
Udak zanpatu gaitu, zuzenki edo gure bizitokien eta inguratzen gaituzten ekosistemen bitartez. Gutik igurikatzen zuten hain gogorrak izanen zirela eta hain goiz gorpuztuko zirela klima aldaketaren eraginak. Halere, horren ondorioz ez da oraindik oldarrik altxatzen, nekadura eta ekonomiak inposaturiko disonantzia dira oraino nagusitzen. Ekinari birlotzeko, bizitzaren zaurgarritasuna hautematea izan ote daiteke gakoetarik bat?
Beroak zanpatu gaitu, udako oporrekin indarberritu baino hainbat astez gorputza indargabetu zitzaigun askori, hainbat eta hainbat lo eskaseko gau eta atsedenik gabeko egun, freskotasuna aurkitu ezinik. Europan aurtengo bero uhinetan 34.210 pertsona hil dira, horiek ezin dute gehiago gertatu zaiena kontatu. Gure gorputzak nekatuak, baserrietan abereenak ere, eta oihan ihartuetan zenbat txori hil? Etxeetako kalteak emendatu dira, batzuk ezarian – hezetasun orbanak paretetan eta armairuetan – bertze batzuk kezka gehiago eraginik, hormetan luzatzen diren arrakalak bezala. Gure betiko herri berdean kolore berdea ez da inoiz hain itzalia izan: larreen belarra horitua, artoa nekez hazi, hainbat zuhaitz gazte hilik, eta guregana barreiatzen Bizkarrozeko eta Avilako sute erraldoien kea. Luzaz igurikatu diren eguraldi baldintzak hor dira jada. Klima aldaketa ez da gehiago etorkizuneko mehatxu urrun eta teorikoa. Gainean dugu, zanpatzen gaitu, gehiago indartuko da. Eta ez gara prest.
Neurri handi batean, prestatzeko lagundu ez gaituztelako ez gara prest. Erabaki politikoak mantsoegiak izan dira, azkenaldian gero eta maizago kontrako norabidean ere. Horrez gain, hedabide handi gehienek ez digute behar bezala igurikatzen ziren ondorioen larritasuna ulertarazi.
Gainditzea
Nazio Batuen Ingurunerako Programak irail hasieran argitaratu zuen txostena egun guti batzuez aipatua izan da hedabide nagusietarik guti batzuetan, eta jadanik gaiaz aldatu dira. Txosten horrek dio gainditzearen aroan sartuak garela, 2015eko Pariseko Hitzarmenaren arabera mende bukaerarako gainditu behar ez zen 1,5 graduko berotze maila gaindituko dugu heldu diren urteetan, mendearen laurdena eta urte guti geroago. Berriki Greta Thunbergek zioen bere ustez ez garela ohartzen zein izigarri den berri hori, baina hori baino izigarriagoa dela berri horrek ez dituela munduko hedabideen orriak betetzen, eta ez dituela jendeak karriketara ateratzera mobilizatzen.
« 2015eko Pariseko Hitzarmenaren arabera mende bukaerarako gainditu behar ez zen 1,5 graduko berotze maila gaindituko dugu heldu diren urteetan. »
Gainditze horrek munduan zehar milioika bizitza akabatuko ditu. Klima aldaketak larriki kalteturiko eremuak zabalduko dira eta 1,2 miliar pertsona gehiago ukituko dituzte. Milioika izanen dira klima errefuxiatuak, eta hainbat herrialdetan normaltzat jotzen den janari eta ur hornidura kolokan izanen da. Hori aski ez balitz, klima aldaketaren ondorio larrienak saihesteko denbora tartea laster ixten ari da, eta uzkailtze mugak (« tipping points« ) gainditzeko arriskua emendatzen da. Gainera, orain garen beroketa mailarako aurreikusi baino askoz larriagoak dira klima aldaketaren eraginak. Mundu arrazional batean, berotegi efektuko gasa isurtzen jarraitzen duten jarduera guziak (erregai fosilak erretzea edota lurzoruak eta oihanak gaizki kudeatzea) gelditzeko planak martxan genituzke jada, eta ehunka miliar dolar inbertituko lirateke klima egonkortuko duten jarduera guzietan, hori egin ezean galerak askoz handiagoak izanen dira ongi barneraturik. Baina erabaki hartzaileen irizpideek ez dute arrazionaltasun horrekin bat egiten. Dena normala balitz bezala egiten jarraitu behar dugula diosku ekonomiak. Arazoaren munta ez da behar bezala aitortzen, ezta hurrik eman ere, eta horrek zanpatua izatearen sentipenari disonantzia gehitzen dio.
