Iparraldea burujabetza energetikoruntz

PrintFriendly and PDF
I-ENER-en logoa-HarriIDOATE-IzarteKomunikazioa

I-ENER-en logoa: Harri IDOATE – IzarteKomunikazioa

Gaur egun Iparraldean nagusi den eredu energetikoa, fosila edo nuklearra da. “I-Ener”-eko kide diren Mathieu Iriart eta Patxi Bergarak, iraunkorra eta bidezkoa ez den egoera honen aldatzeko “Iparraldeko Energia”ren arloko proiektua aurkezten digute. Hara beraz I-Ener edo Ideal/Independentzia Energetikoa orain enpresa moduan egituratu dena, Iparraldean bertan energia berriztagarrien ekoizpena sustatzeko proiektua.

Mathieu IRIART3Mathieu Iriart, eraikuntzaren arloan den ikerketa bulego bateko langilea. Edifizio bat eraiki edo arraberritu aintzin, kontzepzio teknikoa eginez (berokuntza, iturgintza, aire berriztatzeko sistema, etab.). Herritar gisa, parte hartu du Herriko Etxeen hauteskundeen inguruan Bizi! mugimenduak eraman kanpainan, hautagai desberdinak engaia zitezen trantsizio energetiko eta ekologikoaren alde. Hor da konturatu Iparraldeak sortu zituela tresna eraginkor eta erreferentzialak laborantzaren arloan, adibidez, eta zerbait egin behar zela ere energiaren arloan.

Patxi BERGARAPatxi Bergara, Herrikoan lan egiten du egitasmoen arduradun bezala. Seaskaren Lagunak elkartearen lehendakaria da eta Euskal Moneta elkartearen diruzaina. Bertokiratzearen arloan lan  egiten duenez, argi zaio interesantea izaiten ahal dela energiaren arloan ere bertokiratzea lortzea.

 

Zer dira I-Ener-en xedeak?

Mathieu Iriart : 2014eko hastapenetik ari gira talde bat biltzen Ipar Euskal Herriko energia autonomiaren alde aritzeko. Gure xedea: energia berriztagarrien garapena sustatzea eskualde honetan. Hamar bat kide gira helburu horrekin bat egiten dugunak nahiz eta jatorri (ingeniari, teknikari, finantza arloko, etab.) ezberdinetakoak izan.

Zertako holako proiektu bat jakinez ez zireztela energia arloko adituak?
Patxi Bergara :
Jakin behar da energiaren arloan, Europa mailan gero eta gehiago proiektu herritar sortzen dela. Garatuenak Ipar Europan (Alemanian, Dinamarkan eta Suedian) aurkitzen dira. Alemanian, haize indarraren %51 jendeen inbestizamenduaren ondorioa da. Frantses Estatuan beranta bada… baina Alsazian, Auvergne-ean eta Bretainian ari dira herritar proiektuak indartzen. Bretainiaren kasuan 1.000 pertsonek 1.000€ emanez, milioi bateko fondo batekin haize errota parke bat finantzatu dute. Guk pentsatu duguna da, beste Europako eskualdeetan sortzen diren estruktura baten heinekoa hemen eraikitzea. Besteek lortu baldin badute, guk ere lortzen ahal dugu. Gainera Ipar Euskal Herriak bere historian erakutsi digu herritarrak euskal fondo batean  biltzeko gai zirela hala nola Herrikoan eta Lurzaindian. Ondorioz, Herrikoa ekonomia sustatzeko (4.600 akziodun) eta Lurzaindia laborantza lurren mantentzeko (2.749 akziodiun) diren lantegi herritarrak bezala gure asmoa da I-Ener energia berriztagarrien arloan arituko den hirugarren herritar fondoa izatea.

