Alliot-Marie ere

PrintFriendly and PDF

Ben Ali erori zen. Mubarak ere. Gadhafi erortzeko bidean. Ipar Afrikako diktadoreen urrezko aroa gibelean gelditu da eta gobernuak hankaz gora joaten
ari dira. Eta ekaitz horrek nor eraman du berekin? Michele Alliot-Marie, Lapurdiko politikari paristarra. Sinbolo handia da Euskal Herriarentzat, Ipar Afrikako krisiarekin erori berri den politikaria Alliot-Marie izaitea. Alliot-Marie ez da Ben Ali, ez da Mubarak. Baina Euskal Herriaren zapalkuntzaren sinbolo bat, bai. Ez dezake Euskal Herriko populua Afrikako agintariek bezala lurpean atxik, hain gogor. Baina, zeharka, euskaltasuna osoki mespretxatzen eta zapaltzen du, Euskal Herriaren etorkizuna hobetzeko bideei traba egiten die, gatazkaren konponbidea laguntzeko ordez, zapuzten du, Es-painiako gobernukideekin eskuz esku. Nola izan liteke bestela, Afrikan Ben Ali bezalako diktadoreen laguna baldin bada? He-men ere Afrikan bagina, gisa bereko zapalkuntza bat sostengatuko zukeen…
Tunisian eta Egipton ez bezala, Alliot-Marie ez du Euskal Herriko populuak bota. Izatekotan, zorigaitzez, oraino sostengu handia du. Sud-Ouest egunkariaren asteleheneko lehen or-ria da horren lekuko: « Sarkozy efface MAM et place ses hommes ». Hots, Nicolas Sarkozyk Afrikakoa aitzakia gisa erabili du aspaldian jasan ez zezakeen politikari bat kanporatzeko eta bere aldekoak ezartzeko. Alain Juppé Sarkozyrengandik hurbilago dea Alliot-Marierengandik baino? Bego horretan, eztabaida hori. Euskal Herrian oraino sostengua baduela pentsa badezakegu ere, azken asteetan Frantzian izan den haren kontrako kanpainak eta, azkenik, Frantziako gobernutik kargua uzteak, kalte zerbait egin bide dio, baita Euskal Herrian ere.
Orain, Euskal Herriko politikara itzuliko omen da… Bistan da, orain ahalke izpirik gabe, hainbeste urtez Euskal Herritik urrun egon ondoan eta Euskal Herriaz batere kezkatu gabe egon ondoan, hauteskundeetan hartu eta berehala utzi zituen karguak berreskuratu nahiko ditu. Donibane Lohizuneko auzapez kargua ez, omen. Peyuco Duhartek atxikiko omen du. Alliot-Mariek bere ardurak beteko ditu, hala ere? Ala Parisera begira jarraituko du? 2012ko president bozei begira? Pentsatzekoa da orain Daniel Poulouk betetzen duen diputatu kargua berreskuratuko duela, 2002tik hona kargu hartan egon gabe iragan dituen urte guzien ondotik. Bederatzi urtez ministro, orain aulki hura galdurik, berriz ere diputatu izatera « apaldu » beharko du. Baina Parisen segituko duela, dudarik ez.
Heldu den urtean izanen du berriz hautesleen babesaren bila joateko tenorea. Ahulduko dea, hein bat? Euskal Herriari hain-beste trufa egin ondoan eta nazioartean diktadoreen laguna dela erakutsi ondoan, haren gehiengo eroso hura galduko ote du? Asteburuan Afrika aldetik jin zaion ostikoa ez ahal da azkena izanen, eta Euskal Herritik beretik ere jinen ahal zaio bat, ederra!

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video