
Emozio handiz, emozio sakon eta partekatuaz, gaur Bake Bideak, hamahiru urte baino gehiago iraun ondoren, bere jarduerari amaiera ematen dio. Erabaki astun baina hausnartua da, beti izan garenarekiko leial: gure lurraldearen eta bere borroka eta erronken errealitatean, erantzukizunean eta memorian ainguratutako mugimendua.
Konbikzioz ekin genion 2012an Bake Bidea sortzeari, gure uste sinpleari jarraiki: bakea ez da deklaratzen dekretuz finkatzen, eraiki beharra dago. Bakea pausoz pauso eta ausardiaz ehuntzen baita, ekintza eta arrisku-hartzeekin, eskuak luzatuz eta minak izendatzen ikasiz.
Orain dela hamar urte baino gehiago, elkarrekin abiatzeko hautua egin genuen, ausardiaz eta apaltasunez, Euskal Herrian bake justu eta iraunkorra eraikitzera bidean ekarpena egiteko. Bide hori, isiltasunaren eta immobilismoaren aurrean, gizarte zibila eraldaketarako palanka izan zitekeela sinetsita hartu genuen. Eta hala izan da.
Elkarrekin bake prozesu berdingabe bat eraiki dugu, hemendik, guregandik eta guretzat sortua. Aurrekaririk gabeko prozesua izan da, bermerik gabekoa baina indar handi batek bultzatua: borondate kolektiboarena.
Bakegileekin batera, ETAren armagabetzea lagundu genuen 2017ko apirilaren 8an, Baionan.
– Milaka pertsona mobilizatu ditugu presoen eskubideen eta salbuespen-neurrien bukaeraren alde, preso, hautetsi eta insituzioekin elkarrizketa jarraitu bat atxikiz.
– Aitortza, justizia eta erreparazioa ardatz harturik gizatasun eta duintasunean oinarritutako zerumuga berrien alde jardun dugu.
– Lurraldean, bake aktibo, zorrotz eta inklusibo baten joera errotu dugu.
Guzti horretan, mandatu ofizialik gabe, baina lurralde honen borondatearen zilegitasunarekin aritu gara. Baionako deklarazioak gidaturik eta gizarte zibilaren energia eta aurrekaririk gabeko mobilizazioekin egin dugu bidea, ezerk oztopatu ahal izan ez duen determinazioarekin.
Baina, eramandako ekintzez haratago, elkarrekin gorpuzten jakin dugunak garrantzia handiagoa dauka: sentsibilitate guztiak helburu amankomun baten izenean elkar zitezkeen espazioa. Duintasuna eta giza eskubideak gure iparrorratz izan diren espazioa.
Baldintzak aldatu dira dagoeneko. Prozesuaren fase berri batean gaude. Testuinguru politiko eta soziala ez da gehiago bera. Kausitutako aitzinamenduak errealak dira, nahiz eta oraindik anitz egon egiteke, batez ere preso eta iheslarien egoeraren, biktima guztien aitortzaren eta herri honek eraiki beharreko memoria kolektiboaren inguruan.
Iruditu zaigu Bake Bidearen formatu eta izaerak, 2012an pentsatu gisan, beren egitekoa bete dutela. Artifiziala litzateke beti mugimenduan egon nahi izan dugun tokian, izozteko arriskua lukeen egitura bere horretan mantentzea.
Gaurko honetan, etapa bat ixten da, Bake Bidea erretiratzeko momentua heldu da.
Gizarte kontzienteago, erneago eta zorrotzago baten esku dago orain bake prozesua. Ez gara amore ematen ari, hau erantzukizun-ekintza bat da. Espazio eta dinamika berriei tokia egiteko hautua egiten dugu. Beharrak aldatu dira, eta beste batzuei dagokie horiek gorpuztea, forma berriak asmatzea eta beste ahots batzuk entzunaraztea. Gure azken ardura lekuko hori pasatzea da. Zentzu honetan eskertu nahi dugu louis joinet fundazioa iraganari lotuta egin behar dugun ariketaren ardura hartu izanagatik.
Eskerrak eman nahi dizkizuegu, bihotz bihotzez, ibilbide hau egingarri egin duzuen guztioi. Bakegileei, engaiaturiko hautetsiei, preso eta iheslarien senideei, biktima guztiei, gure zintzotasunean sinetsi duzuen preso eta iheslariei, itzaleko sostenguei, eta mobilizatu zareten herritar guztiei. Bide honen bizkarrezurra izan zarete. Zuek denak gabe, ez litzateke posible izanen.
Milesker:
– Beti gure ondoan egon den Giza Eskubideen Ligari, bere zorroztasuna, autoritate morala eta justiziarekiko konpromisoa ekarriz.
– Prozesu honetan ezinbesteko zutabe izan diren jurista, abokatu eta zuzenbidearen defendatzaileei.
– Nazioarteko aliatuei, honetan sinisteko indarra, beharrezko urruntasuna eta bidea eraikitzeko tresnak eman dizkiguzuenei. Milesker zuen lan eta sustengu hutsezinagatik.
– Gure esperientziak partekatu ditugun Lokarri eta Foro Sozial Iraunkorreko kideei, elkar hobeto ulertzeko aukera eman baitiguzue, eta pentsamenduen aniztasunean ez ezik, prozesua lurraldeen aniztasunean diseinatzea ahalbidetu baitiguzue.
Emozio, esker on eta errespetu handiz oroitzen ditugu gaur ere utzi gaituzten kideak. Gure bidearen parte dira, eta haien oroitzapena gure urrats bakoitzean datza. Claude, Annie, Sylvie, Franz, Robert, Henri, Mizel, Mixel, Louis eta Michel! Milesker bihotzetik!
Bake osorako bidea ez da oraindik amaitu. Baina jadanik ez dago atzera bueltarik. Eta hori da, seguruenik, gure garaipen kolektiborik politena.
Bake Bidea hemen gelditzen da, baina bakearen eta duintasunaren aldeko engaiamenduak aitzina darrai. Gure ekintzetan bizirik segituko du, etorriko diren mobilizazioetan eta gure lurraldearen memorian. Mina esperantza bilakarazten jakin duen lurraldearen memorian.
EKAINAREN 6-eko DEKLARAZIOA
Hemen atxemanen duzue ekainaren 6ko deklarazioa eta honen izenpetzaileak.
Foro honen bideoa fite ikusgai izanen da gure youtube kanalean.
Ondoko hilabeteetan Bake Bidea bere estrukturaren itxieran zentratuko da :
Gure artxiboak ordenatu eta banatu. Dokumentu/liburuxka bat idazten ari gira gure kontakizuna egiteko.
Gure elkartearen disoluzioa, jadanik erabaki dugu gelditzen zaigun dirua IFJD -Fondation Louis Joinet eta Harrerari banatuko diogula.
Hori guzia egingarria izateko Bake Bideak 4 pertsonako talde bati eman dio mandatua: Anaiz Funosas, Garbine Eraso, Mathieu Bolloquy eta Emilie Martini.