Gabezia edo burujabetza

Itsasarte baten egoerak (argazkitan, Ormuzeko itsasartea) mundu mailan gabezia eragin dezake. Gure ekoizpen sistema eraginkorrak ez dira aski sendoak

 

Buruzagi petroliozale handinahia duen potentzia handia, pizturiko gerra, eta mundu osora hedatzen den zartatzea, energia gabezia eta laborantza ekoizpen arazoak eraginik. 2022an gertatu zen, eta 2026an berriz gertatzen ari da. Erregai fosilekiko dependentzia berriz agerian uzten du gerra berri honek. Menpekotasun hortarik ateratzeko bidea oraindik luzea da, baina bidea egiteko denbora agortzen ari zaigu.

Duela lau urteko zutabe batean, Ukrainako gerrak pizturiko ondorioen inguruan, hori idazten nuen: “Historia azeleratzen ari zaigun azken hilabete horietan, krisi globalak nahaspilatzen dira (gerra, erregai fosilen menpekotasuna, klima aldaketa, elikadura gabeziak, errefuxiatuak), gure hauskortasunak gordinki erakutsiz, eta desglobalizazioaren bidegurutzean neurritasuna eta elkartasuna nahitaezkoak direla ulertaraziz”. Gaur egun duela lau urte bezala, potentzia handi batek gerra bat piztu du, eta mundu mailan energia eta elikadura hornidura kolokan ezarri. Ormuzko itsasartetik igaro ohi dira munduko petrolioaren % 20 inguru, baita munduko nitrogeno sintetikoa ekoizteko gaien heren bat ere – gai horietarik garrantzitsu bat gasa dela –, eta munduko sufrearen ia erdia. Itsasarte horretatik igarotzen dira ere Persiako Golkoko herrialdeek inportatzen duten garia eta irrisa. Horren ondorio ekonomikoak laster ageri dira: petrolioaren prezioak martxo hasieran 100 dolarren heina gainditu zuen –2022ko Ukrainako inbasiotik ez zen maila horretara iritsi–, eta ongarrien hornitze katean zailtasun handiak ere igurikatzen dituzte adituek, bereziki Ipar hemisferioko udaberri hasieran gertatzen baita krisi hori, hau da, erein-aro hasieran. AEBetako The Economist aldizkariak egoera honela laburbiltzen du: “presidenteak Irango gaitasun militarren % 100 suntsitu omen du, baina gelditzen den % 0ak ekonomia globala hankaz gora ezartzen du”. Martxoaren 17an, NBEko Munduko Elikadura Programaren zuzendariorde exekutibo Carl Skauek honela zioen: « Ekialde Hurbileko gatazkak ekaina arte jarraitzen badu, 45 milioi pertsona gehiago elikadura ziurtasun-gabezia larrian egon daitezke ».

Burujabetza, oraindik urrun

Energiari dagokionez, Europar Batasunean kontsumitzen dugun gehiena oraino inportaturikoa da, eta gehiena ere oraino erregai fosilez osaturikoa. Europan kontsumitzen den energiaren % 35,8 petroliotik dator, % 21 gasetik eta % 12,2 ikatzetik. Bi herenak baino gehiago, klima desorekatzen duen lurpeko karbonoa da oraino. Eta Europar Batasunak kontsumitzen duen petrolioa kasik guzia inportatzen du (zati handi bat Norvegiatik, baina halere ez gehiena), gasaren %90 baino gehiago, eta ikatzaren bi herenak ere. Klima kaltetzeaz gain, halako dependentziak gure burujabetzari ez dio mesederik egiten.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan kontsumitzen dugun gasaren % 1 baino gutiago lurraldean ekoizten da, eta elektrizitatearen % 14.

