
Ezkerreko hautagai abertzale eta euskalduna buru, Elkarrekin Baionarentzat zerrenda aurkeztuko da igande honetako Baionako herriko bozetan. Baionako ezkerreko indar guziak bildurik, herriko etxea zentro eskuinari irabazteko aukera erreala da; aukera historikoa. Bozka guziak behar-beharrezkoak izanen dira.
Sortu den aukera hori urteetako ibilbide luzearen emaitza da. 1983an indar abertzaleak herriko hauteskundeetan presentatzen hasi zirenetik, buruhausteak ez dira eskas izan. Nola erakarri proiektu abertzalera, ideia hori oraino hain arrotz zaien Baionako herri sektoreak? Nola eragin herriko politika publikoetan? Nola egin ezker jakobinoa aldarazi edo gibelarazleko?
Alde batetik abertzaleok Baionan eramandako lan soziopolitikoak, zubiak eta konplizitateak eraiki ditu ezkerreko beste sektoreekin: parte hartze aktiboa mobilizazio sozialetan, lan sindikala, bestelako hauteskundeetan gure mezua hedatzea, Ipar Baionako Festibala, Baionako besta alternatiboak, Alda-ren sorrera… Horiek guziek aldarazi dute panorama politikoa, eta gaurko baldintzak sortu dituzte.
Ezin dira aipatu gabe urteetan izan diren esperientzia guziak: Baiona Hiri Nagusia, Baiona Berria, Baiona 2014, Baiona Berde eta Elkarkidea eta Baiona Mugimenduan. Bat bestearen ondotik, indar metaketa eraiki dute, gero eta sektore gehiago elkarlanean jarriz. Eztabaidak, zailtasunak, huts egiteak eta frustrazioak ugari izan dira, baina hauteskundez hauteskunde beste ezkerreko indarrekin elkarlanean alternatiba eraikitzen ibili gara abertzaleok.
Azken kanpaina honek, aurreko esperientzietatik ikasiz, ahal bezain urrun eraman ditu irabazteko baldintzak; hiru urteko prestaketa eta elkarrizketak dira horren lekuko. Eta emaitzak begi bistakoak dira: Baiona Mugimenduan ezkerreko lehen indarra bilakatu da, Jean Claude Iriart auzapez bilakatzeko baldintzak sortuz. Hauteskundeen emaitzek konfirmatu dute estrategiaren egokitasuna, eta atea ireki diote akordio zabalago bati. Abertzale ezkertiar eta ekologistek beren leku osoa dute hor, bai programaren aldetik, bai postuen aldetik, baita barne dinamikaren aldetik ere. Batek baino gehiagok amestu lezake egoera hobea, pario arriskutsua ere ikus lezake bertan. Tira, hau da dagoena, eta ez besterik. Gaur dugu aukera eta indar erreakzionarioen gorakada ikusiz, beharbada sekula ez zaigu gehiago holakorik gertatuko. Igande honetatik aitzina, Baionako auzapeza ezkerrekoa, abertzalea eta euskalduna izan daiteke, ezker zabalaren babesarekin.
Orain da momentua! Gure indarrak lerrokatuak dira, aurkarien defentsa gainditu eta zutoien artean entsegua ematera goaz! Igandean ezkertiar, abertzale, feminista eta ekologista orok bozka dezagun Elkarrekin Baionarentzat, Jean Claude Iriart buru!

Abadie Jean-Marc, Aguerre Sebastien, Aguirrebarrena Ibai, Ampo Nathalie, Anin Amande, Arkauz Unai, Bellan Eneko, Bellan Peio, Berhonde Alaia, Berling Arrossagaray Lili, Betelu Serge, Bortayrou Jakes, Caliot Jean-Paul, Capot Thornary Ibai, Cavaterra Giuliano, Coupé Flavien, Crusner David Caroline, Da Costa Alexandre, Da Costa Guilhem, Daguerre Dominika, Derguy Daniel, Dilet Elise, Echeverria Mirentxu, Elorriaga Gema, Eraso Garbiñe, Etcheverry Jakes, Etcheverry Larçabal Meli, Etcheverry Maite, Ferran Valles Paco, Ferrand Jean-Joël, Fontang Amaia, Garcia Lola, Goenaga Xan, Guilharretze Sasco Sophie, Harosteguy Hodei, Heguy Elaia, Heguy Peio, Hiriart Lukas, Hiriart Odile, Hourcade Sabina, Imbert Elorriaga Unai « Ttiki », Iriart Aña, Lambert Peio, Lannes Butron Aiantze, Lannes Butron Uxue, Lannes David, Lepage Séverine, Lizarralde Iban, Menta Peio, Miroux Anaiz, Mouesca Kepa, Nouqueret Pierre Mo, Oillarburu Leire, Olaizola Yon, Ospital Eloixa, Ostolaza Ieltxu, Parot Gilles, Ricarrère Hélène, Saralegi Nahiara, Sarhy Peio, Saves Florian, Tyl Benjamin, Uthurbide Pantxoa


par