
Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, elkarrizketa honetan euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldi judiziala, EAJren eta EH Bilduren arteko akordioa, beharrezkotzat jotzen duen arkitektura juridiko berria eta larrialdi linguistikoaren erronkak aztertzen ditu, Ipar Euskal Herriari begirako gogoetekin batera.
Enbata: Ipar Euskal Herriko irakurle askok ez dute ongi ezagutzen Hego Euskal Herriko administrazioan euskararen inguruan azken urteetan gertatu dena. Azal diezagukezu zer den hainbeste aipatzen duzuen « oldarraldi judiziala » eta zergatik bilakatu den gaur egun euskararen normalizaziorako oztopo nagusietako bat?
Idurre Eskisabel: Hego Euskal Herriko zati batean, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroa Garaian “eremu euskaldun” izendatu duten zonaldean, ofizialtasun estatusa du euskarak, eta horrek bide ematen du administrazio publikoan euskara gazteleraren pareko izan dadin. Administrazioaren egitekoaren parte bilakatzen da euskaldunen hizkuntz eskubideak bete eta bermatzea, eta, baita ere, euskararen normalizazioa bideratzeko politika publikoak indarrean jartzea. Azken lau hamarkadetan hainbat urrats egin dira hori gauzatzen joateko: progresiboki eta tokian tokiko egoera soziolinguistikoa aintzat hartuta, euskara-eskakizun batzuk ezarri dira udal, diputazio edo Jaurlaritzako lanpostuetarako. Langileen euskalduntze progresibo hori ezinbesteko urratsa da hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta administrazioa bera lan-eremu euskalduna izan dadin, eta liskarrik gabe egin da oraintsu arte.
« Euskararen normalizaziorako tresna diren lege eta arauak atzera botatzen ari da Espainiako botere judiziala, desofizializazio prozesu bat ari dira gauzatzen. »
Azken lauzpabost urteotan, ordea, administrazioko lanpostuetarako euskara-eskakizun horiek bertan behera uzten dituzten epaiak etortzen hasi dira bata bestearen atzetik, “gehiegizkotzat” eta “inposaketatzat” joz. Ez hori bakarrik: horretarako aukera soziolinguistikoa duten udalei euskaraz funtzionatzeko aukera ematen zien Eusko Legebiltzarreko legea ere bertan behera utzi zuen 2023an Espainiako Auzitegi Konstituzionalak… Laburbilduz, euskararen normalizaziorako tresna diren lege eta arauak atzera botatzen ari da Espainiako botere judiziala -Katalunian eta Galizian ere bai-, desofizializazio prozesu bat ari dira gauzatzen. Eta oldarraldi judizial honekin batera oldarraldi antolatu politiko eta mediatiko oso bat ari da gertatzen.
Kontseiluak adierazi du EAJren eta EH Bilduren arteko akordioa « sentipen gazi-gozoz » hartu duela. Zer baloratzen duzue positiboki akordio horretan, eta zerk uzten zaituzte oraindik kezkatuak?
Sentipen gaziz hartu dugu euskararen normalizazioan aurrera urrats sendo bat egiteko aukera galdu dela. Izan ere, Kontseilua aspalditik ari da esaten badela garaia Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioan euskara gazteleraren pare egiaz jartzeko. Egun, lanpostu guztietarako da derrigorrezkoa gaztelera jakitea; euskara, aldiz, batzuetarako. Katalunian edo Galizian bien ezagutza behar da enplegu publikorako sarbidea izateko. Euskal Autonomia Erkidegoan ere jada badira baldintzak horretarako: egun 20 eta 30 urte dituztenen artean % 90ek dute euskararen ezagutza… Legebiltzarrean Bilduk aurkeztutako proposamena horretara hurbiltzen zen, baina, tamalez, ez du aurrera egin. Hortik gazia, lortu den akordio hori oldarraldi judizialari aurre egitera mugatzen delako, normalizazioan aurrera egiteko bokaziorik gabe. Hala ere, balioetsi nahi izan dugu Eusko Legebiltzarreko ohiko inertziak hautsi eta honetan beste gehiengo bat islatu dela. EAJk eta Bilduk irudikatutako gehiengo hori euskaltzaleen konfiantzari esker eraikia da neurri handi batean, eta eskatzen diegu aurrerantzean balia dezatela euskararen etorkizuna jokoan den honetan urrats sendoak emateko.
