Salbuespen egoerari ez

PrintFriendly and PDF
Xabi Larralde
Xabi Larralde
Enseignant en économie, porte parole de Sortu.
D'autres articles

LarrialdiaAzaroaren 13ko atentatuen ondotik gobernuak hartu salbuespeneko neurriak gaitzestekoak dira eskubide zibilen kontrakoak direlako eta iraunkor bilaka daitezen irrisku haundia delako. Aterabidea bestelakoa da.

Pariseko atentatuen aitzinean, lehenik eta behin, bistan denez, gure arbuia eta elkartasuna sentikorrena adierazi behar diegu biktimen senitartekoei. Bihotzak eta sentimenduek manatzen duten lehen adierazpen hori egin ondoan, gertakizun bortitz hauen inguruan buruarekin “arrazionalki” gogoetatzen entseatzen naizenean, bi denbora etortzen zaizkit gogora.

Lehena, urte bateko perspektibarena. 2015eko urtea Charlie Hebdo-ren kontrako erasoarekin hasi genuen. Hor ere, lehen erreakzioa arbuia eta elkartasunarena. Erahilak izan ziren Charlie Hebdoren kolaboratzaileak militante ezkertiarrak izanik gainera, hastapenean bai, “Charlie Hebdo naiz” pentsatu nuen.

Arma saltzaile

Bainan nahiko fite, lema hori baliatuz martxan jarri zituzten mezuak eta ekimenengandik desmarkatu nintzen.

Hasteko, hipokresiarik ez ! Gertakariz josia izan den urte bateko kronikan, datu bakarra mahaigaineratzeagatik, bereziki bat aipa nezake. Pariseko atentatuen bezperetan emaitza  ekonomiko “bikaina” goraipatu dute : Frantzia armen munduko bigarren esportatzailea bilakatu dela aurten.

Klienta hoberenen artean, lehena, Saudi Arabia. Bakarrik aurten, 12 miliar euroko negozio zifra egin du Frantziak herri honekin. Urrian Amnesty Internationalek agiria plazaratu du Saudi Arabiari armen salmentak gelditzeko eskatuz. Erakunde honek argudiatzen duenez, Saudi Arabiak frantses Errepublikak (ustez) sutsuki defenditzen dituen baloreak bortizki zapaltzen ditu, horien artean giza-eskubide oinarrizkoenak. Bestalde, eskuetan dituen armekin, Saudi Arabiak Yemen-en burutzen dituen sarraskiak salatzen ditu Amnesty  Internationalek : azken garaietako bonbardaketek 100 pertsona baino gehiago erahil dituzte, horien erdia, haurrak… Aurtengo armen salmenten bigarren kontratu handiena Qatar herriarekin gauzatu du Frantziak, 24 Rafale salduz maiatzean. Ez naiz nazioarteko gaietan aditua, bainan, nundik dator Daesh ? Nun ditu bere sostenguak ? Galdera horiek itzulikatzen direlarik, etengabe Saudi Arabia eta Qatar-en erreferentziak agertzen dira.

Zentzu horretan, Le Monde-n argitaratu iritzi-artikulu batean bi historialarik (Sophie Bessis eta Mohamed Harbi, “Nous payons les inconséquences de la politique française au Moyen-Orient”, 15.11.17ko edizioan), Daesh-en aurka hartu beharreko bi neurrien artean, lehena Saudi Arabia eta Qatarekin harreman ekonomikoak eta diplomatikoak moztu behar liratekeela azpimarratzen dute.Bigarrena : Palestinaren inguruko Nazio Batuetako ebazpenak errespetatzea.

Salbuespen egoera baten egonkortzeak
askatasun demokratikoei begira
suposatzen duen mehatxua agerikoa da.
Jada, martxan diren neurri “administratiboekin”
poliziak eskuak libre ditu,
nahi dituen miaketak eta atxiloketak egiteko.

Demokraziari mehatxu

Orain, denborazko perspektiba luzeago bat hartzen badugu, oroituko gara AEBko Senatuak dela urte bat, 2001eko irailaren 11eko atentatuaren biharamunean indarrean jarri zen segurtasun politikari buruzko azterketa biziki kritikoa plazaratu zuela. B. Obama-k berak segurtasun neurri horien babespean erabili metodoak (tartean, Guantanamoko zentroa, torturaren erabilpena, etab.) lotsagarriak direla salatu du. Orain, zer dela eta, 15 urte geroago, Frantziak bere “Patriot Act” indarrean jarri nahi duela ? AEBko Senatuaren azterketak erakusten duenez, salbuespen neurriak ez dira deusetan eraginkorrak izan. Aldiz, salbuespen egoera baten egonkortzeak askatasun demokratikoei begira suposatzen duen mehatxua agerikoa da. Jada, martxan diren  neurri “administratiboekin” poliziak eskuak libre ditu, nahi dituen miaketak eta atxiloketak egiteko.

Eskuak libre izatearen sentsazio horrek eragin ditzaken lerratze posibleen lehen seinaleak hor ditugu. Adibide gisa, berriki SCPN-k – komisarioen sindikatu nagusiak – agiri bat karrikaratu du, zeinean, hitzez-hitz, bere mespretxua adierazten dion Syndicat de la Magistrature (ezkerreko sindikatua) delakoari, “terrorista guzien aliatu objektiboa” izatea leporatuz.

Orduan, giro honetan, biktimekiko elkartasuna adierazi bai, bainan hedabideetatik gauzatzen ari den burumuinen garbiketaren aitzinean, herritar bezala eta abertzale gisa, sekulan baino gehiago gure ikuspegi kritikoa atxiki behar dugu, eta oinarrizko eskubide eta askatasunen defentsan tinko, gure ahotsa entzunarazi.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video