
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Badira garai batzuk non Euskal Herri osoa zeharkatzen dituen gai transbertsalak ageri zaizkigun, batzuetan txarrerako, beste batzuetan onerako. Azken garai hauetakoek herritar, abertzale eta ezkertiar gisa gu guztioi arreta eta borrokarako griña pizten digute, hau da, batetik euskararen inguruan Euskal Erkidegoan zein Ipar Euskal Herrian pairatzen ditugun erasoak, eta bestetik, beste estilo batekoa baina aurrekoarekin lotura zerbait ukan dezakeena, hauteskundeei begira argitaratzen ari diren hauteskundeen zundaketek eskuin muturrari ematen dioten bozkaren gehiengo zabala.
Abendura arte Euskal Herriko xoko jakin batzuetan bertso txapelketako kanporaketak, finalaurrekoak eta finala lehiatzen diren une honetan, Pirinio Atlantikoetako prefetak, bere aitzinekoaren ildoari jarraituz, Larresoroko herriko etxearen aurka jotzen zuen bide bati euskal izendapena eman ziolakoan. Hego Euskal Herrian, berriz, larritzat eman daitezkeen euskararen kontrako eraso etengabeak entzuten dira irrati edo telebistaren bidez, azkenekoa sektore publikoan euskararen erabilera arautzeko hizkuntzaren plangintzarako neurriak proposatzen dituen dekretua baliogabetzea.
« Bi gertakari hauek hizkuntzaren aldeko borroka segitzea eta indartzea oraindik ere ezinbestekoa dela erakusten digute. »
Bi horiei beste hainbat gertakari gehitzen ahalko genizkieke, baina zerrendatu baino, hauek beste hainbat bezala gure hizkuntzaren aldeko borroka segitzea eta indartzea oraindik ere ezinbestekoa dela erakusten digute. Joan den ekainean milaka lagun atera ziren Iruñeko karriketan euskararen ofizialtasun osoa eskatzeko. Datorren azaroaren 21ean, euskararen garaia dela aldarrikatzera beste milaka herritar aterako gara karrikara Baionan, eta eraso horiek ozen eta azkar onartezinak zaizkigula zabalduko dugu.
Werner Herzog zinegile alemaniarrak, Donostiako zinemaldian Donostia ohorezko saria eskaini ziotenean honako hau erran zuen: « Aldiro segitzen ditut bertsolarien lehiak, Youtuben. Ez dakit euskaraz, baina txunditu egiten nau, (….) poeta horiek elkarri erantzuten ikusteak. Sentipena dut herri bat badagoela hor, eta komunitate horren parte naizela iruditzen zait, sari hau haien eskutik jasota ».
2027. urteko hauteskundeen zundaketek Espainian Vox eta PParen arteko batasuna garaile jartzen dute, eta Frantzian berriz, RN alderdia indartsu agertzen zaigu. Euskal Herrian zein munduan pentsamendu bakarra zabaldu nahi du eskuin muturrak, non gure hizkuntzari ez zaion lekurik utziko, folklorizatzeko baizik, non begirada, kolore eta iritzi anitzetako gizarteari ez zaion bozik emango, ezberdintasunari begira beldurra pizteko baizik.
Herzogek errandakoa gogoratuz, Karlos Linazasorok poesiari buruz erraten dituenak nabarmentzea merezi du hemen: poesia « zerbaitetan sinestea » da, « bizimodu bat da, gauzak begiratzeko modu bat » da. Euskara poesiaren hizkuntza den heinean, pentsamendu bakarreko ideiei eta Biarritzeko Canon Français banketea bezalako ekimenei aurre egin eta aurkako herri gisako harresia eraikitzea ezinbestekoa zaigu.
