
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Euskoaren kideak ezohiko biltzar nagusi batean bilduko dira irailaren 12an erabaki garrantzitsua hartzeko: tokiko moneta osagarria Hego Euskal Herrira hedatu ala ez. Itxuraz teknikoa den galdera horren gibelean, ordea, Euskoaren izaera eta etorkizuna hunkitzen dituen hautu sakona dago. Euskoa ez da beste edozein moneta. Sortu zenetik helburu argiak izan ditu: tokiko ekonomia indartzea, zirkuitu laburrak sustatzea, euskararen erabilera bultzatzea, ingurumenarekiko jokabide arduratsuak laguntzea eta Euskal Herriko jendeen arteko loturak sendotzea. Urteen poderioz, Europako tokiko moneta osagarririk handiena bilakatu da erabiltzaile kopuruari dagokionez. Denon harrotasunerako arrakasta da.
Baina arrakasta horrek galdera berri bat ekartzen du: iritsi ote da urrats berri bat egiteko garaia, Euskoa Euskal Herri osora hedatuz?
« Bozkaren emaitza edozein izanik ere, funtsezkoa izango da Euskoaren indarra zaintzea. »
Hausnarketa hori ez da berria. Hasieratik proiektuaren ikuspegian zegoen. Euskal Herria ez da administrazio-muga batean amaitzen. Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harreman ekonomikoak, kulturalak, sozialak eta familiarrak eguneroko errealitatea dira. Anitzek bi aldeetan bizi, lan egin edo kontsumitzen dute, eta hizkuntza bera partekatzen dugu. Hein handi batean, lurralde bakar gisa bizi dugu gure egunerokoa.
Hala ere, bilakaera horrek zalantzak sortzen ditu. Batzuk beldur dira hasierako proiektua lausotuko ote den; beste batzuek gobernantza edo ondorio ekonomikoak dituzte kezka-iturri. Eta bada, isilago bada ere, Hegoaldeko eragileengan edo elkarrekin eraikitzeko gaitasunarengan konfiantza falta adierazten duenik badago. Kezka horiek zilegi dira eta entzunak izan behar dute. Halako erabaki bat ezin da arinkeriaz hartu. Gardentasuna, bermeak eta eztabaida lasaia behar dira. Pragmatismoak gidatu behar du gogoeta, tokiko moneta batek oreka ekonomikoa, antolakuntza fidagarria eta erabiltzaileen konfiantza behar baititu.
Baina pragmatismoa ez dadila geldotasunaren aitzakia bihur. Euskoa ideia ausart baten ondorioz sortu zen, eta askok ezinezkotzat jotzen zuten. Errealitateak kontrakoa frogatu du. Arrakasta hori militantziaren eta berritzeko gaitasunaren fruitua izan da, bere baloreak galdu gabe. Gaurko eztabaida ez da moneta bati buruzkoa bakarrik. Euskal Herri osoaren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko borondateaz ari da. Benetan herri bakarra garela erran nahi badugu, zilegi ote da gure lankidetza-tresnetan oraindik muga administratiboak mantentzea?
Ez dago erantzun errazik. Bakoitzak bere kontzientziaren arabera bozkatuko du. Baina argi dago eztabaida hau Euskoaren sorreratik bertatik bazegoela haren izaeran. Irailaren 12ko biltzarra ez da haustura bat izango; hasieratik mugak gainditzeko bokazioa izan duen proiektu baten bilakaera naturala baizik.
Bozkaren emaitza edozein izanik ere, funtsezkoa izango da Euskoaren indarra zaintzea: elkarrenganako konfiantza, elkarrizketa eta tokiko, bidezkoago eta iraunkorragoa den ekonomiaren alde elkarrekin jarduteko borondatea. Horixe baita Euskal monetaren benetako indarra.
