Udalbiltzaren aro berria

PrintFriendly and PDF
Eneko Bidegain
Eneko Bidegain
Enseignant en communications audio-visuelles à l'Université Mondragon. Ex-journaliste de Berria. Ecrivain.
D'autres articles

UdalbiltzaHerriko bozen ondotik, Udalbiltzak Ipar Euskal Herriko bi  aldiz kide gehiago edukitzea espero du, 120 bat kide izatera helduz. Udalbiltza franko isilpean egon zen azken urteetan; haren kontrako auzibideak beste bide batera eraman zuen, baina kargurik gabe aske gelditu ondoan, Udalbiltzak segi dezake lanean, legez. Horiek horrela, aitortu behar da azken urteetan ez dela mugimendu abertzalearen ardatz estrategikoa izan. Lizarra-Garaziko prozesuaren denboran, bazirudien ildo estrategikoa zela nazio eraikuntza eta gure tresnak guhaurek eraikitzea, jakinik Frantziak eta Espainiak ez dizkigutela sekula emanen. Eta Udalbiltza zen garai haren ikurra. Zorigaitzez, 1998ko su-etenak hamalau hilabete baizik ez zuen iraun, eta abertzaleen artean ordu arte sekula lortu ez zen batasuna eta elkarlana suntsitu ziren, Udalbiltza batua barne. Horrekin batera, Udalbiltza eta nazio eraikuntzaren estrategia laugarren planora iragan ziren.

Geroztik, ildo politikoa bihurgunez betea izan da. 2006ko prozesuko gaia zen Hego Euskal Herriarentzako autonomia estatutu bat negoziatzea Madrilekin (horrekin loturik, Ipar Euskal Herriko autonomia aldarrikapena mahai gainera ekarri zuten). Baina prozesu hark ere laster huts egin zuen. Oraingo prozesuaren norabide zehatza jakitea ez da biziki aise. Erabakitze eskubidearen aldarrikapenak eginen du bide, Gure Esku Dago ekimenari segi? Eskubide horretan “Zazpiak bat” urraezina baztertuko da eta Euskal Autonomi Erkidegora mugatuko da? Nafarroa barne? Kataluniako prozesuari so, eta Aberri Egunaren harira, Sortuk garbi adierazi du Espainiarekin ezin dela deus negoziatu, ez duela  deus onartuko. Independentziaren bidea egitekotan, alde bakarrekoa izan beharko da. Egun berean iragarri zuen Udalbiltzak, Baionan, berraktibatzeko xedea. Bien arteko lotura egin daiteke, logika osoz.

Oraino goiz da, ordea, bidea zenbat argitzen ari den errateko. Goiz da jakiteko Udalbiltza eta nazio erakundeen eraikitzea izanen diren ondoko hilabete eta urteetako ardatz lehenetsia. Hala izateko, baitezpadakoa da gutxienez abertzale guztiek bat egitea  bide horrekin, eta ahal bada abertzale izan gabe ere Euskal Herriaren izaera onartzen dutenek ere bai. Ez da seinale txarra Udalbiltzak harremanak izan ditzan Garapen Kontseiluarekin, Euskararen Erakunde Publikoarekin edota Akitaniako arduradunekin. Berriz ere Ipar Euskal Herriak erakuts dezake bidea elkarlana adosteko orduan. Oraingoz, Hego Euskal Herrian ez daude horretan, eta ez diote Iparraldeari anitz so egiten. Azken urteetan, gainera, Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko distantzia handitu da. Ordu da loturak sendotzen hasteko. Udabiltza izan daiteke horretarako oinarrizko tresna.