Mundua kakaztu gabe bizi

Zabor elektronikoen kudeaketa birtokiratu behar ditugun jardueretarik bat da, batez ere energia trantsizioak gailu elektriko gehiago erabiltzea ekartzen badu. RwandaGreenFund CC BY-ND 2.0

 

Batzuetan aktualitateak gure gizarteen eta sistema ekonomikoaren joera inplizitu eta sakonak nahiko argiki azalera ekartzen ditu, eta gordinki erakusten zenbateraino hikaturik garen erregai fosilen erabileran. Honen erruaren zati handi bat erregai fosilen sektoreak berak du, baina ez erru guzia: hura garatu baino lehen baziren interdependentzia ukatzen zuten ikuspegiak, eta premiazkoa da ikuspegi horiei toki gehiegi hartzen ez uztea, horiek bizitza duina desagerrarazi ez dezaten.

Frantziako estatuan, ez dago CO2a lurpean metatzeko azpiegitura egokirik, isurtzen dena (edo horren zati bat bederen) konpentsatuko lukeenik. Ekainaren 18an, Frantziako legebiltzarrak – zentro, eskuin, eta eskuin muturreko hautetsien bermearekin – CO2a bertze lurraldeetan lurperatzea ahalbidetuko duen lege bat onartu du. Lege horrek faltsuzko konponbidea martxan ezarriko duela diote ezkerreko hautetsiek, lurperatze horren aitzakiarekin berotegi efektuko gasen (BEG) isurketek jarraituko dutelako, eta Frantzian sortutako kutsadura Frantziatik kanpo metatzen duelako, bertan konponbidea antolatu beharrean.

Halere, ezkerreko diputatuak legebiltzarrean zorigaitzez gutiago ziren biharamunean, ekainaren 19an, bertze lege bat 5 bozeko tartearekin onartu zelarik, Frantzian elektrizitate eoliko edo fotoboltaiko ekoizpen egitura berri guziei berehalako moratoria ezartzen dien legea, alegia, LR taldeak proposaturik eta RNak bermaturik.

Egun berean, ekainaren 19an, 17 herrialdetako 61 zientzialarik – horietarik batzuk IPCCko autore ohiak, hala Valérie Masson-Delmotte nola Christophe Cassou – ikerketa bat argitaratzen zuten, planetaren beroketa 1.5°C-ko langaren azpian mugatzea «dagoeneko ez dela lorgarria» dioena. Haien estimazioen arabera, datozen hiru urteetan langa horretara iristeko BEG kopurua isuria izanen da.

Eta ekainaren 19an ere bai, Frantziako lehen ministroa Biarritzera hurbildu zen energia geotermikoaz hitzaldi labur bat emateko, energiaren erronka erraldoia dela azpimarraturik… hitzaldia bukatu orduko hegazkin pribatuz Parisera itzuli aintzin.
Aktualitate esanguratsuak

Lau aktualitate horiek klimari buruz herrialde aberatsek duten joera globala gordinki erakusten dute: duela hamar urte eskas mundu mailako hitzarmen batek mende bukaerarako finkatu zuen beroketa muga maila jadanik gaindituko dugu mende laurdena igaro eta gutira. Porrota izugarria da, izanen dituen ondorioen muntan. Halere herrialde aberats batek bere BEG isurketen arazoa bertan konpondu baino kanpokotasun bilakatzea erabaki du, energia berriztagarrien garapenari berehalako etenaldia ematen dio, eta herrialde honen lehen mailako buruzagi batek oso agerian uzten du adierazpenen eta praktiken arteko arrakala. Gaur egun klimari dagokionez, lehen giza eskubideei dagokienez ohartu ginen bezala, gero eta gehiago dirudi Frantzia deklarazioaren herrialdea dela, eta aldiz aplikatzea bertze kontua dela.

“Zorigaitzez, ez ginen oker”

Christophe Cassou klimatologoak gauzak argi utzi ditu: 1.5°C-ko langa gainditzea ez da batere ezustekoa, duela 20 urtetik aritu baitira klimatologoak hori aurreikusten eta alarma jotzen. Hau da, norabide globala aldatuko ez balitz, hamarkada honetan joko genuela beroketa maila hori. Langa berezi hori oso esanguratsua da garaiera apaleko hainbat lurralderentzat, horietakoak Marshall uharteak, langa horrek biziraupenaren eta desagerpenaren arteko muga markatzen baitu, itsas mailaren igoera tarteko.
Bitartean, Frantzian 4°C-ko beroketa langara moldatzeko planak martxan dira, beroketa maila hartara moldatzea ahalezkoa balitz. Cassouk ohartarazten du 4 graduko beroketa batekin, bero uhinetan 50°C pairatu ditzakegula, eta halako baldintzetan oihanek ezin dutela biziraun, garatu diren hamarnaka mila urtetan ez baitute abiadura horretako beroketarik pairatu, eta beraz ez baitira aldaketa horretara moldatzeko gai. Gehitzen du 4 graduko beroketarekin laborantzako etekinak ez direla apalduko, baizik eta erabat hondatuko, gure latitudeetan aspaldiko goseteak gaurkoturik. Eta 4 graduko beroketarekin gertatuko den bioaniztasun hondatzeari ezin gatzaiola moldatu, hori ez dela diruztatze kontua, baizik eta bioaniztasun horri lotuak gatzaiola eta horrekin batera hondatzeko zorian garela.

