Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Abuztu bukaerarekin ikasturte hasieraren aldia heldu zaigu, bere urteroko buruhausteekin eta euskarazko irakaskuntza ereduen arteko lehia islatzen duen ikasle kopuruen kaleratzearekin. Hortik at, bada sail bat gutxitan aipatzen dena, hau da, sartze unibertsitarioari dagokiona. Gure lurraldetik, urtero, milaka ikasle gazte abiatzen zaizkigu Euskal Herritik kanpo lau, bost urte edo gehiago ikasten pasatzera. Etxetik kanpo abenturara joatea gazte gehienen amets eta plazer handia da eta egin behar dute. Baina ikasketak egiteko hautaketa prozesu horretan bada eskubide bat gaur egun bermatua ez dena, euskaraz ikasteko eskubideari dagokiona.
Eskubide hori ipar Euskal Herriko gazteei baztertua zaie hainbat arrazoirengatik, eta nagusiena da unibertsitateko bidea hartzerakoan Hego Euskal Herriko EHU-ra edo Nafarroako unibertsitatera joateko buruhauste ikaragarria dela. Horrez gain, mugatik hurbil diren herrietako ikastetxeetatik eta, maila apalean, Etxepare lizeotik kanpo ikastetxe gehienetan ez zaie ikasleei Hego Euskal Herrira joateko prozesuaren berri ematen, ezta bertan proposatzen diren ikasketena ere. Alta, Hego euskal Herriko unibertsitateetan, Frantziako beste edozein hiritan eskaintzen den mailaren parekoa da gaur egun.
Bidea zaila da bi estatu baititugu parean.
Hala ere, bakan batzuk badira Hego Euskal Herriko unibertsitateetan sartzea egiteko hautua egiten dutenak, baina, eskola publikoaren hautua egin nahi badute, bigarren buruhauste bati aurre egin behar diote, notazioarena, ez baita notazio sistema berdina hego eta ipar euskal herrian. Ondorioz, gazteek ikasketak euskaraz segitzeko nahia baldin badute ere, ezintasun baten aitzinean gertatzen dira.
Abertzale eta euskaltzale gisa egoera hori tamalgarria da. Urtez urte milaka dira ikasleak kolegio zein lizeoetan, sail elebidunen bidez edo murgiltze ereduan euskara ikasten dabiltzanak, baina, lizeora iristeko orduan, hizkuntza horretan ikasketak segitzeko proposamenik edo biderik ikusten ez dutenez, izan goi mailakoak ala ez, hizkuntza ikasteko motibazioa galtzen dute, eta ikasketak Frantzian egiteko baliagarriagoak zaizkien ikasgaiei lehentasuna ematen diete. Normala da ikasleek erabaki hori har dezaten, baina, Euskal Herri osoan eskaintzen diren ikasketen informazioa eta Euskal Herriko Unibertsitatean sartzeko bidea erraztuko balitz, ez al luke ikasleen euskarari buruzko ikuspuntua aldatuko? Ez al luke, halaber, unibertsitatea edo Baxo ondoko ikasketa laburragoak euskaraz egiteko aukera horrek gaur egun ikastetxeetan eskaintzen den euskarazko irakaskuntza maila hobetzera behartuko ere? Eta horrekin jende askoren kezka pizten duen ikasleen euskara maila eskasa hobetzeko bidea irekiko?
Eta, ikuspegi abertzaletik, ez al luke, hein batean, hainbeste urtez aipatzen den nazio eraikuntza, edota Zazpiak Bat deritzon inguruko sinbolika errealagoa eginen gure haurrek libreki zazpi lurraldeetatik ikasteko aukera balute elkar ezagutza hobea bultzatuz?
Eta, ikuspegi abertzaletik, ez al luke, hein batean, hainbeste urtez aipatzen den nazio eraikuntza, edota Zazpiak Bat deritzon inguruko sinbolika errealagoa eginen gure haurrek libreki zazpi lurraldeetatik ikasteko aukera balute elkar ezagutza hobea bultzatuz?
Galdera eta gogoeta hasiera guzti horiek gauzatzeko aterabideak izan daitezke seguruenik. Bidea zaila da bi estatu baititugu parean, baina eztabaida ireki daiteke bereziki abertzale mugimendutik, esperantza honekin: biharko egunean gure haurrek ikasketak gauzatzen ahal izanen dituztela gehien gustukoa duten hizkuntzan.