Venezuelatik

PrintFriendly and PDF
Andde Sainte-Marie
Andde Sainte-Marie
Conseiller Régional, Paysan à Lantabat, militant abertzale socialiste, ancien porte-parole d'Abertzaleen Batasuna.
D'autres articles

VenezuelaVenezuelako nahasmenduek ez dute etenik. Chavez hilez geroztik egoera ekonomikoa eta politikoa itsuski txartu da. Zein dira hobendunak? Zein dira balizko aterabideak? Hara egoera horren azterketa bat.

Ez da dudarik Hugo Chavezen agintaldia (1999-2013) lorpen demokratiko eta politikoez osatua izan dela Venezuelan, bereziki pobrezia maila apaltze arloan. Bere garaian Chavezek lortu zuen ere hazkunde ekonomikoaren garatze nabarmena, barne produktoa bostez biderkatuz. Elementu positibo horiek dukete ahalbidetu bere agintaldiaren iraunkortasuna. Kontestu baikor hortaz baliatu zen ere erresumako instituzio zaharkituak berritzeko, prozesu konstituiente, ideki eta partehartzaile bat bozkaraziz eta kasik sistematikoki kontsulta herrikoiak plantan emanez.

Funtsean “iraultza bolibarianak” eragina izan zuen ere inguruko estadoetan, gisa berdintsuko gobernu ezkertiar eta progresistak poderean jartzeraino…

Petrolarekilako menpekotasuna

Zortixarrez gauzak mindu eta aldatzen hasi dira Maduro lehendakariak poderea hartuz geroztik 2013an. Venezuelak geroztik bere historiako krisi ekonomiko larriena pairatzen ari da, urgentzia sozialeko argi gorri guziak piztuak direlarik eta ondorioz polarizazio politikoa pil pilean jartzeraino.

Egoera ekonomiko katastrofiko horren arrazoinak aski jakinak dira: 2014an petrolioaren prezioak peko errekarat jausten ziren mundu osoan, jakinez Venezuelaren esportazioen % 95a produkto bakar horrekin osatzen dela aspalditik. 2014a arte petrolioaren etekinak nasaiak ziren, bainan inportazioen kostua edo balioa beti eta haundiagoa bilakatzen hasi zen. Ondorioz tendentzia inflazionistari atea ideki zen, erabat gobernuaren kontrolpetik eskapatu arte. Eguneroko kontsumorako prezioak hasi ziren igotzen etengabe, gobernuaren bat bateko erreakziorik gabe. Memento berdinean, konplikazio bat gehiagorekin jakin behar izan zuen Maduroren gobernuak: 2016 eta 2017 kanpo zorraren itzultze-pagatze masiboa segurtatu behar zuen halabeharrez. Chavezen doktrinari jarraikiz, zailatasunak zailtasun, betebehar hori obratu zuen, bederen 2017ko urte ondarra arte. Jada aski ez balitz bezala, orduan berean ipar amerikar administrazioa Venezuelaren kontrako lehen neurri ekonomiko eta finantzieroak aplikatzen hasi zen.

Agian egoera jasangaitz hori itzulipurdikatzeko gai izaiten ahalko zen gobernua, petrolioaren produkzioa ez balitz memento berean peko errekarat joan. Alabainan 2014an egunero hiru milioi untzi produzitzetik milioi bat soilik ateratzeko gai izan da 2018an. Inflazio egoera guzietan bezala, petrolio produkzioaren gainbeherrak erresuma infernuko espirala batean jarri du emeki ta segurki: produkzioa apaltzen da inbestitze diru eskas gorriagatik, ondorioz esportazioetarik sos ainitzez gutiago sartzen delarik.

Kontinente amerikarreko aldaketak

Bizkarra paretaren kontra, Maduroren gobernuak salatzen du “kapital pribatuak eta nazioartekoak” bere kontra sortutako gerla ekonomiko eta politikoa. Agian errudun bat izendatzeak sentsu bat eman lezake arrazoeri bainan egiazki laguntzen ote du beharrezkoak diren aterabideak aurkitzeko ? Venezuelaren “infernurako” bidearen hastapena kontestu politiko jakin batean gertatu da. Amerikar kontinentea mutazio politiko sakonari buelta emaiten hasi zitzaion 2015/2017 urteetan. Hego amerikar ezkerreko progresismoaren hainbat gotorleku eskuin gogorreko koalizio batzuen eskuetarat erori ziren, Argentinatik hasita Brasileraino, beraien ezkerreko buruzagiak preso sartzeraino atrebituz, Ipar Amerika eta Trumpen benedikzioarekin.

2014a arte petrolioaren etekinak nasaiak ziren,
bainan inportazioen kostua edo balioa
beti eta haundiagoa bilakatzen hasi zen.
Ondorioz tendentzia inflazionistari atea ideki zen.

Pentsatzekoa da beren helburuetan dutela ere, molde batez edo bestez, Chavezek bultzatutako iraultza bolibarianarekin bukatzea ere.

Ikusita 2019 huntako Venezuelaren egoera kaotikoa, badu garaia gobernuak sakonki joko politikoan kartak mugitzea eta iniziatibak hartzea, iraultza iragan bati iraultza berri bat emaiteko.

Badu garaia oraindik ezkerreko ikuspegitik erreforma estrukturalak bultzatzeko. Behintzat Maduroren gobernua beti ezkerrekoa eta iraultzailea bada. Eta hala balitz ere, ez ote da berantegi?