Baina, arriskuaren epe luzeak eta etekinen epe laburrak tarteko, hainbat erabaki politikok arazoa ukatzen jarraitzen dute, edo arazoaren larritasuna gutiesten, neurriak gerorako uzteko, epe laburreko etekinen mesederako.
Zaintzaren ezinbertzekotasuna ukatzen duen “axolarik ez izateko eskubidea”

Joan den hilabetean aipatzen nuen bezala, duela 5 urte piztutako osasun krisiak gure interdependentzia eta zaurgarritasunaz oharatarazi behar gintuen, baina oraingoz horren kontrako haizea nagusitu dela iduri du. Badira pandemiaren kudeaketa kaskarrak gizartean pizturiko mesfidantza eta etsipen sentimenduak – hainbat motatako desinformazioak puztu dituena –, baina horrekin batera, pandemia baino lehengo iritziek ere kontrako haizea indartu dute. Hain zuzen, pandemia hasi baino lehen (2019ko azaroan) argitaratu zen liburu batean (1), Wendy Brown ikertzaileak zehazki deskribatu zuen “axolarik ez izateko eskubidea” deitzen duen iritzi multzoa. Ikertzaile honen arabera, Alt-Right sektoreen oldarkortasuna ez dator bakarrik neoliberalismotik edota maskulinismotik, baizik eta nihilismoak eragindako kontzientziaren ahultzetik, ahultze horrek betebehar sozialak ere erradikalki ahultzen dituela. Hori horrela, ahalmen mugagabea izateko gogo bat garatzen da: “nahi dut ahal dudalako, mundua deuseztu delako eta ni ez naizelako deus nere zaurietatik eta haserretik kanpo”. Brownek dioenez, ondorio konkretu ezberdinak izan daitezke: edo axolarik ez izateko eskubidea aldarrikatzen da (errefuxiatuei, txiroei edo klimari dagokienez, bertzeak bertze); edo norbere grinei emanik gorrotoa zilegiztatzen da, gorrotoa adieraztea plazera ematen duelakoan; edota, etorkizunik ikusi ezean, dena erretzea zilegiztatzen da, norbere sufrimendu edo zentzugabetasun sentimenduaren mendeku gisan. Bertzela erranik, balio etikoekin batera pentsatua zen askatasuna ordezten du askatasun nihilista batek. Halako nihilismoak neurri ekologiko edo sozialak askatasunaren oztopotzat ditu, eta balizko oztopo horiek kendu nahi ditu, kentze horrek etorkizuneko bizi baldintzak kaltetuko baditu ere.

Osasun kontuetan ere, gero eta gehiago zabaltzen da zaintza-eza. Alexandre Monnin ikertzaileak dioenez (2), hala adierazten ez bada ere, bizitzen hierarkizazioa eta eugenismo izkutua inplizituki zilegiztatzen dira osasun politika berri batzuetan.

Arazoak birtokiratu beharraz

Alexandre Monnin da ere, Emmanuel Bonnet eta Diego Landivarrekin batera, birbideraketa ekologiko kontzeptua garatu duena. Kontzeptu hori interdependentzia eta ekodependentzia globalaren kontzientzian oinarritzen da: ezin ditugu gehiago gure jarduerak hainbertze barreiatu, ezin dugu jarraitu bertzeen lurraldeetatik energia eta lehengaiak inportatzen, bertzeen lurraldeak kutsatzen, gazteek ezagutuko duten klima hondatzen. Ez bakarrik hala jarraituz muga fisikoak laster joko ditugulako, baina gizarte gisan gure duintasunarengatik ere. Gu baino txiroagoak konkistatzea (ekonomikoki), haiengandik baliabide merkeak lortzea, eta haien lurraldeetan gure zaborrak barreiatzea, gurean bertan kudeatzea baino merkeagoa delako, arau faltsutuak dituen joko batean irabaztea da. Horrek lotsa pixka bat sentiarazi beharko liguke. Gazte afrikarrak Europara sar ez daitezen harresiak eraikitzea, Kongotik kobaltoa, Aljeriatik gasa edo Nigerretik uranioa inportatzen jarraitzen dugun bitartean, ezin da burujabetza deitu. Burujabetza konkretuek kanpokotasunen birtokiratzea suposatzen dute: hemen ekoitzi gure elikadura eta energia, hemen birziklatu gure zaborrak, gure bilobek berdin egitea ahalbidetuko duten modutan, hori dena gure lurralde mugatu honetan eta klima gero eta aurreikusezinagoan.

Erabaki korapilatsu baina saihestezinak

Birtokiratze hori ez da errexa izanen, eta bidean galdera asko azalduko dira: zenbateraino gure kontsumoa murriztu dezakegun denentzat bizi baldintza duinen minimoa bermaturik, lurralde antolaketan zenbat toki utzi laborantzari – eta zer ekoizteko –, gailu elektronikoen birziklatzeari – baina zenbat gailu ari gara erabiltzen eta botatzen –, oihan eta hezeguneen babesari – baina horrek tokia kenduko ote die hiriguneei, industriaguneei edo laborantzari –, elektrizitate ekoizpenari – eta zenbat behar dugu funtsean –, oihanetatik zenbat egur gehienez moztu dezakegun etxebizitzen beroketarako, oihanen bertze funtzioak kaltetu gabe. Eta, gure lurraldea ttikia eta jadanik nahiko betea baita, jarduera bat tokiz kanpora eramatea ezinbertzekoa dela ohartzen bagara, nola ziurtatu tokiz kanporatze horrek ez duela kalterik sortuko, ez hemen ez inon.

Ez dira galdera errexak, baina galdera horiei erantzuten hasteak burujabeagoak eginen gaitu, eta axolagabekeria nihilistak baino gizarte giro askoz atsegingarriagoa sortuko du.

(1) “Mutant Neoliberalism”, Fordham University Press

(2) https://environnementsantepolitique.fr/2025/06/13/ne-plus-soigner-une-tendance-actuelle-2/   

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).

Laisser un commentaire

Votre adresse e-mail ne sera pas publiée. Les champs obligatoires sont indiqués avec *