
Zuberoako trajeria / pastorala katoliko sortu zen eta luzaz hola iraun du, sainduak ospatuz. Baina XX. mende erditik laikotuz etorri zaigu, inguruko jendartea bera bezala. Haatik Ongiaren eta Gaizkiaren arteko borroka beti bere baitan dakar usaiako hiztegiaren azpian, «Türkak» eta «Kiristiak» kontrajarriz. Hiztegi horrek dagoeneko zentzurik ez du, joana den garai batekoa da, beraz ene ustez denbora hartan uztekoa. Eiki, otoman inperio erraldoiak Europa giristinoa zinez mehatxatzen zuen mendeetan sortu zen. Aldiz inperio hori eroria da duela mende bat, lehen mundu gerla galdu ondoan, aleman eta austriar inperioekin batera.
Halere turkoen aurkako aiherrak iraun zuen bi mundu gerlen artean, zeren gure aitaitak horien aurka borrokan ari izanak ziren, bereziki 1915ean Dardaneletako itsasartean, britainiarrekin uztarturik, huts egin zuten eraso luzean. Haatik bigarren mundu gerlaren ondotik, Turkia ez baitzen hartan sartu, «kiristi» eta «türken» arteko borroka zaharrek ez züten gehiago publikoa berotzen, eta pastorala nekez berpiztu zen. Beharrik Etxahun-Irurik hats berri bat eman zion heroi euskaldunei atea irekiz orduraino bazter utzi zituen antzerti horretan. Geroztik europarren arteko borroka laikoak antzezten ditu, gutiz gehienetan euskaldunon eta gure etsaien artekoak.
Europa oraino giristinoa ote da? Ez zait iduri, eta nahiz europarren apostasia horrek pena ematen didan, uste dut trajeriako hiztegia araberan aldatu behar dugula, gaurko egoerari egokitu.
Bi etsaiak nola deitzen ahal genituzke? «Onak» eta «Gaiztoak»? Moralistegia zait, eta subjektiboa. «Baikorrak» eta «Ezkorrak» deitzea berriz oso abstraktoa.
Hiztegi arbitrario guzia bazter utzirik, goazen beraz errealismo hutsaren bidez, alderdi bakoitzari bistakoa den izena ematera: ate urdinetik urdinez jantzirik jalgitzen direnak «Urdinak» deit genetzake, besteak ordea «Gorriak», araberako ezaugarriekin baitabiltzala. Nik bederen hola eginen dut.
Bide horretarik, logika osoz, «türk andereak» (eta ez «türketak») «andere gorriak» bilaka laitezke, ate bat irekiz aurkarien mezulari eta urgazle jalgi laitezkeen «andere urdinen» taldeari.
Alde horretarantz urrats bat egin genuen 2021eko pastoralean, Ürrüstoi-Larrabilen, «dantzari urdinak» agertu baitziren lehentze «satanen» parean. Kritika daiteke, baina tradizio guziek hastapen bat ukan dute: «satanik» ez zuen luzaz eduki trajeriak, Frantziako Iraultza denboran agertu ziren, beharbada 1796an Ürrüstoin, Prodiga delako antzerkian. Eta iduriz Eliza katolikoak gaizki hartu zituen satan debru horiek…
Abdelkader trajeriako heroi musulmana «Urdinen» buru agertu zitzaigun. Hautua zinez errex eta naturala izan zitzaidan: Abdelkader bere herrian zabilan, hango jendea, fedea eta legea zainduz Frantziako soldadu galtza-gorrien oldarretik. «Türken» artean sartu banu, hüts handia eginen nüen jüstiziaren aurka eta nire kontzientziaren aitzi. Jaun hori ez zen halere «Kiristia». Sinpleki gizon zuzen bat zen, denen anaia, haurridea, senidea, eta hartze zuen tokian jarri dut ene ustez. Ez dut horregatik legerik hautsi: alderantziz legearen funtsa bete dut, tokiz kanpo gelditua zen hiztegi zaharra berrituz. Giristino guziak ez dira Urdinak, ez eta musulman guziak Gorriak, hortik urrun, beraz jende bakoitzari berea zor zaio.