Zuen iritziz, akordio honek ez du oraindik euskarak behar duen « arkitektura juridiko berria » bermatzen. Zer erran nahi du zehazki kontzeptu horrek? Nolakoa izanen litzateke Kontseiluak defendatzen duen eredua, eta zergatik aipatzen dituzue Katalunia eta Galizia erreferentzia gisa?
Aurreko erantzunaren ildotik, enplegu publikoari dagokionean bestelakoa da Katalunian eta Galizian eszenatokia: leku bakoitzeko bi hizkuntza ofizialak abiaburutik dira pareko. Baina horrez gain, arkitektura juridiko berri bat eskatzen ari garenean hizkuntzapolitikari dagokionean paradigma berri bati buruz ari gara. Nafarroan, hasteko, euskara ez da ofiziala lurraldearen zati handienean -eremu misto eta ezeuskaldun izendatuetan; Iruñerritik hegoalderako zati handienean, bide batez, populatuenean-. Arkitektura juridiko berri horrek euskarak ofiziala Nafarroa osoan behar duela esan nahi du lehenik eta behin. Autonomia Erkidegoan, berriz, ofiziala izan arren, minorientzako begirada duen hizkuntza-politika egin da: euskaldunoi eskubide batzuk aitortzen dizkiguna, baina gizartea euskalduntzeko eta euskara egiaz, materialki, gazteleraren pare jartzeko bokaziorik gabea. Horren froga argia da, adibidez, gaztelerako ETB2 indartsu bat euskarazko ETB1 ahul baten gainetik. Gizartea euskalduntzeko, berdintasuna gauzatzeko eta euskarari etorkizuna emateko hizkuntza-politika paradigma berri hori posible egiteko behar dugu arkitektura juridiko berria.

Akordioak dio lege-aldaketak espero diren emaitzak ematen ez baditu, beste bide batzuk aztertuko direla. Aukera erreal bat ikusten al duzue epe ertainera bi hizkuntza ofizialen ezagutza administrazio publikoan sartzeko baldintza orokor bilakatzeko? Zer baldintza politiko eta sozial behar dira horretarako?
Euskal Autonomia Erkidegoko gizartea prest ikusten dugu bide hori egiteko. Azken lau hamarkadetan, esaterako, asko aurreratu da ezagutzan. Arestian aipatu dut azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, egun 20-30 urte dituztenen artean % 90ekoa dela abiaburuko ezagutza dutenen proportzioa. 30-40 urte dituztenen artean, berriz, % 70a gainditzen du. Inkesta horretan bertan herritarrei galdetu zitzaien ea egoki ikusten zuten enplegu publikorako sarbidean bi hizkuntza ofizialen ezagutza eskatzea eta % 75ek baietz erantzun zuten. Kontuan izan behar da azken hamarkadetan euskaratik urrun ziren askok egin dutela euren semealabek ikas dezaten esfortzua… Eusko Legebiltzarreko indar harremanari begiratzen badiogu beren izateko arrazoietan euskaltzaletasuna duten EAJk eta EH Bilduk ordezkaritzaren % 75 dute. Halaber, gehiengo sindikala urrats hauen alde da… Baldintzak badaude, ikuspegi eta interes politiko laburretik harago jokatzen hastea falta da, eta horregatik da garrantzitsua gihar euskaltzale hori mobilizatzea, euskararen aldeko gizarte mobilizazio sendoa, alderdiak mugitu daitezen.
Euskararen ezagutza inoiz baino handiagoa dela diozue, batez ere belaunaldi gazteen artean. Hala ere, zergatik dio Kontseiluak « larrialdi linguistikoan » gaudela? Zer arrisku da ezagutza handitu arren erabilera eta hizkuntza-eskubideak behar bezala bermatzen ez badira?
