Turismoa eta herria

PrintFriendly and PDF
Eneko Bidegain
Eneko Bidegain
Enseignant en communications audio-visuelles à l'Université Mondragon. Ex-journaliste de Berria. Ecrivain.
D'autres articles

PisuTuristikoaUda honetan sekulan ez bezalako eztabaida sortu da turismoaren harira. Azken urteetan Donostia bihurtu da turismo masifikatuaren lekuetarik bat, eta horrek lekuko (bereziki parte zaharreko) jendearen kezka eragin du, lehenagotik Veneziako edo Bartzelonako herritarrek duten gisa berekoa.

Dena bideratu da turismora, lekuko jendearentzako merkatu eta zerbitzuak urritu dira eta ostatu eta terrazek hartu dute toki guztia; horrekin batera prezioak ikaragarri emendatu dira.

Erakundeetako ordezkariek diote turismoak lana dakarrela… Lan prekarioa, soldata apalegikoa, turismoaren ondorioz dauden prezioen arabera bizitzeko.

Ernai gazte erakundeak kanpaina egin du turismo eredu horren aurka. Betikoek aitzakia baliatu dute ezker abertzalearen zikintze kanpaina egiteko, “turismofobia” leporatuz eta, gisa horretan, eztabaidaren mamitik ihes eginez.

Denak une batez turistak garelakoan, edozein gisetako turismoa itsu-itsuan onartu behar ote da?

Gauzak beltz ala zuri balira bezala mahai gainera ekartzeak ez dio nehori mesederik egiten. Egia da edozein lekutara joatea eskuragarri bihurtu dela: hegaldi merkeak, hoteletako eskaintza bereziak… Anitzek lau eguneko oporraldia eduki orduko lekuak husten dituzte, nonbait turista izateko. Derrigorrezkoa – are gehiago, lagunen edo lankideen arteko lehia – bihurtu da “oporretara” joatea, ahal bezainbat; etxean gelditzen dena triste paketa bat balitz bezala.

Neurririk ez dugu; eta neurririk gabe joaten garen bezala, neurririk gabe dator jendea Euskal Herrira. Eta horrek turismoaren masifikazioa eragin du. Baita ere toki turistikoetako “aisialdi” edo animazio eskaintzaren uniformizazioa.

Uda honetan hartu duen formarekin, badirudi Euskal Herrian ez zela sekula izan turismo ereduari buruzko eztabaidarik edo gogoetarik.

Ez da horrela. Gauzak ez dira 2017an hasi, ez eta ere Donostian. 70eko hamarkadan, Lapurdin, mugimendu abertzaleak salaketa zorrotza egin zuen turismoaren kontra. Ez turismoaren kontra izate soilagatik, baizik eta agintariek Lapurdirentzat pentsatua zuten antolaketa ekonomikoa ia osoki turismora bideratua zelako. Horrek zekartzan kalte guztiekin. Klase borroka bat zen, euskal izaeraren defentsa borroka bat ere bai. Ordutik hona turismoa anitz aldatu da, baina 70eko hamarkadako funtsezko galdera haiek hor daude.

Turismoak neurtua izan behar du, herritarrei kalte egiten ez diena, herria desitxuratzen ez duena. Eztabaida globala da, ez baita bakarrik Euskal Herriko arazoa, sistema ekonomiko ezin liberalagoaren ondorioa delako.

Ordutik hona turismoa anitz aldatu da,
baina 70eko hamarkadako funtsezko galdera haiek hor daude.
Turismoak neurtua izan behar du,
herritarrei kalte egiten ez diena,
herria desitxuratzen ez duena.

Horiek horrela, herri gisa ere pentsatu behar da zer egin eta nola jokatu. Aurtengo epizentroa Donostian izan bada ere, ez da Donostiako arazoa bakarrik, eta gai honetan sakonki gogoetatu duten eta esperientzia handia duten lapurtarren eta, hein batez, Nafarroa Behereko eta Zuberoakoen urteetako lana hor dago, etorkizuneko estrategiak pentsatu nahi badira.

Erakundeek beren ardura daukate merkatu librea arautzeko. Ezin dituzte onartu ostatuko prezio handi horiek eta etxebizitzen espekulazio neurrigabea. Ezin dute bultzatu batzuen sakelak bakarrik gizentzen dituen sistema. Oreka ekonomikoa bermatu behar dute, sektore bakarraren aldeko apustu hutsaren ordez.

Aurten Zarautzen eta Donostiako bestetan egin dutenaren kontrara, Euskal Herria eta euskal kultura babestu behar dituzte, eta ez baztertu eta espainola promozionatu.

Herri gisa eta herri ikuspegitik lotzen gatzaizkio denak gai honi, edo herria bera eramanen du turismo masifikatuaren ur-laster honek.

Nolako herria, halako turismoa.

Nolako turismoa, halako herria.