Euskaraldiaz, hizkuntz ohituretan eragin eta euskararen erabilera bultzatu

PrintFriendly and PDF
Mikel Arregi Elena Laka Andres Urrutia Bingen Zupiria Miren Dobaran Esti Alkorta

Mikel Arregi, Elena Laka, Andres Urruti,a Bingen Zupiria, Miren Dobaran, Esti Alkorta

Euskaltzaindiak, 2018rako aintzin ikusia den ‘Euskaraldia–11 egun euskaraz’ jardueran parte hartzeko deia egiten die euskal herritarrei.  Euskaltzaindiaren 2017ko urteko azken Osoko bilkuran Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaleen Topaguneak euskal hiztunak aktibatzea  helburu duen Euskaraldia ekimena, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo dena, « 11 egun euskaraz » lelopean aurkeztu dute.

Honela, egitasmoaren arduradunek Euskaraldiaren nondik norakoak aletu dituzte euskaltzainen aurrean, bere helburu eta asmoak agertuz. Besteak beste, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi du Euskaraldiak batu egingo gaituela 2018an eta 2019an zehar. “Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatuko dugun garai bertsuan anbizio handiko proiektu hau izango dugu martxan euskararen lurralde osoan, hizkuntza-ohituretan eragiteko eta erabilerari bultzada bat emateko asmoz”, azaldu du Zupiriak. “Euskaltzaindiarekin batera -azpimarratu du sailburuak-, gure herriko instituzio nagusiak izango gara ekimen honetan: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa, aldundiak eta udal nagusiak. Era askotako eragileen babesa ere izango du proiektuak, eta euskalgintza protagonista izango da honen garapenean. Euskaltzaindiak euskararen inguruan beti aldarrikatu izan duen batasuna erakusteko aukera paregabea izango dugu”.

Euskaltzaindia, euskalgintzaren parte aktiboa, betidanik

Andres Urrutia euskaltzainburuak Euskaraldian parte hartzeko deia egin die herritarrei, baina bestelako ñabardura garrantzitsuak ere aipatu ditu: “Eskatuko diet jatorriz euskaldun direnei, aktiba daitezela berehala, egunero; baina, horrezaz gain -eta hau garrantzitsua da- abegikor eta ulerkor porta daitezela euskararen mundura etengabe hurreratzen diren horiekin, euren burua euskalduntzeko asmotan baitatoz eta beraiek baitira euskararen etorkizuna. Eta eskatuko nieke euskaldunei, baita, euskara batuarekin batzuetan agertzen duten mesfidantza baztertzeko; batuak, beste gauza askoren artean, euskaldunon arteko komunikazioa bermatzen duelako Euskal Herri zabalean, ez inkomunikazioa -batzuk tarteka adierazten duten legez-, batua ere geure egin behar dugulako baldin eta euskarak irautea nahi badugu, herrialdeetako euskarak ere aho mihietan ditugula”.

Urrutiak gogoratu nahi izan du, baita, Akademiak euskalgintzan izan duen parte-hartze aktiboa. “Helbururik behinena izan du, eta oraindik ere badu, euskararen batasuna. Horretan dihardu eta, horrekin batera, historian zehar hainbat ekimen burutu ditugu, gerora euskal gizarteak bereganatu dituenak. Hortxe daude, besteak beste, Bertsolari Txapelketen lehen antolakuntza, UZEI eta EIE hauspotzea, ikastolen mugimendua bultzatzea, alfabetatze kanpainak eta abar. Euskalgintzaren esparrurik esanguratsuenak bultzatu ditu Euskaltzaindiak, beti herriaren beharrizanei adi, momentu latzenetan ere bai”. Eta adierazi du oraingoan ere beste horrenbeste egin nahi duela, hots, “Euskaraldiarekin bat egin, nola ez, bere helburu eta asmoekin”.