
“La Casa de Papel” telesailak nazioartean ezagutzera eman zuen Itziar Ituño aktorea. Baina pantaila handitik harago, aktore bizkaitarrak borroka sozialak ditu ardatz: euskararen defentsa, presoen eskubideak eta, azkenik, etxebizitza eskubidea. Urriaren 11n Baionan ospatuko den «Auzolan: etxebizitza eskubidearen aldeko eguna»-ren amabitxi izatea onartu du, “ohore” gisa hartu duen eginkizuna.
Itziar Ituño Bizkaiko Basauri herrikoa da sortzez, eta lanbidez aktorea eta abeslaria da. Casa de papel seriean aritzeak eman dio nazioarteko ezagupena, baina aurretik eta ordutik hainbat zinema proiektutan murgiltzen segitzen du. Egunerokoan euskararen alde, euskal presoen alde eta beste hainbat aldarrikapenetan posizio azkarrak harturiko emakumea da bere lanbidean arazoak ere eragiteraino. Borrokarako duen griña horren harira Itziar Ituñok urriaren 11n, Baionan iraganen den « Auzolan: etxebizitza eskubidearen eguna« -ren amabitxia izatea onartu du. Berehala onartu gainera “beretzat ohore handi bat zela eskaera hori” erranez. “Ohore handiz onartzen dodala proposamena. Etxebizitzen afera Euskal Herrian larria dela uste dot, beraz, amabitxia izateko prest arazoari ikusgarritasuna emoteko orduan”….
Laster pantailetan ikusgai izanen duzuen serie berri baten grabazioan ari zela, bi grabaketaren artean, hartu du tartea Aldak egindako galdera batzuei erantzuteko, eta bereziki Auzolan babesteko egindako hautuaren arrazoia azaltzeko. Autoan Basauri bere bizitokitik grabatzera zihoala harrapatu dugu Ituño. Eta, bertatik, Alda mugimenduaren lelo nagusiarekin bat eginez Auzolan: etxebizitza eskubidearen aldeko egunera hurbiltzeko deia zabaldu du: “Garrantzitsuena da jendea kontagiatzea. Konzientzia hartzea denok batera gauzak aldatzen ahal ditugula, edo behintzat planto egin, eta borroka hori eraman behar dela eta geroko gerokoak”.
Auzolan, etxebizitza eskubidearen aldeko eguna da. Urriaren 11n iraganen den egun horren amabitxia izatea onartu duzu. Zertan da borroka hori garrantzitsua zuretzat?
Nire kasu pertsonalean etxea daukat herentziaz lortua. Nire amamarena zen. Baina kezka gizartean oso afera inportantea da ez delako eskubide hori bermatuta. Gaur egun ikusita erostekotan diren pisuen balioa igotzen dabilela, alokairurako aukerak, behintzat hegoaldean, gero eta urriagoak direla ikusita, gazteengan atzeratu egiten da independentizatzeko aukera. Hori izan zen nire kasua apurtxo bat. Zortea izan nuen ez daukat hipotekarik. Baina, etxebizitzak egiten dira eraiki salmentarako, espekulatzeko baina ez gizarteari oinarrizko eskubide bat bermatzeko. Negozio hutsa da, ez da eskubide bat bermatze aldera egiten. Hori da nire kezka, eta horrela segitzen dugu sistema honetan.
Horregatik zaizu borroka horri babesa emateko gogoa piztu…
Gainera denontzako, ez bakarrik europearrentzako, denok daukagu eskubide berdina leku duin batean bizitzeko. Ukan beharko genuke behintzat. Eskubide hori gizartean bermatzea kolektibitate gisa oinarrizkoa dela pentsatzen dut nik. Hori ez dagoenez bermatua, horrelako mugimenduak eta bultzadak auzolanean ezinbestekoak bihurtu dira.
Zer mezu helarazi nahiko zenieke etxebizitzarekin arazoak pairatzen dituztenei, eta arazoei aurre egiten dietenei ere?
Mezua da, ba konziente izateko ez dela kasu indibidual bat, estrategia hutsa dela. Hola diseinatua dago etekin ekonomikoak lortze aldera eta ez pertsonen ondo izatea bermatzeko.
“ Mugimenduetan betikoa egiten dena, hau da, zarata egitea, elkartzea, zeren denok batera egiten baitugu indar gehiago gauzak aldatzeko. Eta gauzak aldatu ahal izateko kalea hartu behar da, kalea eta sare sozialak, zeren gaur mundu guztia dago sareetan. Beno mugimendua egin behar da.”
Orduan horren aurrean kontra egitearena garrantzitsua da. Mugimenduetan betikoa egiten dena, hau da, zarata egitea, elkartzea, zeren denok batera egiten baitugu indar gehiago gauzak aldatzeko. Eta gauzak aldatu ahal izateko kalea hartu behar da, kalea eta sare sozialak, zeren gaur mundu guztia dago sareetan. Beno mugimendua egin behar da. Ez dut esango, baina hor daudela etxebizitza pilo bat okupatzeko daudenak, eta, hori beste errealitate bat da. Hainbat etxe hutsik daude. Hainbat etxe hutsik erabiltzen ez direnak eta jendea parean beharrarekin dago. Ba horri aterabide bat ipini behar zaio.
Borrokari ekin behar diogu, orduan denok, ezta?
