
2026ko urte hastapen honetan, harreman osasuntsuak, bizia erdigunean ezarriko duen borroka soziala, euskararen eta askatasunen defentsa, eta Euskal Herrian alternatibak asmatzeko nahia azpimarratzen dizkigu Argitxu Dufauk. Urte gorri, ubel eta borrokalaria abiatzeko deia.
2026 urtea hasi berria da, ziklo berri bat. Urtero, urte ona desiratzen dugu baina aurten begilagun gorriekin egingo bagenu?
Gorria… maitasunaren kolorea da.
Aurten maitasunez ingura gaitezen. Baina soilik harreman osasuntsu, deseraiki eta toxikorik gabekoen bidez. Eta, batez ere, guk aukeratutakoak eta arrazoi onengatik. Ez gizarteak agintzen duelako, baizik eta onura ematen digutelako, argitzen gaituztelako eta hazten laguntzen. Ingura gaitezen gure mugak errespetatzen dituzten jendez, gure garaipenak ospatzen dituztenak eta gure ahultasunak epairik gabe onartzen dituztenak. Jakin dezagun adarrak mozten behar denean eta berri batzuk hazten uzten gure aitzinean agertzen direnean. Aukera ditzagun goratzen gaituzten loturak, entzutea eta elkarrekikotasuna sustatzen dutenak eta nor bere burua izateko askatasuna uzten dutenak. Aurten, gure harremanak babesleku eta motor bihur ditzagun!
Gorria… biziaren kolorea da.
Aurten ere, elkarrekin borroka gaitezen bizitza erdigunera jartzeko. Borroka gaitezen gorputzak eta planeta agortzen dituen sistema kapitalistaren aurka. Defenda dezagun gizarte-eredu bidezko bat, non biziak etekinen gainetik lehentasuna duen eta borroka bakoitzak benetan iraunkorra eta solidarioa den mundu batera gerturatzen gaituena. Borroka honetan, langile klasearen inplikazioa eta antolakuntza ezinbestekoak dira. Lantokietan gurutzatzen dira injustizia eta diskriminazio guztiak. Borroka eremua dugu non aberastasunaren banaketaren alde jardun dezakegun, lan baldintza duinen alde, emazteen eta gizonen arteko desberdintasunen amaieraren alde, diskriminazio oro desagertzeko eta lan guztien aitortza justuaren alde. Oraindik pausoa eman ez baduzue, 2026 izan dadila zuen engaiamendu sindikalaren urtea, lantokian eta harago. Afiliatu zaitezte!
Gorria… lanjeraren kolorea da.
Urte berri hau hasi dugu biziki kezkatuak gure hizkuntza, euskara, alerta egoeran dagoelako. Hizkuntza bizia, historia eta nortasunaren garraiatzailea, pixkanaka desagertzeko arriskuan da, guk babesten ez badugu. Hitz egin dezagun, transmititu dezagun, gure etxeetan, eskoletan, karriketan eta lantokietan gure hizkuntza bizi dadin, ofizialtasuna hortik has dadin. Baina hori ez da nahikoa izanen. Mobiliza gaitezen hizkuntza politika ausarta eta behar bezainbat finantzatuaren alde!
Bestalde, munduko hamaika tokitan, eskuin muturra boterean dago edo hartzekotan. Euskal Herrian ere, gero eta ekintza faxista gehiago salatzen dira. Faxismoaren lanjeraren aitzinean ez gara isilik egonen eta antidoto hoberena sindikalismo borrokalaria, feminista eta anti-arrazista da.
Gorria… asmakizunaren kolorea da.
Frantziako Estatuko jakobinoen ultra zentralizazioaren eta kapitalismo globalaren mehatxuen aitzinean, Euskal Herrian egiten dakigun bezala, segi dezagun gure alternatibak sortzen. Herria bere burujabetza osorako egituratzen duten tresna guztiak eskuratu behar ditugu. Gizarte sailean, laborantza eta arrantza, hezkuntza arloetan… Herri proiektua eraikitzen segitu behar dugu, eta lan eremuan ere bai. Ipar Euskal Herriko langileentzat negoziazio kolektiboko tresnatik hasita.
Euskal Herrian egiten dakigun bezala, segi dezagun gure alternatibak sortzen. Herria bere burujabetza osorako egituratzen duten tresna guztiak eskuratu behar ditugu.
Sektore pribatuko langileentzat Tokiko Batzorde Parekide bat eta sektore publikoko langileentzat Herriarteko Lurralde Batzorde bat sortzea eta martxan jartzea urrats garrantzitsua litzateke hemen duinki bizitzeko eta lan egiteko, erabakitzeko perspektiban. Gaur oraindik, Parisek erabakitzen du guretzat lan eskubideen arloan eta sindikatu frantsesei hori aski zaie. Baina instantzia hauen hurbilketak indar harremana gureganatuko du eta borroka eramateko interesa bultzatuko die langileei, hortik aterako den zukua konkretua izanen delako. Hemen erabaki dezagun!
Gorria… borrokaren kolorea da.
Enbatako irakurleei urte berri ona desiratzea ez da aski, beraz urte gorri, ubel eta borrokaz betea desiratzen dizuet!
