Izan ala ez izan

PrintFriendly and PDF
Andde Sainte-Marie
Andde Sainte-Marie
Conseiller Régional, Paysan à Lantabat, militant abertzale socialiste, ancien porte-parole d'Abertzaleen Batasuna.
D'autres articles
Frankfurteko Europako banko zentrala, Europako burujabetza bakarra

Frankfurteko Europako banko zentrala, Europako burujabetza bakarra

Burujabetzaren afirmazio edo promesak estrategia politiko errentagarria izaiten segitzen du, nahiz ta engoitik jakina den zer nolako posibilitate hertsiak dituzten estadoek beren ohiko konpetentzietan. Iduri luke justuki inkapazitate nardagarri hori konpentsatu nahiz edo, sentitzen direla bortxatuak nazionalismo merke, inperialismo eta autoritarismo dosa haundiagoak jartzea beren egunerokoan.

Egiteko molde arras populista horrek hunkitzen ditu panorama politikoaren espektro guziak, hasi eskuineko punta batetik eta ezkerreko beste puntarat.

Estatu podere burujabearen edo soberanoaren teatralizazio hori ikusi dugu ezinago argiki azken hilabeteetan bai Alemaniako edo Greziako gobernuen aldetik. Gobernuen parekoak ote dira ere herritarrak ?

EZ erraiteko ahalmena aldarrikatzea ote da ahuldua, zangopilatua, ukatua edo alderantziz autoritarioa eta osoki bere erabakien jabe direnen parada bakarra ?

Lidergoaren beharra

Alde batetik erreferendum  baten lekuko izan gira Grezian, zoinen helburu nagusia zen greziar herritargoaren burujabetza edo soberania azpimarratzea, nahiz ta Tsipras lehen minixtroak arras untsa jakin ezin zituela bere hauteskunde promesa nagusiak bete jarduera politiko ekonomikoan.

Eta beste aldetik, erdi etsiturik bezala ikusi dugu greziar zorraren inguruko akordio bat aurkeztua izan dena ondotik Alemania guziz indartsuaren erantzun gisa.

Beraz hainbeste demokrazia zuzen, partehartzaile edo ordezkatuen ostokada ikusi eta, ni bederen galdera xinple eta bakar batekin gelditu naiz : nun da Europa ?

Europak ez ote ditu buruzagi gehiegi edo bederen ez ote ditu buruzagi mail haundiagokoak behar gauregun bere hastapeneko xedeak betetzeko?

21. mendeko desafioeri erantzuteko gaitasuna

Burujabea da, bere buruaz osoki erabakitzen duena. Bainan erabakitzeko behar da lidergo bat bete eta asumitu. Bete eta asumitu europar koherentzia bat azkartzeko. Greziar krisiarekin ikusi dena da soilik segismo  merke bat Europa osatzen duten nazio ezberdinen iritzi publikoaren araberakoa.

Greziar herritarren gehiengo haundi batek uste du Alemania dela bere egoera txarraren erantzule bakarra eta memento berean Merkel eta bere iritzi publikoak segurtamen osoa dute Grezia ez dela kide fidagarria europar ekonomia mailan.

Gauregun europarrak ez dira batzen hastapeneko europar idealaren baloreen inguruan, baizik eta euroezeptismo eta euro lider beharrezkoen falta gorrian.

Kontestu hortan ikusi da atsulutoki Europa hunkitzen dituen arazo izan ekonomiko edo politiko batzu arras beste molde batez behar litaizkela konpondu. Europaren arazoa ez da soilik Grezia, baizik eta Europa bera.

Harrigarri egiten zait egunetik egunerat ikustea osoki europazale aldarrikatzen diren buruzagi politikoen eskasa. Buruzagiak Europa solidarioago bat gauzatu lezaketena, estado nazioen jeloskeria eta harroputzkerien  gainetik.

Europa bat bere estadoen diskurtso partikularretarik haratago joan litzatekeena,  estado ahulduenak behar den baino gehiago humiliatu gabe. Europa bat gai litzatekeena krisia ekonomiko edo sistemiko larrienean ere bere balore humanistak, bere balore demokratiko funtsezkoak, bere balore ainitztasunezkoak populueri dagozkienez aintzinean emaiteko.

Egunero ikusten ez dugun bezala ere, Europa bat solidarioa eta elkartasunez betea bere hegoaldetik itsasuntzitaraka etortzen diren errefuxiatu ekonomiko edota politikoekin.

Nabarmen ikusten ari girena hauxe da azken finean: Europako estatu nazioak ez dira batere gai, ez dira marko politiko egokiak 21. mendeko desafio haundieri erantzuteko.

Soilik demokrazia “transnazionalizatu” bat aldarrikatuko eta obratuko duten buruzagiak ditu behar Europak. Hortarako alabainan, gauregungo europar nazio poderetsuenek obligazio moral eta politikoa lukete beraien interes partikularretarik haratago ikustea, beren egozentrismoa irentsiz.

Jakina da europarrek berek Europarekilako duten deskonfiantza hori parte batean distantzia teknokratiko batek eragiten duela.

Europar Batasuna eraikitzeko baliatu ziren kodeak arraberritzeko behar gorria dute, hurbiltasun eta kontrol demokratiko berriak asmatuz eta ofizializatuz.

Europa izan ala ez izan!

Baten batek erranen du agian, ikuspegi hori arras utopista dela. Ez ote da alta antidota bakarra Europa xixtatzen duen pozoinaren kontra ?