Hori beti, beti bai, bai… (irriak)
Ipar Euskal Herrian hainbat neurri hartu dira etxebizitza turistikoen hedadura mugatzeko, alokairuen mugatzearen dispositiboa indarrean jarri da. Eta hori gizartearen borrokari esker lortu da. Hego euskal Herrian ere pairatzen dira arazo berdinak, bereziki etxebizitza turistikoei dagokienez. Hegoaldean zer nola ikusten duzu egoera zuk?
Hegoaldean ez dut hainbeste indarrik ikusten egia esateko. Ez dakit beharbada mentalitatea ezberdina izan delako. Etxe bat erostearena, bankuarekin ezkontzearena, hipotekatzearena ia bizitza osorako, eta hori gainera bikotean egitea norma da… eta alokairuarena beti ikusi da hemen dirua leihotik botatzea zela. Erostearena, azkenean bazoaz eta gutxinaka gutxinaka etxea zurea da. Hemen garrantzi handia eman zaio etxearen jabe izateari eta hor dago nire ustez akatsa, baloreen eskala horretan oztopoa. Bizi ahal da oso zoriontsu eta lasai etxea zurea izan gabe, banku batekin hipotekatu gabe eta alokairuan biziz. Ez dago nahiko indarrik, mentalitaterik, horri aurre egiteko eta orduan jarraitzen dugu lehenagoko mentalitatearekin. Erosi eta erosi eta hipotekak. Eta, gainera instituzioek ez dute beste biderik indartzen. Ez dago kasik alokairuan bizitzeko aukerarik. Alokairuan bizi nahi duen jendea etxe bat topatu ahal izateko ibili behar da galdezka, eta zaila da aurkitzea. Baditut lagunak, batzuk Perutik etorritakoak, eta prezio normal batean edo eskuragarri batean pisu bat alokatzea ez zaie erraza hegoaldean. Hau ez da Eusko Jaurlaritzaren kezka, eta are gutxiago Gobernu espainolaren kezka ere. Ez daukagu babesik zentzu horretan eta mentaletaterik ere ez. Orduan, asko dago egiteko hegoaldean oraindik nire ikuspegitik.
Klase magistral batzuk beharbada ematera etorri mesedez!… (irriak)

Zure ibilbideari begiratuz, posizio azkar asko hartzen dituen emakumea zarela ikusten dugu. Presoen eskubidearen aldeko posizioak hartu dituzu, euskararen aldekoak, feminismoaren aldekoak ere… argi da zuretzat garrantzitsua dela posizio horiek hartzea lanbidearen aldetik izan ditzaketen ondorioak kontuan hartu gabe…. Zergatik da garrantzitsua zuretzat posizio horiek hartzea, borrokarako nahi hori zabaltzea?
Momentu honetan jarraitzen dugu XVIII. , XIX. Mendearen moduko zentzu horretan. Sorgin ehizak segitzen dute existitzen. Zentsura, kanzelazioa indarrean da beti. Hori nik hiru biderrez bizi izan dut. Eta, banekien hori hor zegoela. Ez zait eskapatzen botere faktiko batzuk badaudela gizarte batean eta horren kontra egitean ondorioak badirela. Lanean, momento batzuetan nabaritu dut zigor horren ondorioa iritzi bat botatzean publikoki eta oihartzun bat irabazi ostean. Batzuei ez die graziarik egin hori egiteak. Baina, nik etxean ikasitakoa da bidegabekerien alde ez egotea. Injustizia guziei aurre eta planto egiten irakatsi didate, eta holakoa naiz. Hori hor dago eta niretzako da beste guztia baino garrantzitsuagoa. Lana?… Egongo da, topatuko dut, baina, ez naiz izango ezerren esklabu, eta ez naiz isilduko niri esaten didatenean, isildu zaitez. Isilduko naiz neuk pentsatzen dudanean. Saiatuko naiz behintzat, nire eskubide horri atxikitzen. Nire askatasunaz disfrutatzen piska bat. Horixe da niretzat garrantzitsuena. Askotan isildu egiten garenean aurrean daukagun monstruoak beste aurrera pauso bat ematen du. Arriskutsua da isiltzea norbera ondo egoteko edo. Bakoitzak egin dezala berea, baina, nire kasuan iruditzen zait berekoikeria dela besteekiko isiltzea. “Ni, hemen gerra bat dago Gazan eta hobeto ixilduko naiz bestenaz langabe gera naiteke!”: Ba ez! Hori da nire ikuspegia.
Zure ustez ospea lortu duten zu bezalako pertsonek posizio azkarrak hartzeak lagundu dezake borroka bat aurrera eramatea?
Jakina, jakina, bultzada ematen diola. Zeren zorionez edo tamalez bizitzak persona ezagunei bozgoragailu bat ipini digu esku artean eta hori nola erabili gure ardura da. Gure erantzunkizuna da: erabiltzea, ez erabiltzea eta nola.
“Zorionez edo tamalez bizitzak persona ezagunei bozgoragailu bat ipini digu esku artean eta hori nola erabili gure ardura da. Gure erantzunkizuna da: erabiltzea, ez erabiltzea eta nola.”
Orduan denon hobea beharrez edo denon onerako erabiltzen bada hobeto.
Auzolan egunera hainbat herritar hurbilduko zaizkigu Etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko. Zer mezu helarazi nahiko zenieke?
Ba mezua lau haizetara zabaltzea, pozik eta alai, eta indartsu. Zeren garrantzitsuena da jendea kontagiatzea eta konzientzia hartzea denok batera gauzak alda daitezkeela, edo behintzat kontra egin daitekeela, eta borroka hori eman behar dela eta gerokoak geroko.