Sartu zirezte harremanetan energia bertokiratzearen alde ari diren beste egitasmoekin?
P.B.: Estatu mailan harremanetan sartu gira hainbat egiturekin (Energia arloko Société coopérative d’intérêt collectif batzurekin, Energie partagée elkartearekin, Bretainako SAS begawatts-ekin, etab.) Lan talde guzti horiek elkarlanaren bidez sortu dira eta prest dira gure laguntzerat: egituratzearen mailan bide eta estatu ezberdinen hautatzeko unean, argi eta bio-masa jatorriko energien saltzeko unean zer diren posibilitateen argitzeko, etab. Elkartrukaketa horien bidez IEner proiektua indartu da eta egituratu.

Iparraldearentzat zertako da energiaren gaia hain premiatsua ?
M.I. : Munduan zehar eta Iparraldean gaur egun kontsumo modeloa energia fosilen gainean eraikia da. Gasa, ikatza edo petrolioa, zorionez ingurumenarentzat, desagertzen ari dira. Zorionez zeren energia fosilak kutsadura eta beroketa klimatikoaren ikuspundutik kaltegarriak dira. Gaur egun, kontsumitzen dugun elektrizitatearen %80a nuklearretik dator EDF-en datuen arabera. Ekoizleek diote nuklearra ez dela kaltegarria ingurumenarentzat, baina badakigu arazo ainitz dituztela hondarkinen tratatzeko. Eta gainera, badakigu uranioa erabiltzen dutela elektrizitate nuklearra egiteko. Jakinez uranioa Afrikatik etortzen dela eta haren ustiatzeko ur parrasta bat kontsumitzen dutela nahiz eta bertako jendarteen beharrei erantzuteko ur arazoak izan. Han manifestaldiak badira horren gaitzesteko. Guretzat egoera hori ezin da jasan. Energia fosilak bukatu eta bi aukera ditugu. Nuklearra (bere ondorio onartezinekin) eta beste aldetik energia berriztagarriak (guretzat aterabide bakarra).

Zer ekar lezake holako proiektu batek Euskal Herriari autonomia energetikoaren aldetik ?
M.I : Guk sustatzen ditugu tokiko energia berriztagarriak. Guretzat burujabetza energetikoa lortzea oso garrantzitsua da. Lehenik tokiko energia garbi baten ekoizteko ingurumena zainduz. Eta bigarrenik hornidura segurtatzeko. Gaur egun, ezin dugu erran bihar denek energia ukanen dugula. Alabainan, ikusten dugu jada energiaren inguruan espekulazio basatia eta gerla ezberdinak badirela. Aldiz guk hemen behar dugun energia ekoiztuz, gure geroaren menperatzeko gaitasuna emanen digu beste lurraldeen garapena trabatu gabe, gaur nuklearrarekin pasatzen den bezala Afrikaren kasuan.
P.B. : Energia berriztagarriak sustatuko ditugu. Baina ez dugu ahanzten, autonomiara heltzeko, garrantzitsuena dela jendeen neurritasuna, delako sobriété énergétique hura. Alabainan, energia iraunkorrena, xahutzen edo kontsumitzen ez duguna da.

