
2024ko azaroaz geroztik, Paueko prefeturak Ipar Euskal Herriarekiko jarrera oldarkorragoa eta ideologikoagoa hartu du, tokiko adostasun sozial eta politikoak zuzenean kolpatuz. Migrazioa, euskara, laborantza edo hautetsien errespetua: ez da arlorik salbu gelditzen, eta erantzun kolektibo bat beharrezkoa da.
2024ko azaroan izendatu zutenetik, Paueko prefetak bere aurrekoen estiloarekin hautsi eta eredu berri bat markatzen ari da Ipar Euskal Herriarekiko jarreran. Aspaldi huntako prefet politikoena dugu. 2017an Macronen lehendakaritza hauteskundean kanpaina-zuzendari gisa hasi zuen lan militantea, gaur egun Paueko prefeturatik darama.
Eskuin muturreko agenda
Azkeneko gertakaria Baionako ZUP auzoan, herri hauteskunde giroan, antolatutako polizia operazio ahalkegarria izan da. Ikasketak komunikazioan eginik, antzerki horietan ohitzen hasia zaigu prefeturako Zanpantzar hura. Izendatu bezain fite, Biriatun antolatu zituen migranteen kontrako operazioak horren lekuko dira, besteak beste, Bruno Retailleau-rekin batera. Oroitu behar da ere Pausa zentroaren inguruan egin zuen migrante sarekadaz, aldi berean Euskal Elkargoaren kontrako epaiketan zelarik bere finantzamendu ezarengatik. Tokiko eragileen eta hautetsien mobilizazioari esker, hainbat erasoren kontra tinko atxiki dugu. Ipar Euskal Herrian den harrera logikaren kontra, tokiko errealitateei uko egin eta Frantziar Estatuaren agenda politiko erreakzionariileoa inposatu nahian, sokatira partida piztu du.
Mihiluze
Jarrera aldaketa horren beste adibide argia dugu euskara. Pauetik ez da sekula ausardia handirik ikusi euskararen biziberritzeari buruz baina aldi huntan urrunago joan da Jean-Marie Girier. EEPrekiko engaiamendu eza tapatzeko, euskararen nazioarteko egunean berean, prefeta espantuka ari izan zitzaigun Estatua euskararen aldeko lehen aliatua litzatekeelakoan. Hau izan da Senperen seinaletika elebidunaren kontrako adierazpena eta EKEren diruztatzearen apaltzearekin soberatu den probokazioa. Kopeta horrek Ipar Euskal Herriko hautetsien haserrea eraginik, 60 bat auzapez, herri eta elkargoko hautetsiek oroitarazi diote Estatuak duen ardura euskararen linguizidio prozesuan. Sokatira hortan, Girier-ek bere norabidean berriz tiratuz, terminoa “antierrepublikanoa” zela ihardetsi zuen. Nehork bozkatu ez duen kasketadunak ez du zalantzarik herritarren sufragiotik izendatutako hautetsien gainetik kokatzeko. Hautetsien errespetu faltan bai, mugarik gabe.
Bazterrak nahasten
Ez da lehen aldia. Hala egin zuen ere, palestinar bandera herriko etxean ezarri zuten auzapez abertzale eta komunisten kontra plenta ezartzean. Baina bereziki aipatzekoa da Laborantza Chambrako lehendakariarekin batera egin duten esku-hartzea Euskal Elkargoak laborantza eta elikadura kontseilua sortzeko printzipioaren deliberoan. Hilabete pare bat lehenago aho batez bozkatu zen norabidea, kasik zalantzan ezartzeraino iritsi zen Paueko bikotearen presionatze operazioa. Azpimarratu behar da gizarte mugimenduen tentsio apaltzeak, Ipar Euskal Herriko hautetsien zatiketek, baita arlo sozial eta politikoen arteko elkarlan faltak ez dutela lagundu hortan. Horrek alerta gorria piztu behar digu sokatira partida hasi besterik ez delako.
Logika orokorra
Euskara, euskal kultura, laborantza herrikoia, migranteen harrera, ekologismoa… gero eta arlo gehiagotan hanka sartzen ari da Paueko instituzioen arteko aliantza-bloketik heldu zaigun erasoa. Ez da gai bakar bat ere salbu. Ipar Euskal Herrian azken urteetan sortu den kontsentsu sozial eta politiko aurrerakoi osoa jomugan dute. Logika orokor baten baitan kokatzen da mugimendu hau: Estatuko instituzio erregaliano zentralen autoritatea indartu, gure Herriak dituen berezitasun kultural, sozial eta politikoak desagerraraziz. Horregatik urte edo hilabete guti batzuen buruan prefetak bere maletak berriz hartuko dituela baldin badakigu ere, ezin da itxaron kazkabarra pasa dadin.
Euskara, euskal kultura, laborantza herrikoia, migranteen harrera, ekologismoa…
gero eta arlo gehiagotan hanka sartzen ari da
Paueko instituzioen arteko aliantza-bloketik heldu zaigun erasoa.
Erantzun bateratua
Zentzu hortan, Ipar Euskal Herritik erantzun bat ematea ezinbestekoa da. Ezkerreko abertzaleen agendetan, bi hitzordu markatuak dira jadanik Paueri mezu bat adierazteko: lehena, martxoaren 15 eta 22an izanen diren herrietako hauteskundeak; eta bigarrena, apirilaren 5ean Baionan Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak antolatuko duen Aberri Eguna. Garai intentsu horien biharamunetarako, indar batzuk atxiki beharko ditugu halere Ipar Euskal Herrian, ezberdinen artean, borrokak uztartuz, bloke bateratu bat eraikitzeko, gure izana eta etorkizuna babesteko Estatuaren jarrera erasokor horren aitzinean.
