
Eneko Gorri Plazara kolektiboko kideak, euskararen biziberritzean herritarren mobilizazioak duen garrantzia azpimarratzen du. % 30eko helburua lorgarri dela uste du, pedagogia, erabilera eta engaiamendu kolektiboa uztartuz.
Enbata: Zein da zuen erakundearen ekarpena euskaldunen kopurua %30era heltzeko?
Eneko Gorri: Hasteko, esplikatu behar da nondik heldu den % 30eko zenbaki hori. Momentu batean, euskalgintzak mahai gainean pausatu zuen zenbaki borobil hau, etorkizun desiragarri eta lorgarri gisa. Hizkuntzen biziberritzearen alde lan egitea, halabeharraren (eta korrontearen) kontra lan egitea da. Eta ez baditugu guk finkatzen helburu handiak, beti konformatuko gara hemorragia oztopatu izanaz.
Duela 10 urte, Galesko gobernuak helburu bezala finkatu zuen 2050erako milioi bat galesera hiztun izatea eta horretara heltzeko plan bat aurkeztu zuen. Guk ere urrun eta gora jo nahi genuen. Eta aldi berean, hiztunen proportzioak euskaldunek gure hizkuntza erabiltzeko izanen dugun aukera baldintzatzen du. Ozazen, Bidarten, Izuran edo Luhuson: etxetik ateratzen naizelarik, norekin euskaraz mintza naiteke eta norekin ez? Mende laurden baten buruan aukera hauek biderkatzeko parioa egin behar dugu. Eta horretarako, pedagogia lan bat egin beharko da.
Eta horretan ari zarete.
Bai, beste eragile asko bezala. Jada, Herriko etxeei esplikatzen diegu % 30eko hein hori, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 158 herriak aintzat hartzen dituen « batez besteko” bat dela. Batez besteko bat dela zehaztea inportantea da, zeren eta emaitza horren lortzeko, erran nahi du herri batzuetan euskaldunen proportzioa % 70-80 artean kokatu beharko dela, hiri batzuetan % 10-15era iristea zaila izanen delarik.
Batzuetan sentitzen dugu euskararen ezagutza gora den eremuetan, herritarrek eta hautetsiek ez dutela euskararen hauskortasunaren kontzientziarik. Alta, lan inportantea eta polita bada egiteko eremu hauetan ere; gure azken gotorlekuak dira! Kontzientzia hartze lan bat daramagu haiekin adibidez.
Eta herritarrekin?
Plazarak ez du jendea euskalduntzen, baina % 30 horretara iristeko lan konkretua egiten dugu: erdaldunak euskaltegiko bidean emanez, ikasten ari direnei motibazio txuteak eskainiz edo ikasi dutenak erabiltzera oztopatzen dituzten korapiloak askatuz, besteak beste. Ehunka pertsona gurutzatu ditugu azken 3 urteotan gure tailerretan. Elkarrizketa espazio irekiak sortzen ditugu euskararen inguruan eta horietan entzuten duguna biziki interesgarria da. Herri huntan biziarazi digutenarekin, trauma asko dago euskararen inguruan; horiek kolektiboki landu behar ditugu. Baina badira ere bizipen izugarri ederrak; horiek gehiago agerian eman behar genituzke, kolektiboki ere.
Zein izan dira zuen arloan ikusi dituzuen aitzinatzeak? Eta zailtasunak?
Plazara duela 3 urte sortutako kolektibo gaztea da. Baina bertan ari garenak, badu orain zenbait hamarkada euskararen alorrean katzakan ari garela. Euskara gaiaren inguruan, paradigma aldaketa bat gertatu da 80. hamarkadatik hona. Duela gutti arte, nolabaiteko kontsentsu sozio- politikoa eraiki zen euskararen inguruan: gutti ziren publikoki euskararen kontra mintzo zirenak (aldiz, aldeko neurriak hartzea, beste gauza bat da!).
« Azkenaldi huntan, gero eta ahots gehiago entzuten dira euskararen garapenaren kontra. Aitzinamendu urte batzuen ondotik, backlash linguistiko bat bizitzen ari gara. »
Baina azkenaldi huntan, gero eta ahots gehiago entzuten dira euskararen garapenaren kontra. Funtsean, batzuek beren egiazko bisaia erakusten dute: aniztasunaren eta euskaltasunaren gorrotoa. Aitzinamendu urte batzuen ondotik, backlash linguistiko bat bizitzen ari gara: bumerana aurpegira zartatuko zaigu, ez bagara horren kontra antolatzen.
Zein dira zuen arlotik, azaroaren 21ean, Euskalgintzak deitzen duen manifestaldian parte hartzeko 3 arrazoi nagusiak?
Euskarak atxikimendu uholdea, diskurtso berritua eta neurri ausartak beharrezkoak ditu. Horretarako balio izan dezake, besteak beste, azaroren 21eko mobilizazioak. Euskaltzale orok, izan euskaldun ala erdaldun, jakin behar du bere tokia Baionan izanen dela data horretan. Eta bere presentziak gauzak aldatzen ahalko dituela. Koldo Mitxelena hizkuntzalariak zioen moduan, euskararen benetako misterioa ez da haren jatorria, haren iraupena baizik. Hamarkadaz hamarkada, linguizidio bortitzaren biktimak izan gara Bidasoa errekaren bi aldeetan. Baina ez gaitu biktima izate huts horrek horraino eraman; aspalditik euskararen etorkizunaren aktore izan garelako iritsi da euskara honaino. Nehoren baimenik itxoin gabe, estatuen soluzioak igurikatu gabe, gure hizkuntzaren geroa beren eskuetan hartu duten belaunaldien oinordekoak gara. Horri esker dira gaur egun hainbeste haur euskaraz eskolatuak, bide seinaleak hain elebidunak eta gau eskolak hain beteak. Eta geroan ere eginen dugunak baldintzatuko du etorkizuna. Irria ezpainetan eta euskara ahoan: jalgi!
