
« Murru xuritua, herri isildua ». Lau hitz banderola xuri baten gainean. Gibeletik, 600 pertsona Itsasuko karriketan barna, Txomin Olhagaray militante abertzalearen omenezko horma-irudiaren sustenguz. Zenbait egun lehenago, prefet berriak hautsak harrotu zituen berriki tindatutako mural horren ezabatzea aginduz (bidenabar, memoriaren transmisioa zangopilatuz eta egia itxuraldatuz). Pareta hau berriz xuria bilakatuko da. Hala erabaki du Estatuaren autoritatearen eta batasunaren berme den ordezkariak. Hala izan bedi. Anitz balitzateke errateko prefetaren balentria berri horri buruz. Gaurkoan, eraso hori abiapuntu gisa hartu nahi nuke espazio publikoaren erabilerari buruz zenbait gogoeta partekatzeko.
Eztabaida publikoaren leku
Gaia ez da gaurkoa. Bere askatasunaren alde borrokatzen den herria da gurea. Eta Pasaiatik Baigorrira, Bidarraitik Errekaleorrera, Altsasutik Patxa plazara… errealitate horren ispilu dira gure paretak. Turistek mural horien aitzinean selfieak egiten dituzten bitartean, batzuei jasanezina egiten zaie karriketan barna gure memoria eta aldarrikapenekin topo egitea. Uda betean, Baionako bestetan banderolak eta Palestinako banderak kentzeko agindua horren ilustrazio bat besterik ez da.
Baina gure aldarrikapenak ez dira bakarrik ezabatuak. Azken asteotan, beste batzuk gainezartzen ari zaizkigu eta eskuin muturrak ere paretak bereganatzen ditu azkenaldian. Maleruski, adibideak ez dira falta. Uda huntan, Ainhize- Monjolosen, Lekunberrin, Bidarten edo Leitzan pintada faxistak agertu dira. Eta Irunen edo Baionan paretak aire libreko foro ireki bilakatu dira.
Oroitzen gara Baionan « Poils incarnés » erakusketak jasan behar izan dituen eraso desberdinez (« Tes poils, on s’en fout. Gaza, pas du tout »). Lerro horietara ekarri nahi nuke ere hortik zenbait metrora etxebizitza eskubidearen aldeko mural batean norbaitek idatzitakoa: « Tes cours d’AEK ne font pas de toi un·e basque! » Erasoa deblauki eta bortizki gomitatzen da gure adierazpen espazioetara.
Espazio publikoa gureganatu
Iragarki panelak, pantaila animatuak, saltegietako erakusleihoak, autobus gaineko iragarkiak… publizitatearen bidez kapitalismoa zentimetro karratu libre orotan sartua zaigu. Kolaki, pintada edo desbideratzeen bidez ere, eskuin muturrak gure karrikak eta bide bazterrak bereganatzen ditu. Eta gure hiri gentrifikatuetan, karrikako arte despolitizatuak protesta oro neutralizatzen du, sozialki onartuak diren obrek haserretik sortzen direnak ordezkatuz (« art washing« ).
« Poetikoki ala politikoki, karrikak guregana ditzagun! »
Gure bestak bezala, espazio publikoa ere ez da neutroa! Habanatik Belfastera, Bogotatik Marseillara, Londresetik Valparaisora… beti maitatu dut paretek, zikinontziek, plazetako aulkiek, bide bazterreko zutoinek edo afitxatze taulek kontatzen dutena deszifratzea. Karrika, herri baten larrua da. Bertan azaleratzen dira beste tokietan debekatutako orbainak. Beraz ez, jaun prefeta: tindu zentimetro karratu batzuk ezabatuz, ez duzu herri honen askatasun gosea deuseztatuko. Segituko dugu arrailtzen ari diren muralak berritzen, xuriak diren paretak tindatzen eta garbiegiak diren komunak stickatzen… Baimenik galdetu gabe. Batzuetan haserretik, besteetan umoretik, transgresiotik beti. Poetikoki ala politikoki, karrikak guregana ditzagun!