Konkretuki, zertan da I-Ener?
P.B. :
Belaunaldi ezberdinetakoak diren IEner-en hamar sortzaileetaz gain erregularki bost bat pertsona ere hurbiltzen dira enpresaren bilkuretarat mundu ezberdinetatik etorriak baina ados holako egitura baten indartzeko burujabetza energetikoa lortzeko Iparraldean. Horrezgain, 15 bat pertsonek gure aintzinatzeak segitzen dituzte bilkuretara etorri gabe atzerrian lan egiten baitute edo ezin baitute bilkuretara hurbildu. Laguntza behar dugu zeren estruktura horrek denbora galdegiten du. Ez du bortxaz konpetentzia haundirik galdegiten, zeren Europako beste eskualdeetan jada jorratu da bide hori eta guk nahi dugu Iparraldean ere bide bera ideki. Gure lan taldea nahi dugu zabaldu, 40 edo 50 pertsonentzat badelako zer egin. Hara nola informatika lan taldean, komunikazio arloan (web gunean idazteko, sare sozialetan gure informazioa hedatzeko), kooperatzaileen lan taldean (zergatik gure lantegia interesantea da eta zertako I-Ener kapitalean akzio-harpidetza baieztatu (guttienez 50 akzio edo 50€-rekin hasiz), itzulpen taldean (energiaren arloan euskaratzeko hainbat testo baitira eta), eta azkenik, finantza eta lege gaietaz arduratuko den lan-taldean.
M.I. : Eguzki taulekin edo fotovoltaikoekin abiatzea da lehen xedea. Lehen eguzki taula muntadurak 150-170.000€-ko proiektuaren bidez eginak izanen dira. Urria hasieran hamar pertsonek sortu dute I-Ener, Société par Actions simplifiées à capital variable moduan. Geroztik hamar bat herritarrek IEner-en akzioak hartu dituzte eta beste 50ek xedea erakutsi dute. Herritarrek parte hartzen ahal dute kapitala osatuz partzuer izanez. Nahiz eta I-Ener SAS bat den, kooperatiba izpirituan, “pertsona bat boz bat” irizpidea atxikiko da erabakietarako. Hots, I-Ener-en akziodun bilakatuko den orok bere hitza luke ondorioz. Izan ditezen partikularrak edo pertsona moralak.
P.B. : Gurekin harremanetan sartzen ahal zirezte emailez [email protected] edo abendutik goiti gure web orria kontsultatuz helbide honetan : www.i-ener.eus.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Joanes Maiza (GoiEner), Alejandro Arizkun (Som Energia), Mertxe Aizpurua (Udalbiltzako lehendakaria), Javier Zardoya (Som Energia) eta Patxi Bergara (I-Ener), Donostiako Enertic eraikinean.

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Joanes Maiza (GoiEner), Alejandro Arizkun (Som Energia), Mertxe Aizpurua
(Udalbiltzako lehendakaria), Javier Zardoya (Som Energia) eta Patxi Bergara (I-Ener), Donostiako Enertic eraikinean.

Udalbiltzarekin hitzarmena

Udalbiltzak GoiEner eta Som Energia kooperatibekin eta I-Ener enpresarekin sinatutako lankidetza hitzarmenak aurkeztu ditu urriaren 23an Donostian. Hauen bidez, burujabetza energetikorantz lehen pausuak eman nahi ditu udal hautetsien biltzarrak, baita kontsumoaren murrizketa, efizientzia eta tokian tokiko energiaren sorkuntza berriztagarriaren inguruko sinergiak sortu ere.

Euskal garapen eta kohesio fondoaren Energia burujabetza 2014-2019 programaren baitan kokatzen dira hitzarmen hauek. Lankidetza hitzarmen hauen ondorioz, Udalbiltza GoiEner eta Som Energia kooperatibetako bazkide bihurtuko da, bakoitzari 1.000 euroko ekarpena eginez. Bestetik, I-Ener-i 1.000 euroko diru-laguntza bat emanen dio energia burujabetzari lotutako ekimenak Ipar Euskal Herrian bultzatzeko. Udalbiltzako Euskal garapen eta kohesio fondoak eta hiru entitateek Euskal Herrian energia burujabetzarako oinarriak elkarrekin eraikitzeko borondatea adierazten dute, eta udalek paper garrantzitsua joka dezaketela uste dute. Helburu horrekin, udaletan tokian tokiko esperientziak bultzatuko dituzte energia berriztagarrien ekoizpenaren arloan, eta energia kontsumo arduratsuaren alde egingo dute bai herritarren artean bai entitateetan.

Zehazki, Euskal garapen eta kohesio fondoak informazioa banatuko du Euskal Herriko udal eta udal hautetsi guztien artean –batez ere Udalbiltzako kideen artean–, energia burujabetzarako programaren helburuekin bat datozen neurriak har ditzaten. Hausnarketa horretan, gaur egungo kontsumo elektrikoen azterketa eta Euskal Herrian ekoizten den energia berriztagarriekin hornitzeko aukera nabarmendu dira, gaur egungo argindar kontratuei buruzko eztabaida zabaldu nahian.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video