Opinion
Frantziar gehixenek nazioaz duten ikuspegia honela laburbil nezake zenbait puntutan. Estatua eta Nazioa bat daude. Sinonimoak dituzte Herria, Aberria, Populua, Ziutatea (le Pays, la Patrie, le Peuple, la Cité). Denek adiera berdina dute. Halaber “citoyenneté” ala “nationalité”, gauza bera da. "Autonomia” eta “independentzia” sinonimoak dira. Estatala “national” da, estatal ez dena “régional” edo “local” da : adibidez euskara hizkuntza “régional” bat da, Eusko Jaurlaritza gobernu “régional” bat da, ETB telebista “régional” bat da, Iparraldeko berriak “local” dira…
Berriki arte, historiaren irakaspena oso nazionalista izan da. Orain nazionala da. Barneko nazionalitateen historiak ez du hor lekurik, badirenik ere ez da aipatzen. Historia bakuna da. Minoria nazionalik ez dago Frantziako Errepublikan. Frantziar guziak berdinak dira. Frantziar ikuspegian, denak identikoak dira. (...)