
Bai Euskarari Elkarteak lan-munduaren euskalduntzea du ardatz, transmisio-kate osoa aktibatuz. Aitzinapausuak nabariak badira ere… inertziak handiak dira oraino. Azaroaren 21eko Euskalgintzaren manifestaldian, eskubideak aldarrikatzera eta sektore guzien indarra erakustera deitzen du elkarteak.

Enbata: Zein da zuen erakundearen ekarpena euskaldunen kopurua % 30era heltzeko?
Ane Insua Lopez: Bai Euskarari Elkartearen ekarpen nagusia lan-mundua euskalduntzeko eragitea da, baina beti ere euskalgintzaren ekosistema osoaren barruan. Euskaldunen kopurua % 30era heltzeko (eta haratago joateko), ezinbestekoa da transmisio-kate osoak osoki funtzionatzea.
Hitz laburretan, horrela osatzen dugu katea eragile ezberdinok: irakaskuntzak (murgiltze ereduak eta helduen euskalduntzeak) hiztun berriak sortzen ditu; aisialdiek, kulturak eta hedabideek euskaraz gozatzeko eta informatzeko guneak bermatzen dituzte; eta guk, Bai Euskarari Elkartean, pertsona horiek beren lan-bizitzan eta eguneroko kontsumoan euskara erabili ahal izatea bermatzen dugu. Lan-mundua euskaldundu gabe, eskolan ikasitakoak ez du jarraipenik helduaroan. Gure ziurtagiriaren eta proiektuen bidez (Enpresarean, Lansarean…), euskarari ikusgarritasuna eta balio erantsia ematen diogu enpresetan eta saltokietan, jendearen motibazioa elikatuz eta euskaraz lan egitea posible zein aberasgarria dela erakutsiz.
Zein izan dira zuen arloan ikusi dituzuen aitzinatzeak?
Aitzinatze esanguratsuenetako bat euskararen pertzepzioaren aldaketa izan da. Gero eta enpresa, saltoki eta profesional gehiagok ulertzen dute euskara ez dela soilik kultur-hizkuntza bat, baizik eta balio erantsi bat eta lehiakortasunerako giltza.
Horrez gain, komunitate profesional euskaldunaren saretzean aurrerapauso handiak eman dira. Enpresaburu, ekintzaile eta langile gazteek gero eta gehiago jartzen dute euskara beren proiektuen oinarrian, modu naturalean.
Eta ber maneran zailtasun nagusiak zein diren zehatz diezagukezu?
Zailtasun nagusietako bat egiturazkoa da: Ipar Euskal Herrian euskarak ez du ofizialtasunik, eta kuadro juridikoaren ahulezia horrek mugatu egiten ditu urrats asko. Beste zailtasun handi bat inertzia da. Frantsesa erabateko nagusi den lan-inguruneetan, hizkuntzaohituren aldatzea oso prozesu konplexua da. Langileek euskara jakin arren, ohituraz edo baliabide teknikoen faltaz (adibidez, softwareak edo hiztegi espezializatuak ez egotea eskura), erdarara jotzeko joera egoten da. Era berean, formakuntza profesionala euskaraz jasotzeko eskaintzak oso mugatua izaten jarraitzen du.
Nola egin daiteke « Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea » zehazki / praktikan ezagutua/sentitua izan dadin jendarte zabalean?
Eskubide hori praktikan sentitzeko, euskara espazio publiko eta pribatu guztietan modu naturalean eta ikusgarrian egon behar da. Herritar batek goizean okindegian euskaraz eskatzeko, udalarekin dosierrak euskaraz egiteko, eta bere lantokian lankideekin euskaraz aritzeko aukera erreala izan behar du. Horretarako bi ardatz landu behar dira aldi berean: eskaintza bermatzea, arreta eta funtzionamendua euskaraz egokituz (idazkiak, webguneak, zerbitzua…) eta eskaria aktibatzea, herritarrok euskara exijituz eta lehen hitza beti euskaraz eginez.
Zein dira zuen arlotik, azaroaren 21ean, Euskalgintzak deitzen duen manifestaldian parte hartzeko 3 arrazoi nagusiak?
Gure eremu sozioekonomikotik begiratuta, hauek dira kalera ateratzeko hiru arrazoi nagusiak:
1. Kuadro juridiko egokia aldarrikatzea: lan munduan eta eremu sozioekonomikoan jauzi kualitatibo bat emateko, ezinbestekoa dugu euskararen estatusa aitortuko duen eta eskubideak bermatuko dituen lege-babes sendoa Ipar Euskal Herrian.
2. Etorkizuneko langile eta kontsumitzaile euskaldunen babesa: irakaskuntza eta euskaraz ikasteko eskubidea oztopatzen direnean, biharko langile, enpresari eta bezero euskaldunen sarea kaltetzen da.
3. Sektore guztien indarra erakustea: gizarteari eta erakundeei erakutsi behar diegu euskararen normalizazioa ez dela irakaskuntzaren edo kulturaren kontua bakarrik. Euskaraz bizi eta euskaraz lan egin nahi duen komunitatea zabala eta aktiboa dela erakusteko eguna da.

par