Maila hurbilagoan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, etxebizitzak dira energia gehien kontsumitzen dutenak. 2024an, kontsumoaren % 48 sektore horri zegokion. Energia horren % 60 inguru elektrizitatea zen eta % 40 gasa. Gure lurraldeko gas kontsumoa urtean 1 GWh ingurukoa da, eta lurraldean ekoizten dena (metanizazio bidez) horren % 1 baino gutiago da. Elektrizitateari dagokionez egoera pixkat hobea da baina burujabetzatik oso urrun ere: kontsumoa 1,66 GWh ingurukoa da, eta 229 MWh inguru ekoizten dira bertan, hots, erabiltzen dugun elektrizitatearen % 14 lurraldean ekoizten da. Elektrizitate horren bi herenak hidraulikoak dira (erreketako eiheretatik ekoitziak), % 28 fotoboltaikoa, eta % 6 biomasatik ekoitzia. Honen alde baikorra: ekoizten den elektrizitate guzia erregai fosilik erre gabe dugu (ekoizpenerako, azpiegiturak sortzeari dagokionez konplexuagoa da kontua), eta azpiegitura ttikitatik heldu zaigu.
Elikadurari dagokionez, Euskal Herriko dependentzia egoera kezkagarria da ere. Gure sorogune nagusia den Hegoaldeko Nafarroan hazitako zerealen % 19 baizik ez da giza kontsumo zuzenerako, gainontzekoa abereentzako izanik, esportaziorako eredu intentsiboko haragi ekoizpena nabarmen garatu delarik azken hamarkadan. Denboraldi hartan ere nitrogeno sintetiko eta herbiziden erabilerak goranzko joera izan du. Bilakaera horiek gure dependentzia larritzen dute, bai erregai fosilekiko, baita merkataritza globalarekiko ere.

Neurritasuna, oraindik urrun ere

Mende honetako galdera garrantzitsuenetarikoa da, baina ez dugu kasik inoiz entzuten: zenbat energia behar ote dugu zinez? Zehazkiago galdeturik, gaur egun kontsumitzen dugun energia maila zinez behar ote dugu, apaldu ote daiteke? Eta apaltzekotan, zenbateraino? 2022an Frantziako gobernuak adibidez energia neurritasun plan bat martxan ezarri zuen. Ez zen aski, ez da hurrik eman ere, baina bederen neurritasun hitza (erdaraz sobriété) entzuten zen eta ez zen tabu. Gaur egun, aldiz, egoera hura bezain larrian gaude, ez bada larriagoan, baina neurritasuna ez da aipatzen ere. Alta, energia merkeena – eta gutien kutsatzen duena – erabiltzen ez dena da. Horretan ere, etxebizitzetan energia galerak murrizteko isolamenduan badago oraindik hobetze tarterik. Oroitaraz dezagun 2008ko Grenelleko helburuak bete izan balira, 2022ko otsaila baino lehen Frantziak Errusiatik inportatzen zuen gasaren baliokidea aurreztuko zukeela. Eta oraindik zenbat erabilera bakarreko ontzi, zenbat kartoi sarean erosten diren gaiak garraiatzeko –eta zenbat kilometroko ibilbideetan–, zenbat plastikozko bilgarri, zenbat jantzi fast fashion ereduan, zenbat kilometro autoz eskiatzera eta azken glaziarrak urtzera, etab. Behargabeko kontsumoak identifikatu eta murriztu ondoren soilik pentsa daiteke zenbat ekoitzi eta nola.

Gaur egun kontsumitzen dugun energia maila zinez behar ote dugu, apaldu ote daiteke? Eta apaltzekotan, zenbateraino?

Laborantzan neurritasuna ez da berdinki mamitzen, baina badago hobetze tarterik ongarri sintetikoekiko menpekotasuna murrizteko, baita era berean janari ekoizpen jasangarriagoa izateko ere. Horietarik bat lekadunen (baba, dilista, babarrun, txitxirio…) azalera zabaltzea da, bazkarako zereal azalera murriztu ahala. Sukaldaritza herrikoian garrantzitsuak izan arren, gaur egun Euskal Herrian jaten diren lekadun gehienak inportatzen ditugu. Halere, laborantzaren eta elikaduraren iraunkortasunerako funtsezko landareak dira lekadunak: nitrogeno beharrak murrizten dituzte, lurzoruan mikorrizei esker aireko nitrogenoa harrapatuz, eta proteina iturri garrantzitsua dira, gure haragi kontsumoa gutitu beharrean ezinbertzekoak.

