Donostiako liburutegiari Txillardegi izena ez emaiteaz

PrintFriendly and PDF
Jakes Lafitte
Jakes Lafitte
Ingérnieur
D'autres articles

TxillardegiDonostiko liburutegiari Txillardegi izena ematearen aurkako botoa kezkagarri da eta deabru zaharrak arrapiztu nahi dituela badirudi. Oposizioko alderdi espaniolistek, naski, euren ezetza eman dute, Txilladegi ETAko eraikitzaile historikoetatik bat zelakoan. Bainan harrigarri da oraingoan PSE kontra izatea, Udaletxeko Domina emateko, dakidanez behintzat, ados zegoela oharturik, Txilladegiren baitan gizon politikoa baino kultur gizona gehiago kontutan hartzen baitzuten.

Askoz harrigarriago EAJ-aren ezetza, zeren alderdi honek, abertzale izanik, euskal kulturaren alde hainbeste egin zuen gizon batek ohorezko toki bat sortu zen Donosti hortan ukan zezan ahalegindu beharko baitzuen.

Bi iturburu politiko ukan ditzake EAJ ren jarrera horrek : ETA 1959-garren urtean EAJ-ren barneko disidentzia batetik sortu izana, edo gaur alderdi espaniolistek egiten dituzten presioek eraginda.

Dena den Txillardegi hurbiletik ezagutu duten guztiek ohartu ziren mota guztietako abertzaleekin oinharrietan ados zegoela. Belaundi askotako militanteekiko harreman onak bazituen, puntu batzuetan oso osoki ados ez izan arren. Denboraldi batean irakasletzat ukan nuen ber, ohartu nintzen hark zuen Euskal nazioari buruzko ikuspunktua hizkuntzari zegokiola eta ez ikurren gurpenari, ezta ere euskerarik gabeko sasi abertzaletasunari. « Euzkotarren aitzakia harkiaren jarrera iruditzen zaidak » esaten zuen. Euskarari buruz egin zuen lan mardula aipagarria da dudarik gabe: euskera batuaren oinharriak askorekin lan eginez landatu zituen bere liburuetan («sustrai bila» ; «euskara batua zertan den» eta abar.) Jon Mirande Zuberotarrarekin batera euskerazko prosa modernoa landatu zuen (Hala nola «Elsa Scheelen» eta «Peru Leartzako») Euskerazko saiakera lanari hasiera on bat eman zion «Huntaz eta hartaz» liburutxoa idatzi zuelarik (Goiztiri – 1967-an). Euskerazko prentsan idatzi zuenaren arabera, erdaraz bezain trebe euskaraz idatzi zuen herriko eta nazioarteko gaien inguruan. Jon Miranderi aitzi ez zen bakarti intelektuala, berak askotan azaltzen zuen legez, «herri gizona» baitzen.

ETA lau adarretako oldar abertzalea eraikitzean parte hartu ondoren, hortik atera zen 1967 urtean erakundeak hartu zuen jarrera marxista leninistarengatik. Ezker abertzaleko militante askorentzat nahiko arraroa zen Marxismoa eta Leninismoaren aurkako jarrera hori. Nire ustez, Francois Fontan Okzitaniar hertzaleak idatzi zuen bezala, Marx eta Leninek alienaturik zeuden nazioen borroka teorian bakarrik kontutan hartzen zutela, bainan praktikan jokaera inperialistari ekiten ziotela salatzen zuen Txillardegik. Euskal Herriaren nazio borroka eta esistentzia lurraldetasunean, historian eta hizkuntzan oinharritzen zituen hain zuzen ere; Gerla Karlistetan euskaldunek Karlisten alde jartzea abertzaletasun inkonziente baten azalpena baino ez zitzaion.

Frankismoaren denboretan, baita ondoren ere, ETA “kanpotik zuzenduriko“ matxinadakeria baino ez zen, Espainia deserokatzeko komunismoak edo Ameriketako Estatu Batuek antolatuta. Azken hamar urteetan aldiz, euskera eta Euskal Herriaren aldeko ekintza edo erakunde gehienak ETA-rekiko lotura bat duelakoan, zapalkuntza badator. ETAk adar militarraz gainera, gizarte, politiko eta kulturako sailak bazituela ez dute agintariek onhartu nahi. ETA-ren indarkeriarekin dana lotu nahi dutela gero eta nabarmenago da zoritxarrez. 1963 garren urtean Frantziako agintariek Txillardegi kanporatu zutelarik, ETA-ren borroka armatua ez zen hasi. Hego Aldera itzuli zenean, 1977-urtean bide politikan sartu zen, nazio eraikuntzari loturik. Joan den mendeko azken hamarkadan guduka armatua onhartzen ez zuen AMAIUR alderdiaren antolakuntzan aritu zen. Gizon biolentoa izana beraz, ezin diezaiokete leporatu abertzaleek euskalzaleek, ezta ere ez-abertzaleek. Arestian aipaturiko hiru alderdi horiek beraz, hartutako jarrera berrikusi beharko lukete eta Donostiko Liburutegiari Txillardegi edo Larresoro izena eman.

Gogoeta osatzeko… aktualitateko beste gai bat

ZAZPI EUSKAL HERRIETAKO MAPA
D ereduan Guardia Zibilak egin duen inkesten ondorioz, Euskal Herriko zazpi robintziak dakartzan mapa kendu beharko litzateke Nafarroako eskola liburuetatik legez kanpokoa delakoan eta terrorismoaren apologia, ETAren aldeko propagada egiten duelakoan. Hona hemen egun horietan Iparraldeko saltegi askotan saltzen den postala, Euskal Herriko zazpi herrialde historikoak, eta beste ikurrak erakusten dituena.
Duela berrogoi urte mota honetako kartak salgai ziren Bidasoaren alderdi honetan,beste itxura bat ba zuten ere. Karta horrek folklokeriazko alderdi bat duela ukatzen ez dudan arren, errealitate historiko politiko eta etnokultural bati dagokiola onhartzen dut.

Zergaitik beraz Nafarroako Hezkuntza Sailak, Guardia Zibilak egindako asmakeriak oinharritzat harturik debekatu nahi du delako mapa hori, Euskal Herriko bihotza den Nafarroan?

Postala argitaratzen duten A Pagoaga eta J Thouand argazkilariek legez kanpo ote dira? Nafarroako ikastoletan ari diren haurrek eskuratzen badute, ikastola barruan banantzea delitu bat bihurtuko ote da? Benetan frankismoa ez da hila eta Nafarroan Nabarrismo atzerakoia badirau.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video