abertzale egin, bilakatu nintzen, 18 urtetan independentista, 22etan “autonomia lehen urratsa independentziaren bidean” lema pragmatismoz barneratu nuen. Geroago, instituzioa ta lurralde kolektibitatearen alde indar metaketa egitea beharrezkotzat ikusi dut beste hainbestek bezala. Bainan deus kendu gabe betiko zazpiak bat hariari.

Berriki entzuten nuen ETBko mahain inguru baten karietara Frantxua Maitia-k erraiten hemen Iparraldean abertzaleek ez zutela independentzia aipatzen edo arras guttik… Hori irriño batekin ziola. Ez diot Maitiari erakutsiko helburu taktikoen ta estrategikoen arteko desberdintasunak zoin diren. Abertzale giren heinean, Euskal Herriaren osotasunaren zaindari gira. Nere abertzaletasuna zazpiak bateri lotua zaio. Nahiz ta egunero lekuan lekuko jokatu. Nork ez du bere geroa erabaki nahi ? Edozein izanik ere bere identitate nazionala, helburu politikoa, sentsibilitate soziala. Nork ez du erabaki nahi ?

Nork ez du bere geroa erabaki nahi ?
Edozein izanik ere bere identitate nazionala,
helburu politikoa, sentsibilitate soziala.
Nork ez du erabaki nahi ?

Gure eskubidea da

Bilbon, ekitaldian, Ekuador, Sahara, Argentina, Herrialde Katalan, Senegal, Kolonbia, Galizia eta beste zenbait lekutan sortu herritarrek ozenki erran zuten “Gu ere Euskal Herritarrak gira, erabakitzeko eskubidearen alde gaude eta ekainaren 8ko giza katean egongo gira”. Irudi ederra eman dute. Hemen ere berdin egin daiteke Ipar Euskal Herri hau bizitokitzat hautatu dutenekin. Konbentzitua naiz Eskozia eta Kataluniaren ondotik Euskal Herriak ere baduela potentzilitatea erabakitzeko eskubidea agenda politikoan, jendartean xertatzeko.

Gu ere hemen euskal Herritarrak gira, erabakitzeko eskubidearen alde gaude eta ekainaren 8ko giza katean izango gira Landibartar talde bat.