Auzolana zerrenda bakarra par Panpi Sainte-Marie

PrintFriendly and PDF

ELB eta Biarnoko Confédération paysanne zerrenda amankomunean aurkeztuko dira 2013ko urtarrileko departamenduko laborantza ganbarako hauteskundeetan.
Hala hor errana! Bat baino gehiago harritu ditaike berria jakitean. Enbata astekariko irakurle fidela eta Euskal Herriko bizi politiko, sozial, kulturala doi bat segitzen duen orok pentsatu duke “zer gertatzen da?”, beste batzuk ere berdin “orain gibelka?”. Entseatuko naiz, nere heinean, astekari huntako irakurle oro lasai­tzera. Lasaituko ez direnak izanen dira agian FDSEAko batzu.
Lehenik, historika doi bat egin dezagun. Duela 30 urte sortu zen ELB eta, orain arte, zerrenda propioa aurkeztu du beti Iparralde huntan, Biarnoko Confédération paysanne-k berdin jokatzen zuelarik bere lurraldean, halere proiektu adostu amankomunarekin. Departamenduko laborantza ganbarak Euskal Herriko laborantzaren berezitasunak ezagut eta defendia ditzan borrokatu da ELB hogei bat urtez. Han, Pauen ELBko bi ordezkarik zer egin zezaketen parean ziren kasik hamar aldiz gehiagoren kontra? Bai kontra! Gure eskakizun guzien kontra tematu dira itsuki. Itsuki? Bai gure ustez abilkiago jokatu balute, gurekin ulerkorrago, eztiago izan balira, berdin ixtorioa besterik izanen zen.

Prozesu luzea
Pauen FDSEA jaun eta jabe izaite horrek, gurekilako izan duten hertsidura, errabia, nunbeit bere kaltetan eta gure alde bihurtu da azkenean. Hogei urte horietan, FDSEAk, uste gabean, hemen laborarien artean egitura instituzional baten sortzearen beharra finkatu du. Prozesu luze bat izan da bainan beharrezkoa. Fruituak ondu behar zuen. Erran behar da ELBren inguruan eta hurbil, 30 urte hauetan egitura alternatibo ainitz sortu dela (GFAM, AFOG, Idoki, Arrapitz…). Hemen zerbait falta genuelarik, frangotan, guhaurek jakin izan dugu beharrezkoa zen tresna sor­tzen. Euskal Herriaren dinamismo hori adibide horietan frogatzen da. Beraz, ez da harritzekoa 2005ean EHLG sortu badugu. 2001ean gehiengo sindikala bilakatu ginen Iparraldean bainan ez zen nahikoa izan estatu frantsesarentzat. Beti bezala, dena estakuru lehenik eta azkenean ezin bestean «ersatz» bat emanez, egiazko ahalmenik gabeko kusku huts bat.
Eta orain bide horrek lagundu gaitu ere 2012an kontestu berri batean kokatzera. Euskal Herriko Lurralde kolektibitatearen ideia, laborantza eta CDOA (departamenduko laborantza norabideen batzordea) propioekin, zabalki onartua da jendartean, Hautetsien kontseilu eta Garapen kontseiluraino. Ez gira prozesuaren bururat helduak, bainan gauzak zinez bidean dira. Euskal Herriko laborantzaren berezitasunen aldeko konpetentzien eta antolaketaren eskuratzea lehenezko helburuetan da ELBrentzat. Halere, gaurko laborantzaren egoera ikusita, beste modelo baten behar gorriaren erakustea da gure lehentasunetan ere. Biarnoko Confédération paysanne-kin batzea aldarrikapen hori agerian emaiteko manera bat da. ELBk aspaldian bi borroka frente edo adar baditu. Lehena, instituzioarena, aski aintzinatua dena gure ustez, orain hauteskunde hauetan batzuentzat hain bat harrigarria iduri lukeen erabakia hartzerat eraman gaitu. Gure artean aski eztabaidaturik, eskualdeko bilkuretan baita azkenik gure Biltzar nagusian trenkaturik.

Ainitz eta uros
Ezin geldituzko bide ekonomiko okerraren ondorio latzak pairatzen ari gira! “Ezin gira izan ainitz eta uros!” zion departamendu huntako laborantza ganbarako FDSEAko lehendakari ohi batek. Ohar horrek ezinago argiki laburbiltzen du Paueko laborantza ganbarak eta hunen eramaile den FDSEAk gaur egun oraino duten logika eta doktrina, laborantzako hautu eta norabideak finkatzerakoan. Gaurko egoera larriaren arduradun nagusia da FDSEA. FNSEA da ere Estatu mailan sindikatu nagusi eta gaur pairatzen ditugun hautu politikoen sustatzailea.
Begira: 30 urtez behi ekoizleen %80 desagertu da departamenduan, etxaldeen haunditzea eta ekoizle ttipien etsipena beti sustatu duelarik beren ustezko «guttiago, haundiago eta urosago» haren lortzeko. Ardi eta behi esne ekoizleak ikusi ditugu ere esne ixurtzen ari beraien ezinegona eta egoeraren larri­tasuna salatzeko. Sindikatu baten «arduradun» au­todefinitzen diren beste laborari batzu aldiz industrialariekin eskuz esku ikusi ditugu: hor dira bi argazki esanguratsuak!
Paueko laborantza ganbara eta FDSEA ez dira Biarnoko eta Euskal Herriko laborari guzien zerbitzutan ari. Goraipatzen duten konzentrazio eta industrializazioak, ondorio geroz eta latzagoak ekartzen dituzte. Laborariek dituzte lehenik jasaiten, gure lurraldeak ere hunkiak dira eta kontsumitzaileek ez dute bat egiten modelo horiekin. Gure ofizio ederrak beti eta gazte guttiago erakartzen du, alta etorkizunekoa izaiten ahal delarik.
Esperantza berriz sustatu behar dugu laborari biarnes eta euskaldunen artean, egoera ez baita aldaezina. Laborantza iraunkorrak balio erantsia sortzeko balio izan behar du, enpleguaren bultzatzeko eta ingurumena zaintzeko. Hori da bidea. Laborantza herrikoia ez da konzeptu teorikoa. Laboraria jokoaren erdian ezartzen du, kontsumitzailearekin harremanetan eta Iparralde barnealdean ikusten den bezala lurralde osoa biziarazteko gaitasunarekin.
Gure indarra elkartasuna da! Egoera berdina jasaiten dugu biarnes eta euskal laborariek. Hain da egoera txartua nun elgar lagundu, elgar indartu, behar baitugu, FDSEAri buru egiteko.
Gure geroa eskutan hartzeko, segur gira hautu egokiena egin dugula!

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video