Gure mendiak zain ditzagun

PrintFriendly and PDF
Jakes Lafitte
Jakes Lafitte
Ingérnieur
D'autres articles
Duela aste batzuk, Baztango mugetan ibilaldi bat egiten genuelarik, harritu eta barnetik hasarratu ginen pentze eder batean, kartutxoen hondarrak ikusi genituelarik.

Duela aste batzuk, Baztango mugetan ibilaldi bat egiten genuelarik, harritu eta barnetik hasarratu ginen pentze eder batean, kartutxoen hondarrak ikusi genituelarik.

Leku askotan bezala, Euskal Herrian mendiak jende gero eta gehiago liluratu eta hel arazten du. Ibilaldiak, mendiko txirrindularitzak, korrikazko lasterrak (Euskal trailak), dagokion aroan ehizak jende saldoak eramaten dituzte Euskal Herriko bazter oihantsu eta orlegietarantz.

Duela berrogei urte mendizaletasuna gazteen arazoa gehiago zelarik, gaur egun adin guztietako jendeak ikus ditzakegu Euskal Herriko mendietan. Bizitza kalitatearen hobetzea eta erretiratu asko Lapurdiko kostaldean bizitzea dira dudarik gabe tendentzia berri horren zergatikoak.

Mendeetan zehar, belaunaldiz belaundi, Euskal Herriko baserritarrek ingurumena zaintzen zuten, bizi guztirako hortxe bizi behar zutela – edo behintzat nahi zutela – jakinik, eta etxea eta lurraldeak ondorengoentzako garbi eta txukun gorde behar zutenaz jabeturik.

Ostegun guztiz « kalakari » deitu Angeluko mendizale talde batekook ibilaldi bat antolatzen dugu Iparraldeko bazterretan eta batzuetan Baztan herrialdean edo Gipuzkoan.

Beste edozein mendizale talde bezalaxe, ahal bezain ongi, ingurumenaz artatzen gara: berez deuseztatzen ez daitekeen zaborrik ez dugu botatzen; ikusten dugun kabala bakean uzten dugu, ikaratu, nardatu eta janarik eman gabe alegia; hesola bat iragan behar izatekotan, piketeak ez ditugu suntsitzen eta ateak berehala ixten ditugu; eguerdiko kantaldi bazkaria egiten dugun etxola edo kaiolarra, hasieran aurkitzen dugun bezalaxe – hau baita garbi garbia – uzten dugu, gure ondotik etorriko den taldea eta lekuaren jabea errespetatzeko griñaz.

Hots mendizale eta izadi zale zibilizatu orok egiten duen legez. Bortuzale talde guztiek halako jarrera baikor bat hartzen dutelakoan gaude, mendian bandalismozko arrasto oso gutxi aurkitzen dugulako. Ikusi genuen okerrena Milafrangarren aldeko « tag » batzuk izan dira.

Hala ere, duela aste batzuk, Baztango mugetan ibilaldi bat egiten genuelarik, harritu eta barnetik hasarratu ginen pentze eder batean, kartutxoen hondarrak ikusi genituelarik. Ez goaz ehiztarien aurka, urte aro guztietan, euren atsegina eta zaletasuna betetzeko, legeak baimentzen duenaren arabera naski, beraiek eskubide guztiak badituztelako.

Lekuan bertan hartutako argazkitik aurre ikus genezakeen bezala, denboretan zehar nekez suntsitzen diren plastikozko ondar horiek belarrez inguraturiko kapa madarikatu berri bat osatuko digute eta bazterreko lur azala desitxuratu eta izorratuko digute. Jarrera ezkor hau utzi beharko lukete ehiztariek, haien tiro aldia edo ehiza denbora amaitu ondoren, arreztelu edo beste tresna baten bitartez kartutxoen plastikozko hondarrak bildu eta hurbilen dagoen zabor ontzi batera eraman.

Ehiztarien talde barnean behintzat kide batek horretaz arduratu beharko luke. Baita ere, batek baino gehiagok bere buruari agintariek zer egiten duten galdatu beharko lioke. Foru Aldundiaren basozainek (Nafarra Garaian harturik izan da argazkia) isun baten bitartez zigortu beharko lituzkete halakorik egiten duten herritarrak. Baina zigorra baino hobeago halako akatsik egin behar ez dugula bururatu beharko genuke, benetan mendiaren edertasuna babestu eta gorde nahi dugunok.