
Maiatzaren 10ean, Ezpeletan, Batera herritar plataformak Lurralde Kolektibitatearen aldeko dinamika berpiztu du. Birsortze Biltzar Nagusian parte hartu duten 120 bat pertsonek plataformaren oinarriak finkatu dituzte.
Euskal Elkargoa sortu eta zortzi urte berantago, eragile sozial desberdinak eta tendentzia politiko desberdinetako ordezkariak ados jarri dira lurraldearen etorkizuna elkarrekin gogoetatzeko eta instituzio berri baten alde egiteko.
Ipar Euskal Herriko Lurralde Kolektibitatearen alde
Birsortze Biltzar Nagusian aho batez onartu mozioak* Euskal Elkargotik Lurralde Kolektibitatera pasatzeko beharra azpimarratu du, lurraldea eskumen eta baliabide gehiago eskura ditzan. Horrela, Batera plataformak segida ematen dio Baterak, Hautetsien Kontseiluak, Garapen Kontseiluak, Herrien Biltzarrak eta Merkataritza Ganbarak 2013an adostutakoari. Lurralde Kolektibitatearen ezaugarriak oraindik zehaztekoak badira ere, antolatzaileek Lyongo Kolektibitatea hartu dute adibidetzat, Lurralde Kolektibitate hori baita Elkargo baten eta Departamendu baten eskumenak biltzen dituen bakarra.
Batera Berria
Biltzar Nagusian hitza hartu dutenek herritar plataformak azken urteetan eraman lana goraipatu dute. Horrez gain, lurraldearen aniztasuna islatzen duen Talde Eragile berria eratu dute.
2025-2028ko bide-orria
Finkatu helburua lortzeko, Baterak heldu diren urteetako bide-orria aurkeztu eta bozkatu du. Herritar plataformak idekitzen den hauteskunde sekuentzian eragin nahi du (herriko bozak, presidentzialak, departamentalak eta eskualdekoak), Ipar Euskal Herriaren etorkizun instituzionalaren gaia lehen lerroan ezartzeko, helburua delarik horren aldeko gehiengo politiko eta soziala sortzea lurralde osoko jendarte zibila eta energiak mobilizatuz.
Lurralde Kolektibitatea sustengatzeko deialdia
Batera herritar plataformak lurraldeko herritar eta eragile guziak deitzen ditu Ipar Euskal Herriko Lurralde Kolektibitatearen alde mobilizatzera dinamikan parte hartuz (https://plateformebatera.org/)
Batera herritar plataforma
https://www.facebook.com/batera.plataforma
https://www.instagram.com/batera_plataforma
*2013an, Batera plataformak, Hautetsien Kontseiluak, Garapen Kontseiluak, Herrien Biltzarrak eta Industri eta Komertzio Ganbarak mobilizazio handi bat sustatu zuten elkarrekin Ipar Euskal Herriko Estatus Bereziko Lurralde Kolektibitate baten alde. 2017an, lurraldeak errekonozimendu instituzional historikoa lortu zuen Euskal Elkargoaren sortzearekin.
Euskal Elkargoan metatu den lan eta esperientzia kolektiboan oinarrituz, Ipar Euskal Herriko bilakaera instituzionalaren aldeko aldarrikapena berpizteko borondatea berresten dugu, gaurko Euskal Elkargotik Estatus Bereziko Lurralde Kolektibitate bateruntz joateko.
2002an hasitako Batera plataforma berraktibatzea erabakitzen dugu eta Estatus Bereziko Lurralde Kolektibitatearen aldeko herri mobilizazio fase berri bat idekitzea. Horren ondorioz, engaiatzen gira:instituzio horri buruzko informazioa zabaltzera, bilakaera horrendako beharrezkoak izanen diren mobilizazio guzietan parte hartzera elkarrekin etapa instituzional berri bat eraikitzera Euskal Herriarentzat.