Neurritasuna eta berriztagarriak, batera

Lehen erran bezala, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan erabiltzen dugun elektrizitatearen % 14 lurraldean berean ekoizten da. Ehuneko hori emendatzeko bi modu daude: edo ekoizpena emendatu, edo kontsumoa apaldu. Teorikoki, baten edo bertzearen alde egon gintezke, eta kontsumoaren murriztearen edota elektrizitate berriztagarriaren ekoizpenaren emendatzearen abantailak eta erronka sozial eta ekologiko konparatuak azter genitzake.

Potentzial ona dago gure lurraldean eguzki energiari dagokionez, gune artifizializatu edo andeatuetatik hasita, Senpereko Zaluaga bezalakoak.

 

Gauza arrunta da, baina nitrogeno beharrei erantzunaren parte bat lekadun gehiago haztean datza.

 

Baina kontua da beranta dugula, eta ez dela bat ala bertzea hautatu beharrik: biak uztartu behar ditugu oso zalu. Potentzial ona dago gure lurraldean eguzki energiari dagokionez, gune artifizializatu edo andeatuetatik hasita: eraikinen teilatuak, aparkalekuak, harrobiak, Baionako portualdea, autobidearen eremua, trenbideak (Baiona-Garazikoa oraindik elektrifikatzeke delarik), edota hondakindegi ohiak, Senpereko Zaluaga bezalakoak (horretara bazkidetzen ahal bazarete, egin ezazue). Baina laster ohartuko gara toki horiek denak elekrizitate ekoizpenerako baliaturik ere, ez dela gure kontsumo mailara iristen, bereziki industrian eta garraioetan gasa eta petrolioa elektrizitatez ordezkatu nahi baditugu. Gaur baino elektrizitate askoz gehiago ekoitzi beharrarekin batera dator gaur baino energia askoz gutiago erabili beharra. Erregai fosil inportazioei esker energia gure bazterretan ‘ikusezina’ zen XX mendeko parentesia iraganean dugu, gizarte mailan horretaz oraindik ongi ohartzen ez bagara ere.

Eraginkortasuna edo sendotasuna?

Mixel Berhokoirigoinek irakatsi zigun bezala, elikadurari dagokionez globalizazioa eraginkorra da eskualde bakoitzean ekoizpen errexena eta merkeena garatzeko, gero mundu mailan bertze ekoizpenekin trukatzeko, merkataritza hitzarmenen bitartez; baina eraginkortasun honen ordainsaria izigarrizko hauskortasuna da, herri bakoitzaren burujabetza materiala –elikadura barne, eta honi dagokion seguritate maila– abandonatzen baita. Burujabetzarako, aitzitik, sendotasuna da behar duguna. Ekoizpen egitura ttikiak, anitzak, geografikoki banatuak, eta erredundantziak dituztenak, hau da, funtzio bat etxalde batek baino gehiagok betezea, eta etxalde bakoitzak funtzio bat baino gehiago betetzea. Laborantzan, ELBko lagunek dioten bezala, lazpabortz etxalde ttikik etxalde handi bat baino gehiago balio dute, bereziki ekoizpen anitza izanez gero. Ttikiak eta anitzak izanik, ez dute beharbada eraginkortasun ekonomiko handiena izanen, baina zerbait garrantzitsuagoa beteko dute: mundu aurreikusezin honetan arazo bat gertatuz gero, aurre egiteko molde eta parada gehiago izanen dute, lurraldearen mesederako.
Berdin erran genezake energiari dagokionez: burujabetza sendorako, ekoizpen gune ttikiak, anitzak, eta tokian tokiko konpongarriak behar ditugu. Halako ezaugarriekin gainera askoz errexkiago kudeatuko ditugu, inbertsio ahalmen erraldoia duten enpresa handien esku utzi baino. Gaur egungo testuinguruan ezin dugu gehiago itxaron, Zaluaga bezalako bertze asko behar ditugu.

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).

Laisser un commentaire

Votre adresse e-mail ne sera pas publiée. Les champs obligatoires sont indiqués avec *