
Jone Otxoa (Alangua, Araba) Koop57 Euskal Herriko eguneroko jardunaren arduraduna da. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza gradua eta Ekonomia Sozial eta Solidarioaren masterra egin ondoren, lau urte daramatza finantza etiko eta solidarioaren eredu honi bultzada ematen. Jarraian, Koop57ren filosofia, zerbitzuak eta erronkak azaldu dizkigu.
Enbata: Zein dira Koop57 Euskal Herriak eskaintzen dituen finantza zerbitzu etiko eta solidarioaren ezaugarriak?
Jone Otxoa: Koop57ren jatorria langileen borrokan dago. 1986an, Kataluniako Bruguera argitaletxea hetsi zutenean, langileek kalte-ordainak erabili zituzten Nikaraguako borroka sandinista eta Andaluziako jornalarien aldarrikapenak sostengatzeko, eta era berean «erresistentzia kutxa» bat sortu zuten proiektu autogestionatuak bultzatzeko. Azken hori da gaur egungo Koop57, pertsona eta entitateek osatutako sarea.
Koop57 ez da bankua, baizik eta zerbitzu finantzario etiko eta solidarioak eskaintzen dituen zerbitzu kooperatiba, jendartea eta ekonomia eraldatzeko helburuarekin. Gizarte zibilaren aurrezkia bildu eta Ekonomia Sozial Eraldatzailean (ESE) lan egiten duten proiektuetara bideratzen du. Hau da, banku tradizional batean zure diruak inbertsio ilunak elikatzen ditu, hemen, aldiz, zure aurrezkiak proiektu eraldatzaileak laguntzeko erabiltzen dira.
Galdera da: finantzaketa behar duzunean, norengana joko duzu? Irabaziak soilik bilatzen dituen entitate pribatu baten gana ala proiektuak zaindu eta elkarrekiko konfiantzan oinarritzen den kooperatiba baten gana?
2015ean sortu genuen Koop57 Euskal Herria, bestelako finantzaketa tresna baten beharra ikusi genuelako. Parte-hartzea funtsezkoa da: liberatu bakarra dugu, eta gainerako Batzorde Soziala, Batzorde Teknikoa eta Zuzendaritza Batzordea bazkideek osatzen dituzte boluntarioki. Talde bakoitzean 5-6 pertsona ari gara proiektua aitzina eramaten.
Enbata: Zer motatako bazkideak daude Koop57n?
Jone Otxoa: Bi bazkide mota baditugu:
- Bazkide Laguntzaileak, beren aurrezkiak Koop57n ezartzen dituzten pertsona eta entitateak dira (gutienez 300 euro). Erabakietan parte hartzen dute eta bulego birtualaren bidez aurrezkia kudea dezakete. Urte bukaeran ordainsaria jasotzen dute eta bazkidetza online egin daiteke errexki: https://coop57.coop/eu/hazte_socia_o/pertsona
- Zerbitzu Bazkideak ESEko ( Ekonomia Sozial Eraldatzaileko) entitateak dira: aurrezteaz gain, mailegua eska dezakete. Bazkidetza prozesua luzeagoa da, Batzorde Sozialak eta Zuzendaritzak oniritzia eman behar dutelako, eta horrela ziurtatzen dugu proiektu sozial eta eraldatzaileak soilik finantzatzen direla.
Enbata: Zehazten ahal dizkiguzu Koop57ren finantzazio zerbitzuak eta beste eragileei konparatuz dituzten abantailak?
Jone Otxoa: Koop57 pertsonen zerbitzura den ekonomia eraikitzeko lanean ari den finantza-zerbitzu etiko eta solidarioen kooperatiba da. Bere filosofia argia da: aurrezkia kreditu eraldatzaile bilakatu, eta mailegua gizartea hobetzeko tresna izatea. 30 urte hauetan mailegu mota asko sortu ditugu: inbertsio-maileguak, kreditu-polizak, altxortegi-maileguak, diru-laguntzen aurrerapenak, fakturen ordainketa aurreratuak, etxebizitza-maileguak, energia-maileguak, lokalak finantzatzeko maileguak eta kooperatibak eta lan-sozietateak kapitalizatzekoak.
Beste entitateetarik bereizten gaituzten ezaugarriak hauek dira:
- Irabazi asmorik gabeko kooperatiba gara.
- Maileguen eta jardueraren etengabeko informazioa ematen dugu Buletinen bidez. Zein bazkide berri dauden, zein mailegu eman diren, zein bazkideri eta zein kopuru, zenbat aurrezki dugun bilduta, zein jarduera/proiektu egin dugun…
- Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE) bultzatzea da gure helburu nagusia.
- Helburua ez da irabaziak izatea, ahalik eta proiektu gehien babestea baizik.
- Erabakiak bazkideekin asanbladan hartzen dira.
- Maileguak elkarrenganako konfiantzan eta errespetuan oinarritzen dira.
- Beharretara egokitzeko gaitasuna dugu. Autonomia osoa dugun zerbitzu kooperatiba gara, ez dugu banku zentralekin harremanik, ez gara banku bat.
- Ez da gastu gehigarririk sortzen. Maileguen interesak dira gure diru iturria. (hauek ere, bazkideek asanbladan erabakitzen dituzte)
- Abal mankomunatuak dira gure mailegu guztien atzean dagoen bermea. Konpromiso pertsonal eta indibiduala da, proiektu kolektibo bati emandako mailegu baten zati baten berme gisa erantzuteko. Entitateak ezin badu mailegua itzuli, abalatzaileek beren izenean abalatutako kopuruarekin soilik erantzungo dute. Era honetan Koop57k ikusten du proiektu horren atzean oinarri sozial trinkoa dagoela eta arriskua ere pertsona eta entitate askoren artean banatzea lortzen da. (Pertsonek ezin dute 5.000€ baino gehiago abalatu eta entitateek 10.000€)
Enbata: Eta zer eskaintzen duzue aurrezkiaren arloan?
Jone Otxoa: Koop57n zure dirua banku batean edukitzearen ordez, Ekonomia Sozial Eraldatzailea laguntzeko gordetzen da. Aurrezkia bulego birtualetik kudea daiteke une oro, eta urte amaieran % 0,50eko ordainsaria jasotzen da (2025eko asanbladan onartutako kopurua).
Orain arte aurrezki mota bakarra izan dugu, baina 2025eko ekainaren amaieran bigarren aukera bat jarriko dugu martxan: aurrezkia denbora jakin baterako atzeraezin jartzeko konpromisoa hartuko da, eta trukean ordainsaria handiagoa izango da.
Enbata: Zein dira gaur egun Koop57ren erronka nagusiak?
Jone Otxoa: Erronka nagusia ESEko proiektuak babesten jarraitzea da, eta horretarako, aurrezki gehiago eta bazkide gehiago behar ditugu. Gure oinarri sozialaren aurrezkia funtsezkoa da maileguak ematen jarraitzeko eta eraldaketa soziala posible egiteko.