
Euskal Konfederazioa
2025eko agorrilaren 25ean, IFOP frantses zundaketa egiturak Régions et Peuples Solidaires alderdiak manatutako inkestaren emaitzak plazaratu ditu, eta harridurarik gabe euskararen alde urratsak aitzina emateko nahikeria biziki gora da, bai Frantzian, bai Ipar Euskal Herrian.
Emaitza batzuen azpimarratzeko, Ipar Euskal Herriko biztanleen:
- %93a “Ikasle bakoitzari aukera emateari, dagokien eskualde eta lurraldeetako eskoletan lurralde hizkuntza bat ikasteren.” alde da (%81 Frantzia mailan)
- %91a “Lurralde hizkuntzen ezagupen ofizialaren”alde da (%77 Frantzia mailan)
- %82a “frantsesaren ondoan, dagokien lurraldeetan, Lurralde hizkuntzen koofizialtasunaren,” alde da (%64 Frantzia mailan)
- %66a “Euskararen derrigorrezko irakaskuntzaren” alde da, frantsesarekin batera kurtso ordu normaletan, burasoek kontrakoa eskatzen dutenean salbu (2000 urtean baino %4 gehiago) (%55 Frantzia mailan)
Emaitza horiek baieztatzen dute bai Ipar Euskal Herrian gizarteak euskara gehiago nahi duela, eta Frantzia mailan ez dela gizartearengandik kontrakotasunik gai horietan. Euskara bezalako hizkuntzak eskuratzeko bideak masifikatu eta demokratizatu behar dira.
2025an inoiz baino gehiago, euskararen aldeko hizkuntza politikaren garapenean oztopoak ezartzen dituztenak, euskararen irakaskuntzaren eskaintza eskolen %70era mugatzen dutenak, euskarazko aisialdi edo haurtzaindegiak laguntzen ez dituztenak… Gutxiengo batentzat ari dira.
Testuinguru horretan, Euskal Konfederazioak dei egiten die:
1. Euskararen Erakunde Publikoko kideei (Estatua, Eskualde, Departamendua, Elkargoa) instituzioaren baitan den krisi politiko eta ekonomikoa konpontzea, erronken araberako aurrekontua eta helburuak finkatuz,
2. Datozen herrietako hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagaiei hizkuntza politika publiko ausarta defenditzea.
Lurralde kolektibitatez
Ipar Euskal Herria bilduko luken Estatus bereziko lurralde kolektibitate bat sortzeari buruz ere sustengua azkarra da: Ipar Euskal Herriko biztanleen %62a alde agertzen da, kasik 3 biztanleetarik 2, eta Frantzia mailan ere inkestaren erantzuleen %50a alde agertzen da. Ohartzekoa da ere Ipar Euskal Herriko biztanleen %25a lurralde kolektibitate berezi bat sortzearen “Osoki alde” agertzen bazen 2000 urtean, 2025 urtean proportzio hori %34era igo dela.
Bada garaia, arlo horretan ere aitzin urratsak egiteko.
Inkesta osoa : https://www.ifop.com/publication/decentralisation-identite-territoriale-revendications-le- regionalisme-francais-a-lepreuve-du-temps/
Beti hor, edo oraino hor? Nere ustez, 2025 urtea bereziki azpimarratzen duzuela eta, « oraino hor » erran nahi zenuten. « Beti » errateak ez du denbora erreferentziarik behar, hain zuzen « beti » baita atzo, gaur eta bihar, etenik gabe.