Dudarik gabe azken hamarkadetan aurrera egin du euskarak Euskal Herri osoan, bai herri ekimenez, eta, jakina, hartarako aukera politikoa egon den eremuetan, baita euskararen aldeko hizkuntza-politiken bidez ere. Baina azken ikerketa eta proiekzioek kezkarako datu asko ekarri dituzte: ezagutzan aurreratutakoa erabileran islatzeko zailtasunak, ezagutzan gertaturiko aurrerakadak goia jo ote duen, arnasguneen galera… Horri erantsi behar zaio mundu aldaketa azeleratuek (globalizazioaren muturreko aldaera honek eta bizitzaren digitalizazioak) kinka larrian jarri gaituztela minorizatutako eta eremu urriko hizkuntza denak.
« Azken ikerketa eta proiekzioek kezkarako datu asko ekarri dituzte: ezagutzan aurreratutakoa erabileran islatzeko zailtasunak, ezagutzan gertaturiko aurrerakadak goia jo ote duen, arnasguneen galera… »
Danimarkan edo Suedian, adibidez, beren hizkuntzen aldeko neurri sendoak hartzen ari dira ingelesaren nagusitasun berriarekin kezkatuta. Hizkuntza minorizatu gisa zailtasun berriei erantzun behar die euskarak, estatu tresnarik gabe… horregatik diogu larrialdian gaudela. Baina segur gaude beste une kritiko batzuetan bezala euskaltzaletasun aktibo bat artikulatzen asmatzen badugu emango diogula etorkizuna euskarari. Hain zuzen ere, mundu gero eta bizigaitzago honetan gutxitutako hizkuntza-komunitate eta kulturak munduari arnasa emateko gune eta tresna baikara. Azpimarratu ohi dugu, mundua euskararen kontra datorrela baina, justu, euskara dugula munduaren alde.

Kontseiluak 2022az geroztik ELA eta LABekin landuriko proposamen bat aipatzen du, 15 urteko trantsizio baten bidez administrazioa euskalduntzeko. Zergatik uste duzue bide hori dela bideragarriena, eta zer erantzuten diezue neurri horiek baztertzaileak edo bidegabeak direla diotenei?
Gehiengo sindikalarekin landutako proposamen hori bide-orri bat da baliatuz erretiro saldo bat gertatuko dela eta lanera datorren belaunaldian euskararen ezagutza ia orokortuta dagoela, inolako langileri kalterik eragin gabe, euskara, gutxienez, gazteleraren pare jarriko duen administrazio publiko hori bermatzeko. Beharbada, baztertzailea eta bidegabea bestea da: euskara aintzat hartzea kanpo utzirik lanpostu hori betetzeko, zerbitzu publiko hori behar bezala emateko, gaituena den langilea baztertzea.
Azkenik, Ipar Euskal Herritik begiratua, askok interes handiz segitzen dituzte Hego Euskal Herrian hizkuntzapolitikaren inguruan ematen diren urratsak. Zure ustez, zer irakaspen utz diezaioke akordio honek Ipar Euskal Herriari, eta zer mezu helarazi nahiko zenieke bi aldeetako euskaltzaleei datozen urteei begira?
Euskal Herriaren partizioaren ondorioz, azken hamarkadetan hiru zoru ezberdin sortu dira euskararen normalizazioan aurrera egiteko. Dudarik gabe, hizkuntza-politikarako baldintza onenak Euskal Autonomia Erkidegoan izan dira, eta, horrenbestez, emaitza onenak ere bai. Beraz, horrek adierazten digu guztizko miraria ez izan arren, ofizialtasuna erdiestea, eta euskararen aldeko hizkuntzapolitikak egiteko zoru juridiko bat ezartzea, garrantzitsua dela euskararen etorkizunerako, Euskal Herri guztian.
« Garrantzitsua da, baita ere, ohartzea egiturazko minorizazio egoerak askotan uste duguna baino egoera berdintsuagoan jartzen gaituela EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. »
Baina, bestalde, garrantzitsua da, baita ere, ohartzea egiturazko minorizazio egoerak askotan uste duguna baino egoera berdintsuagoan jartzen gaituela EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Eta, orokorrean, euskarak etorkizuna izan dezan elementu garrantzitsuenetakoa mugimendu euskaltzale sendo, artikulatu eta antolatua dela, lekuan lekuko begirada, arazo eta egiteko maneretan oinarrituko dena, baina Euskal Herri osoan bilatuko dituena kidetzak eta bultzada.

par