Kontakizun kontuak
Berrian Txema Ramirezek berriki zioen bezala, duela hamabost bat urte distopikoa zirudiken pentsatzea eskuineko populismo autoritarioa egun hain hedatuta egon zitekeela mundu osoan. Areago, aukera hori erakargarria izan zitekeela zapalduta bizi diren milioika herritar xumerentzat. Hain gaizki egin al ditu gauzak ezkerrak? Hainbeste ergeldu da jendea?
Ez dakit ergeltzea den kontua, baina argi da eskuin muturra eraginkorra dela kontakizunak zabaltzeko, kontakizun sinpleak eta jende askoren emozioak ukitzen dituztenak: nazio homogeno bat, nazio horren mugen barnekoak, eta mugak eta homogenotasuna mehatxatzen dituzten « kanpoko etsaiak » (etorkinak) eta « barneko etsaiak » (eskuin muturrik gabe lasaiago biziko liratekeenak). Komunitateak dakarren kidetze sentimendua – komunitatearen ezaugarriei aski zorrozki jarraituz gero – komunitatea batzen duten mehatxuak, eta kontakizun horrek sortzen dituen emozioak.
Argian Mikel Oterok oroitarazten duen bezala, beroa klase (eta genero, eta arraza…) arazo bihurtu baita. Nork eta nola elikatzen du beroa? Nork eta nola egin dezake ihes berotik? Hiru hitzetan: beroa politikoa da. Hori horrela, premiazkoa da beroak sortzen duen egonezina politizatzea, ezkerretik politizatzea eta elkarrizketa sozialaren erdigunera ekartzea. […] nor(tzu)ena da erantzukizun nagusiena? Nortzuk pairatzen dituzte eraginik bortitzenak? Zeintzuk dira konponbideen ardatz nagusiak? Nortzuk ari dira irtenbideak oztopatzen? Nortzuk lehentasuna ezkutatzen? Nola bermatu ondorio bortitzenak leuntzea guztiontzat? Galdera guzi horiekin bada nahikoa kontakizun sendo bat egituratzeko. Klimaren aldeko borroka ezin da eraman justizia sozialarekin uztartu gabe, Bizi! mugimenduak aspaldidanik hori dio.
Dolua
Aspaldidanik ere erraten dugu klima aldaketari aurre egiteko proposatzen ditugun konponbideek mundu justuago eta gizatiarragoa eraikitzen laguntzen dutela. Baina orain, panorama pixka bat aldatu zaigu. Nolabait, hasieran erraten genuen: « bai, IPCCk iragartzen duena beldurgarria da, baina badira bideak hori saihesteko eta etorkizun hobe bat eraikitzeko ». Orain, aldiz, IPCCren aurreikuspenak baino gure inguruan ikusitakoa eta guk zuzenki pairatutakoa da izigarria. Orain arte gerorako irudikatzen genuena, jadaneko fisikoki eta emozionalki sumatzen dugu. Oso zalu okertu dira gauzak, eta jada ezin da dena salbatu. Mediapart hedabidean Claire Nouvian itsasoen aldeko aktibistak zioen hazi den munduaren eta hazi den klimaren dolua behar duela egin, garai batean oraindik espero zuela klimaren oreka atxikitzen ahalko genuela baina orain argi dela gauza asko desagertuko direla. Sentimendu hori gainditu behar da, oraindik salba dezakeguna salbatzeko ahaleginak martxan ezartzeko.
