
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Nola uler edo azal daiteke « gosta ahala gosta » famatua (le quoi qu’il en coûte) negoziagarri bilakatzea? 2023an, Frantziako gobernuak 49.3 artikulua erabiltzea bereganatzen zuen erreforma bat bideratzeko behar ezinbestekoaren gatik, erretreta-sistemaren biziraupenerako baitezpadakotzat aurkezten zuena. « Ez zegoela beste hauturik » errepikatzen zuen. 49.3a demokrazia-ukatze gisa hartua izan zen, parlamentuan segurenik haren aldeko bozketarik lortuko ez zelakotz.
Erreforma bera da gaur eten dena, zalantzazko beste « biziraupen » bat dela eta, hots gobernuarena. Mezu inplizitua hau da: « Atzoko behar ekonomikoa garrantzi gutiagokoa da gaurko behar politikoa baino« . Horrek ematen duen irudipena da justifikazio teknikoak hautu politiko baten zerbitzurako argumentuak zirela, eta ez alderantziz.
Negoziatu den etenaldi horrek erakusten du azkenean hautsi-mautsi bat posible zela, baina gobernuak, garai hartan, lortzen saiatu gabe, indarrez aitzina egitea nahiago zuela. Boz-emaileek hauxe diote edo pentsatzen dute: « Zergatik ez entzun eta negoziatu aitzinetik, zentsura-mozio baten mehatxupean amore eman baino?« . Erreformek, bereziki erretretak bezalako gai hain sentikorrak hunkitzen dituztenek, herritarren bizitzarako ingurumen egonkorra eta aitzinetik ikusgarria sortu beharko lukete.
Erreformek, bereziki erretretak bezalako
gai hain sentikorrak hunkitzen dituztenek,
herritarren bizitzarako ingurumen egonkorra
eta aitzinetik ikusgarria sortu beharko lukete.
Aldaketa handi horrek, bi urteren buruan, ezegonkortasun eta arbitrario sentipena sortzen du. Egokitzen hasi ziren herritarrek (lan gehiago eginez) engainatuak senti daitezke. Horrek sinesgarritasuna kentzen dio gobernuaren hitz orori: engoitik nola sinets « beharrezkotzat » aurkeztuko digutena, aitzinekoa hain aise bazter utzi dutelarik?
Milaka pertsona atera ziren karrikara, greba egin zuten eta erreformaren aurkako jarrera masiboa erakutsi zuten. Gobernuak mugimenduari buru egin zion, Estatu-arrazoia aitzinean emanez. Gaur, amore ematen du… ez, ordea, karrikari, baizik eta diputatu guti batzuei, parlamentu aritmetika, kalkulu arrazoi baten eraginez. Horrek areagotzen du sentsazioa karrikako presioak ez duela garrantzirik, aldiz bai eliteen arteko kalkulu politikoek. Mezu oso zinikoa da boz-emaileentzat.
Hori nahasgarria da, konfiantza modu iraunkorrean higatzen duelako. Boz-emaileek beren buruari galdegiteko eskubidea dute ea engaiamenduak, « betebeharrak », « ezinbestekoak » diren erreformak, salgai politiko baztergarriak ez ote diren. Nork gobernatzen du azkenean? Konbentzimenduak ? Interes orokorrak? Ala botereak epe laburrean bizirik irauteak?
« 49.3, eta gero etenaldia » izan den sekuentzia honek gustu kiratsa uzten du: biztanleriak indarrezko norgehiagoka mingarri eta zatikatzaile bati buru egin zion, azkenean emaitza legebiltzarreko barnebideetan eginiko tratu baten bidez zalantzan jarria izateko. Zinismo politiko irakaspen bat da, abstentzioa eta agintari-klase osoarekiko mesfidantza areagotu ditzakeena.
