Isiltasuna hautsi

PrintFriendly and PDF

Ezezda!Gauaren erdian elkarturik ziren, gertaturiko eraso sexualak salatzeko. Gauaren erdian, hitza hartu zuen emazte gazte batek: «Eraso bat salatzeko hartzen dut mikrofonoa. Salatu nuen… baina, erasotzailea babestu nahi izan zuten. Erasotzailea babestu zuten, aulki bat duelako Legebiltzarrean, haien iduriko jasan dudan erasoa baino garrantzitsuagoa delako haren karrera». Tonu deliberatu batean mintzatu zen emazte gaztea. Ikarak sendi ziren hala ere bere ahotsan. Bortxaketa bat salatzea ez delako erraza. Baina, indarra zen nagusi, dudarik gabe. Bortxaketa bat salatzea ez delako sekulan erraza. Hiru emaztetarik bat da sexualki erasotua izan. Eta isiltasuna nagusi. Isiltasuna nagusi denean zaila delako isiltasuna haustea.

Lur ikara eragin zuen hitzartzeak, ez zen besterik entzuten komunikabideetan eta jendeen arteko solasaldietan.

Dudarik gabe, bortxatzailea politikari ezaguna delako. Ez zen aipatu emazte hura aitzin berdina salatu zuen bestearen kasua. Hurbileko batek bortxatu zuen hura (hurbileko ezagun batek du burutzen bortxaketa gehiengo handi handi handi batean, gau ilunean karrika ilun batean gurutzatu bortxatzaile ezezagunek guttiengoa osatzen dute).

Milaka emazte eta aliatu atera ziren manifestatzera. Emazte anitzek zuten «bortxaketa baten ondotik bizirik dirauen bat naiz» pankarta gora gora atxikitzen. Indartsu. Hitza hartuz bortxatua izatearen zama arindu zien anitzei emazte gazte horrek. Isiltasuna nagusi denean zaila delako isiltasuna haustea.

Lur ikara zenean hemen, justu idatzi bat atera zuen emazte euskaldun batek, haurtzaroan pairatu eraso sexualak salatuz.

Indartsuak dira emazte horiek, erraten dizuet, kristoren indarra dute.

Zenbakien gibelean den errealitate gordina argiratzen dutelako: bortxaketak hor dira, egunero.

Argi da gure inguruan ere ditugula, aitzina segitzen dutenak, indartsu. Isilean seguruenik, baina isiltasun hori ez dute hautuzkoa, sistemak beharturikoa baizik.

Hitza hartu dute bizipen pertsonala kontatzeko, dakitelako bizipen pertsonal hori osotasun sistemiko baten zatia dela.

Aupa zuek.