Nahaste borraste

PrintFriendly and PDF
Jakes Bortayrou
Jakes Bortayrou
Employé dans l'enseignement du basque aux adultes, membre de BATERA et militant d'Abertzaleen Batasuna
D'autres articles

NahasteApartekoa da bizi dugun garai politikoa. Apartekoa ere militante abertzale eta ezkertiar frango inarrosten dituen sentimenduen zirimola. Hara palto horien mugimenduaren azterketa bat, honen alde baikor eta ezkorren bilduma egiten duena.

Zalantzak, hasieran nagusi. Zer arraio da ezantza merkea aldarrikatzen duen mugida hori? Eskuin muturrak sustaturiko “beauf” batzuk ote edo inuxenta galantak seguraski. Jarrera sexista eta homofoboak entzun eta ikusi dira han hemenka. Beste nunbait migranteak atxeman eta poliziaren esku utzi  dituzte. Konplotisten zonbait berri zabaltzen dituzte. Susmagarria! Antolaketarik ez, ordezkaririk ez, bozeramaileak trumilka. Ez dateke iraun.

Haserrea eta frustrazioa, momentu batzuetan. Hedabideetan mintzo diren jaka hori askok, ez gazteak gainera, aitortzen dute lehen aldikotz manifestaldi batean parte hartzen dutela! Bainan nun ziren jende horiek guztiek azken hamarkadan, hainbat borroka sozial eraman direlarik, erretreten defentsan, lan legearen kontra edo beste? Alderdi, sindikata eta mugimendu antolatu oro fueratu nahi dituzte. Ederki, arrazoiak ez dira faltako mesfidati izaiteko baina urteetan sistemaren kontra eta zapalkuntza salatzeko mobilizatu direnekiko injustua da kritika. Pasa den udaberrian, 68ko maiatzaren urtemuga kari, jendarteko sektore desberdinetan mobilizazio azkarrak eramaiten zirelarik (trenbideetan, ospitaletan, unibertsitateetan…) eta aberatsen aldeko Macronen politika jada luze zabal salatzen zelarik, mugimendu sozial orokor baten mentura aipu zen. Ez zen sortu. Sindikatuek betiko desmobilizazio taktikak erabili zituzten eta udako pausak energiak barreiatu zituen.

Era berriko mugimendua

Harridura usu. Astez aste irauten du mobilizazioak eta nehork uste ez zuena lortu du, urte hondarreko festa garai mortala gainditzea. Hasierako Facebook-eko mugida birtuala mugimendu sozial zabala bihurtu da. Aburu sundaketek diotenez iritzi publikoaren gehiengoak sustengatzen segitzen du, nahiz eta episodio bortitzak gertatu. Mugimendu sozial orori ezinbestekoa zaion bezala, iraganik gabeko mugimendu honek imajinario kolektiboa eraikitzeko beste borroketako edo garaietako pieza heteroklitoak biltzen ditu: frantses iraultza eta Marseillesa, sindikatuen lelo batzuk,  Johnnyren kantuak, ahantzi gabe asmakizun bikaina: espazio publikoan eta eztabaida politikoan ikusezinak zirenak jaka horiz jantzi… Blokatze taktikak, espazioen okupazio iraunkorrak, matxinada eta barrikadak, borroka molde klasikoak erabiltzeaz gain, mugimenduak ausardia erakutsi du ingurabideen okupazioak biderkatuz. Mugimendu erabat berri gisa, ez du borrokaldien porrotaren memoria mingotsa, beste askok bezala. Irabaztea posible delako konbentzimendua arma handiena baita borrokan sartu eta irauterakoan. Alde handia da sindikatuen gibeletik borrokan ibili eta hainbeste hutsegite bizi izan dutenekin, nun eta gobernamenduko lege proiektu berri bat ateratzen delarik, jendea sinetsi gabe mobilizatzen den.

Mugimendu sozial orori ezinbestekoa zaion bezala,
iraganik gabeko mugimendu honek
imajinario kolektiboa eraikitzeko
beste borroketako edo garaietako
pieza heteroklitoak biltzen ditu.

Miresmena ere. Determinazio ikusirik, jende batzuen engaiamendua egunez eta gauez. Gobernamendua paretaren kontra ezarri dute eta usaiazko ele ederrek ez dute funtzionatu, ez dute mugimendua desmobilizatzea lortu. Hasierako elementu pizgarria, ezantzaren gaineko tasa, bigarren planoan emanik eta borroka defentsiboan egon ordez, ofentsibara pasatu da mugimendua, justizia sozial eta fiskalaren gaia deplauki pausatuz. Ordezkaritza demokratikoa eta instituzioen funtzionamendua ere erdigunera ekarri dute, borrokari kutsu politikoa emanez.

Erantzuna: poliziaren bortizkeria

Elkartasuna nola ez! Gobernamenduaren ezintasun politikoak errepresioari bidea ireki du. Sekulan ikusi ez diren atxiloketa masiboak gertatu dira (6.500). Auziek eta presontegiratzeek (153 pasa) marka guztiak hautsi dituzte. Denbora berean poliziaren bortizkeria ozka batez igo da, zauri larriak, bizi osorako mutilatuak eta okerrak eraginez. Luzaz manifestarien ekintza bortitzak eta hautsitako birinak baizik ez dituzte aipatu hedabide nagusiek, jendearen haserre legitimoa sortuz bainan azkenean fenomeno hain zabala eta orokorra izanik (200 prozedura irekiak) bat bestearen ondotik gaia tratatzera behartuak izan dira.

Sentimendu eta gogoeta guzti horiek buruan, ez zaigu beti errex jaka horien mobilizazioetan parte hartzea baina beste leku askotan bezala, Iparraldean ere konbergentziak sortu dira dinamika  ekologiko edota sindikatuekin. Mugimenduaren geroa nehork ezin du iragarri. Erne egon gaiten gure segurtamenak sakelan sartuz.

 

Laisser un commentaire

Votre e-mail ne sera jamais publié ni communiqué. Les champs obligatoires sont indiqués par *

Connect with Facebook

*
*

Vous pouvez utiliser ces balises et attributs HTML <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>