Euskal Herriari Bai ! par Jean-Louis Davant

PrintFriendly and PDF

Egia da, hastetik ukatu gaituen Estatu horretan ez gaude gustura. Argi eta garbi erranez, hori ez da gure Nazioa. Baina gure gaurko markoa dugu, partida jokatu behar dugun kantxa, eta horretan kokatzen da gure bizi politikoa. Frantziar Errepublikako «citoyens» gara, nahi ala ez, mementoko segurik. «Hiritar» ote? Hitz hori modan dago «ciudadano» errateko, haatik ez zait egokia, zeren eta «citadin» adierazten du, hots «urbanoa». Aldiz zibitatea ez zen soilik hiria, lurralde bat zen, hiribildu bati lotua naski, baina hau bere aldetik inguruko kanpaña / baserri edo lan-daguneari lotua zagon, hortik baitzuen eguneroko hazkurria. Beraz «citoyen» edo «ciudadano» hitzaren baliokidea «herritar» da niretzat, eta ez nago horretan euskaltzale bakarra.
Dena dela, naturalki gurea ez den zibitate frantziar horretan, botere zerbait badugu, arras guti bada ere: udalerrietan beste herritarren heina, eta herriko etxe askotan, hautetsi abertzaleek toki polita betetzen dute jadanik; departamenduan ere zerbait izan gaitezke, gutiengoan egonarren; hortik gora eta goiti, oso guti, gorago eta gutiago. Zeren beraz deputatuen hautatzeko bozketara joan?
Gure xedeen plazara jalgitzeko une egokiak direla frogatzen du 1967an hasiriko sail luzeak, bere itzal-argiekin, hautagaitzat aurkeztea onartzen duten jenderik agertzen den ber, eta beharrik badaude, belaunaldiz belaunaldi, kuraia hori daukaten gizon-emakumeak, bereziki gazteak, baina batzuetan adinekoak ere. Kuraia diot, ezen politika, zinez borroka gogorra da: armarik gabeko gerla! Denen bistan agertu be-har duzu kasik biluzgorri, bakarka, birazka edo talde txikian, zure fama ona jokoan sartu, edozein mihigaiztoren meneko jarri, laidoen eta gezurren jasateko menturan erori. Gutiz gehienetan, abertzale izanez, galtzea ere onartu behar duzu aldez aurretik, eta gero irentsi. Haatik agertzea bera aski ba-litz!
Ez delarik behinere parte hartu, laguntzaile gisan bederen, ezin errana da hauteskunde kanpaina bat zein nekea den, zenbat urrats eta lan eskatzen duen, bai espirituz, bai gorputzez. Bai, zinezko guduka da. Ber denboran, boxan bezala, aurkariak errespetatu behar dituzu, ordainaren esperantzan, baina igangailua ez dizute beti gibelera bidaltzen. Publikoan mugitzea ere gostatzen ahal zaizu, bilkura gogorrik gerta daiteke bazter-nahasle batzuen artean. Hori guzia kontutan hartu behar dugu politikarien jorratzean, lan gogorra baitute askotan, bereziki alderdi txikietakoek, are gehiago abertzaleek.
Beraz boztekoa zait gure hautagai berrien ikustea. Lekukoa aitzinekoei harturik, borroka iraunkor bateko katea luzatzen dute, beti etorkizun hobe baten alde. Esperantza berpizten digute. Ordainez, gure laguntza osoa zor diegu, bakoitzak ahal duen heinean. Beraz abertzaleen boz bihi batek ez luke bidean galdu behar: finki doala tokiko bikote nagusiari, Euskal Herriari bai erranez deplauki. Hara bederen nire hautua. Badakit beste hautagairik badagoela Euskadiren alde. Zuzena badute naski, eta errespetua zor diet haiei ere. Halere bizpahiru aukera, ez ote da soberaxe Iparralde txiki honetan? Hain aberatsak ote gara? Hegoaldean egoki dena, hemen luxua iduri zait. Ez ote ditugu denek ber lau xede nagusiak: lurraldea, euskara, laborantza ganbera, unibertsitatea? Eskuin ala ezker, gainerakoa ez dago nagusiki gure meneko, eta bigarren mailan dabil mementoan, gehiengo sozialaren esku. Hori kontutan edukiz, ezkerrekoa ez den abertzale batek ere zuhurki bozka dezake, gehienik ahal duten hautagai horien alde. Zeren hainbeste bizantinismo eta zatiketa? Zer ekartzen digute? Hara nire aburua, eta beste edozeinena balio duke, nire boz bakar eta bakartiak bezala. Beraz hor dago bere le-kuan.