Aroztegiko Elkartasun Komiteak aste honetan Elizondon aitzina eraman duen kanpaldiaren balorazio arras positiboa egin du. « 2021eko kanpaldian sentitu zen harrotasun berdina sentitu dugu », adierazi dute, eta eskerrak eman dizkiete hurbildu diren herritar guziei. « Bistakoa da desobedientzia zibilia, ekimen demokratiko hori, kriminalizatu nahi izan dela eta hori onartuko ez duen herri bat dagoela hemen ». Ondoko hitzordu garrantzitsua maiatzaren 19an hasiko den epaiketa izanen da, eta epaiketa haste den egun horretan bertan mobilizazio bat eginen da Iruñeko epaitegietan.
« Egunero jende aunitz biltzea lortu dugu Elizondoko plazan. Lo egiten egunero hamarnaka pertsona egon dira oihal etxeez betetako plazan, eta bereziki positiboa kontuan hartuta eguraldia, lehendabiziko egunetan ez dela lagun izan. Ekitaldi guztietan jende pila bat bildu da, batez ere arratsaldeko elkartasun keinuan, ehun pertsonatik hurbil arratsaldero eta plaza betea larunbateko azken elkarretaratzean. Ekimen guziak bikain atera dira, bai aisialdi ekitaldiak bai politikoak. Ekitaldi politikoetan herri baten irakurketa osatu da egunez egun, testigantza eta ikuspuntu ezberdinetatik aztertuz Aroztegiko gatazka, baina denek mezu komun batekin: proiektuaren aurka eta absoluzioa galdeginez. Gehien entzun diren leloetako batzuk izan dira: “Aroztegikoendako absoluzioa”; “ez dira zazpi, herri bat gara”; eta “guk ere akanpatu genuen” », azaldu dute.
Haien esanetan, Aroztegiaren aurkako mugimendua « indartuta » atera da kanpalditik. « Herri oso bat astakeria horren erabat aurka dagoela argi gelditu zaigu eta akusazioa jarri duen enpresak eta hori babestu duten aktore guziek legitimitate osoa galdu dutela ebidentzia bat da. Bistakoa da desobedientzia zibilia, ekimen demokratiko hori, kriminalizatu nahi izan dela eta hori onartuko ez duen herri bat dagoela hemen ».
Hurrengo hitzordu garrantzitsua maiatzaren 19an hasiko den epaiketa izanen da, eta epaiketa haste den egun horretan bertan mobilizazio bat eginen da Iruñeko epaitegietan.