Iaz egindako elkarrizteka batean, Myriam Bahaffou filosofo ekofeministak zioen munduari buruz duen joera, itxaropena baino askoz gehiago dolu mota bat dela, eta sentipen hori jende askok bizi dutela. Gehitzen zuen ibilki den eremu politikoetan premiazkoa iduritzen zaiola horri aurre egiteko gaitasuna garatzea, dolu horrek ez gaitzala paralisiara eraman, baizik eta munduarekiko birkonektazera. Birkonexio horren lehen urratsa, jadanik pairaturiko kalteen larritasunaren aitorpena da.
Bizipoza berreraiki
Ohartu garen bezala, zientzia komunikatzea ez da aski, horrekin batera kontakizunak eraiki behar dira. Baina kontakizunak ere ez dira aski, munduarekiko konexioa ez dute haiek bermatzen. Desioa birbideratu behar dela diosku Myriam Bahaffouk, gaur egun iruditeria kapitalistatik berreskuratu. Iruditeria horretan, desioak jabetza du xede: lanean gogor, eta lanetik at goxatzeko, ahal dutenek noizbehinka beren buruari sari bat erosi. Iruditeria honetan, jasangarritasuna sakrifizioekin lotu ohi da maiz. Beraz, biosferarekiko oreka atxikitzeak, desiratu ohi duguna ukatzearekin lotu ohi dugu, hori etorkizuneko belaunaldien mesedetan egiten dugularik. Baina sakrifizioa ez da erakargarria, eta ez da harritzekoa ez duela oraindik oldar masiborik piztu. Desioa jabetzarekin lotu baino, zaintzarekin lotzeko diosku Bahaffouk, inguruan ditugun bizidun guziekiko dependentzia lotura guziak deskubritu eta aitortu, eta zaintza loturak eraiki, jasangarritasuna askoz errexkiago eraikiko baita gozamenarekin eta bizirik izateko sentsazioarekin birlotuz.
Zaurgarritasuna aitortu
Xede dugun mundu hobea oinarri zauritu baten gainean eraikitzen ari gara. Zauriek hain goiz gertaturik ezustean harrapatu gaituzte, eta garrantzitsua da zauriak aitortzea, zaurgarritasunaz ohartzea. Hainbat zuhaitz beroz eta ur eskasiaz hiltzen zaizkien oihanak. Gero eta maizago udan agortuak diren mendiko xirripak edo errekatxoak. Gero eta isilagoak diren udaberriak, txoriak desagertu ahala. Udan beren egarria oihukatzen duten larre horituak. Eta noski, beren zaurgarritasunean, beroak nekaturik hil edo eritu zaizkigun senide eta lagun maiteak.
« Zauri guzi horien artetik bere zaurgarritasunean bizirik jarraitzen duena zaintzeko premia dugu, gu geu barne. »
Baina zauri guzi horien artetik bere zaurgarritasunean bizirik jarraitzen duena zaintzeko premia dugu, gu geu barne. Etxeak eta hiriak bizigarriagoak bilakatu, zuhaitz berriak landatu, tokiko ur zikloak birsortu, txorien bizitokiak garatu, zizare asko aterpetzeko moduko lurzoru bizidunak birsortu. Horrek denak ez du kentzen desagerturikoaren mina, baina salba dezakegunaren balioa hautematen laguntzen gaitu. Maite dugun guzia jokoan baita.
Guziz ezkorra denak uste du ez dela deus egitekorik, beraz ez du deus egiten. Guziz baikorra denak uste du dena bere kabuz konponduko dela, beraz ez du deus egiten. Aldiz beren ingurukoa sumatzen dutenek argi dute asko dela egiteko. Ez dute ezkor ala baikor izan beharrik, biziak ederrak bezain hauskorrak direla sumatzen dute, eta horiek nahi dituzte zaindu.
